Albistea entzun

Joseba Zulaika. Antropologoa

«AEBetako armadak gerrak behar ditu bere jarduna justifikatzeko»

Obamak egindako droneen gerra izan du hizpide Zulaikak bere azken liburuan. Pilotuen dramaz eta Washingtonen kontraterrorismoaz mintzo da; elkarrizketan, AEBek galdutako legitimitateaz eta soldadurik gabeko gatazkez ere aritu da.
JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2023ko martxoak 3 - Getaria

AEBetako presidente gisa egin zuen bigarren agintaldia amaitzear zela, 2016an, Barack Obamak esan zuen 2009an hasi eta hurrengo zazpi urteetan 64 eta 166 zibil artean hil zituela armadak, pilotatutako droneekin egindako erasoen bidez: Afganistanen, Pakistanen, Somalian, Yemenen... Aitortza gisa plazaratu zuen. Joseba Zulaikak (Deba, Gipuzkoa, 1948) beste datu bat du. «The Bureau of Investigative Journalism erakundearen arabera, 12.000 eta 18.000 artean izan ziren». Ia 30 urtez, 2019ra arte, Nevadako Unibertsitateko (AEB) Euskal Ikasketen Zentroko irakaslea izan zen, eta, azkeneko hiru hamarkadetan, AEBetako Gobernuaren diskurtso kontraterrorista ere izan du aztergai. Horri buruzko hirugarren liburua da Muerte desde Las Vegas. La Guerra de drones y la resistencia a la fantasia americana (Heriotza Las Vegastik. Droneen gerra eta amerikar fantasiaren kontrako erresistentzia). Revista Hincapie etxeak kaleratu du. Itsasoaz idazten ari da orain Zulaika.

2016an, Las Vegasen (AEB), droneak pilotatzen zituen AEBetako armadako soldadu bati aditu zenion aitortzen, hitzaldi batean, 359 zibilen hilketan parte hartu zuela. Hori entzun eta gero erabaki zenuen liburua idaztea. Zergatik?

Idatzita dauzkat beste bi edo hiru liburu kontraterrorismo amerikarraz, eta kontraterrorismo horren azken kapitulua dira drone militar horiek. Orduan, naturala zen ni horiez idazten hastea. 2002tik zegoen martxan programa hori, George W. Bush [AEBetako] presidente zenetik. Lekukotza horiek entzunik, neuk ere pentsatu nuen lekuko izan behar nuela, eta idaztea erabaki nuen.

Droneen pilotuen lehen drama da, batetik, hilketa horiek egitea. Eta, bestetik, esperientzia hori gizarte amerikarrarentzat ez zela benetan egiazkoa; alegia, gizarteak pentsatzen zuela horiek ez zutela hil zibilik, hil zituzten ia denak terroristak zirela.

Bideojoko batean jolasten arituko balira bezala jokatzen dute droneak pilotatzen dituztenek.

Alde batetik, ematen du zenbat eta urrutirago gertatu, orduan eta gutxiago bizi behar duzula zure biktimen drama. Baina zera gertatzen da: drone hauek begi baten modukoak dira zeruan, eta orduak, egunak, asteak igarotzen dituzte biktimei jarraitzen. Beraz, gehiegi ikusi ondoren, konturatzen dira jende arrunta hiltzen ari direla.

Ia-ia ezagutu ere egiten dituzte.

Orduan, beren fantasia hori —helburu denak, hil beharrekoak, terroristak direla— erori egiten zaie, eta, bat-batean, besterik gabe hiltzaileak sentitzen dira, eta beren burua gerra kriminal gisa definitzen dute.

Droneekin egindako erasoetarako Signature Strike metodoa erabili zuten AEBek Obamaren garaian. Metodo horren arabera, itxuragatik, bizimoldeagatik, hau da, asoziazio hutsagatik hil behar dira pertsonak.

Terrorista gisa kategorizatzeko definizio bat zen Signature Strike delakoa. Leku handiak zedarritzen zituzten, Pakistanen, Afganistanen, eta toki horietan zeuden 16 eta 60 urte arteko gizonak, potentzialki, eta definizioz, denak ziren terroristak. Orduan, zuk gizon horiek hiltzen dituzu, eta terroristak hiltzen ari zara, nahiz eta horien izenak ere ez dakizkizun. Horrela esplikatzen da Ipar Amerikako jendarteak uste izatea hamarretik bederatzi direla terroristak, eta bat, agian, zibila; baina, ikertu dudanagatik, nire ondorio zalantzarik gabekoa da alderantziz dela.

Baina buruzagi militarrek bazekiten hori, eta, halere...

Buruzagi militarrek gerra mentalitatea dute. Haientzat, 2001eko irailaren 11ko traumaren ondoren terrorismoaren aurkako delako gerra horretan hartu zen ehiztari mentalitatea zen kontraterrorismoa, funtsean. Orduan, mentalitate horrekin dena justifikatzen zen. Azkenean, Ipar Amerikako armada izugarrizko makina industrial bat da, eta, bere martxa justifikatzeko, gerrak behar ditu.

Nazioarteko zuzenbidearen arabera, borrokan ari ez diren zibilei eraso egitea giza hilketa bidegabea da, eta gerra krimen bat izan daiteke. Badago modurik eraso haiek zigortzeko eta aurrekari bat ezartzeko?

Hori Afrikako buruzagiei baino ez zaie gertatzen, edo Jugoslaviakoei; horientzat da Nazioarteko Zigor Auzitegia. AEBak hori sortzeko hitzarmenetik atera ziren [2002an]; zerbaitegatik ez zuten sinatu: beldur ziren hau etor zitekeela. Beste dozena erdi bat estatuk ere ez zuten sinatu nahi izan.

Gaur egun esaten da [Vladimir, Errusiako presidentea] Putin gerra krimenak egiten ari dela... Terrorismoaren aurkako gerra honek AEBei egin dien kalteetako bat izan da legitimitate morala kendu diela; adibidez, Putinen kontra, haren krimenak epaitu daitezen eskatzean. Hain zuzen, AEBek terrorismoaren aurkako gerra honetan egin zituzten gerra burugabe horiek gezurren eta premisa faltsuen gainean hasi ziren; bide batez, denak galdu zituen. Horrek ahuldu egin zuen AEBen posizioa.

Gerrarako droneen erabilerari dagokionez, zeintzuk izan daitezke, oro har, hurrengo pausoak?

Ukrainan droneak erabiltzen ari dira. Baina erabilpena nahiko desberdina da Las Vegaskoen [AEB] erabilpenarekin alderatuta. Las Vegas-koak [militarrek handik pilotatzen dituzte] inolako simetriarik gabeak dira; hau da, soldaduak badaki inork ez diola halakorik itzuliko Afganistandik. Baina, oraingo kasuan, bi aldeak ari dira droneak erabiltzen; adibidez, tanke bat bezala, arma bat gehiago balira bezala; horiek askoz ere txikiagoak dira, merkeagoak, eta ez hain hilgarriak.

Baina, aurrera begira, gerraren robotizazioa dator. Irakurri nuen Ingalaterrako armadak, adibidez, espero duela 2050erako droneak izatea armadaren %90. Hori da etorkizuna, orain Ukrainan ikusten ari den bezala.

Soldadurik ez baldin badago, ez dago traumarik?

Hain zuzen, hori da robotaren engainua; alegia, uste izatea ez duzula zuk hiltzen, makina batek baizik, eta, beraz, ez zarela hilketa horien erantzulea. Baina, jakina, hori engainu bat da, zuk programatzen dituzulako robot horiek. Konturatuko zara zibilak-eta hiltzen ari zarela. Horrantz doa teknologia militarra.

Argitaratu dituzun beste lan batzuetan ere, AEBen diskurtso kontraterrorista izan duzu hizpide. Zein garapen izan du diskurtso horrek?

1989tik 1993ra ez zen ekintza terroristarik egon AEBetan, baina 1.500 liburu argitaratu ziren terrorismoaz. Zer-nolako industria diskurtsiboa... Baina [2001eko] Irailaren 11koak eman zion benetako errealismoa diskurtso horri. Liburu bat idatzita daukat, zeinean terrorismoa autoprofeziatzat hartzen dudan. Hor azaltzen dut nola, egin zituen gauzengatik eta egin ez zituenengatik, hori berori [2001eko irailaren 11ko gertaerak] gerta zedin lagundu zuen, parte handi batean, kontraterrorismo amerikarrak. Noski, horren ondoren etorri zen terrorismoaren aurkako gerra hau: Irakekoa, Afganistangoa, Siriakoa neurri batean, gero sortu zen Estatu Islamikoa... Nolabait, milioitik gora hildako horren ondorengo gainerreakzio moduan etorri ziren. Uste dut terrorismoaren aurkako diskurtso horrek gero eta zentzu gutxiago duela, eta orain badirudi, berriro, Gerra Hotzeko blokeen enfrentamendura goazela, eta hori bai, hori benetako arrisku bat da.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Laura Borras Kataluniako Parlamentuko presidente ohi eta JxCko burua, azken udal hauteskundeetako kanpaina batean. ©Quique Garcia, EFE

Borrasek diputatu akta galdu du, eta Kataluniako parlamentuak presidente berria hautatuko du

Gorka Berasategi Otamendi

Ganberak osoko bilkura deitu du ekainaren 9rako, parlamentuko presidente ohiaren ordezkoa aukeratzeko.

 ©CENTRE DELAS

«Ez dute nahi Errusia politikoki kaos bat izatea»

Igor Susaeta

Iruditzen zaio AEBen nahia ez dela Moskuk militarki galtzea, baizik eta hura higatzea. Ohartarazi du gastu militarra handitzea gerrarako dei bat dela, eta NATOk horretarako prestatzea lehenesten duela.
Pertsona batzuk gaur Kieven, Errusiaren erasoaren ondorioz hildako zibiletako baten gorpuaren inguruan ©EFE

Hiru zibil hil dira Kieven, Errusiaren bonbardaketa baten ondorioz

Igor Susaeta

Aireko defentsa sistema gehiago eskatu dizkio Zelenskik Mendebaldeari. Moskuren arabera, Kiev Errusiako Belgorod eskualdeari eraso egiten ari da.

Hainbat pertsona AEBak eta Mexiko banatzen ditun hesiaren ondoan, zain. / ©Etienne Laurent, EFE

Virginiako gobernadoreak militarrak bidali ditu Mexikoko mugara

Arantxa Elizegi Egilegor

Texasko Gobernuak eskatu die buruzagi errepublikanoei bidal ditzatela guardia nazionalak AEBetako hegoaldeko mugara.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...