Noiz sortua: 2020-03-31 00:30:00

Jokin Altuna. Aspeko pilotaria

«Konturatu behar dugu zer den inportantea eta zer ez»

Jokin Altunak «hala moduz» darama konfinamendua, baina ez du kexatu nahi. «Askoz okerrago dago makina bat jende. Gu pribilegiatuak gara». Azaldu duenez, enpresak ez dio oraingoz bere asmoen berri eman.
JESUS DIGES / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Julen Etxeberria -

2020ko martxoak 31

Jokin Altuna (Amezketa, Gipuzkoa, 1996) gurasoekin bizi da, jaioterrian. Ohituta dago egun osoan sartu eta irten aritzen, baina koronabirusak hankaz gora jarri du haren egunerokoa. Ia hilabete darama partidarik jokatu gabe, eta bi aste pasatxo etxetik irten gabe. Etxe azpiko garajea atondu du «nola edo hala» entrenatzeko. «Handitxoa da, baina oso txiki geratzen zait pilotan aritzeko. Ezin duzu imajinatu zer gogo ditudan pilotari zartako galant bat emateko».

Nola ari zara bizitzen koronabirusak eragindako egoera?

Ezustean harrapatu gaitu. Inortxok ere ez zuen espero halakorik. Hasieran, urrutiko kontua zirudien, Txinakoa, baina Espainia aldean, Madrilen, positibo batzuk azaltzen hasi zirenean, jabetzen hasi ginen hau gauza oso serioa zela. Eta hala izan da azkenean. Egoera oso kezkagarria da: jende pila bat ari da kutsatzen, eta hiltzen. Hasieran, gainera, esan zuten edadetuei bakarrik eragingo ziela gaitzak, baina dagoeneko ikusi da gazteok ere arriskuan gaudela. Horregatik, agindu digutena fin betetzea da gure eginbeharra.

Ezagutzen al duzu inguruan gaixorik dagoen norbait?

Oraingoz, ez. Ez da halakorik entzun herrian, baina horrek ez du esan nahi ez dagoenik. Agian, ez daki gaixorik dagoenik, edo, jakinda ere, ez du esan nahi. Nik oso argi dut gaixorik nagoela jakingo banu, segituan esango nukeela, inguruko guztiek horren berri izan dezaten eta beharrezko neurriak har ditzaten. Zorionez, beste toki batzuekin alderatuta, hemen ez dira horrenbeste kasu egon. Ea hala izaten jarraitzen duen.

Hainbat tokitan herritarren zaintza sareak jarri dira martxan. Halakorik egin al da Amezketan?

Udalak jendeari laguntzeko bide batzuk ireki ditu. Gainera, zorionez, edadetuek gertu dituzte seme-alabak, eta lagun diezaiekete. Herri txikia da Amezketa, eta, oraingoz, ez da arazorik egon.

Halako egoerek ikasteko balio izan ohi dute. Ados zaude?

Erabat. Honek mugarri bat ezarriko du gure bizimoduan. Konturatu behar dugu benetan zer den inportantea eta ezer ez. Janaria izatea da garrantzitsuena, eta guk, zorionez, hori badugu. Pribilegiatuak gara. Oso ondo bizi gara. Hau guztia pasatakoan bakoitzak ikusi beharko du nola jokatuko duen, baina, nire iritziz, ez litzateke komenigarria izango bat-batean denak kalera irtetea eta jendetza biltzen hastea. Pixkanaka-pixkanaka bueltatu beharko da. Argi dut: honek ondorioak izango ditu denbora luzean, eta arlo guztietan.

Zuen kasuan, Aspek eta Baikok enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea aurkeztu dutela zabaldu da. Zuek zer dakizue horretaz?

Guri enpresak oraingoz ez digu halakorik jakinarazi. Enpresarentzat ez da egoera batere samurra, inoiz ez baitzaio pasatu halako ezer. Eta okerrena da inork ez dakiela noiz arte luzatuko den egoera hau. Saiatu behar dugu elkar ulertzen eta laguntzen. Hau ez da gertatu norbaitek gaizki jokatu duelako. Inork behartu ez duen egoera bat etorri zaigu gainera.

Lasai ala kezkatuta, nola zaude?

Lasai nago, argi baitaukat egoera hau ez dugula ez pilotariok, ez enpresak eragin. Denon artean konpondu behar dugu. Egoerak pilotari ahal den kalte gutxien egitea da lehentasuna, eta, horretarako, denok jarri behar dugu gure partetik.

Bitartean, etxean entrenatu beste aukerarik ez duzue. Nola daramazu?

Hala moduz. Gogorra da ezin izatea etxetik atera. Ni ohituta nago egun osoan sartu-irten aritzen: entrenatzeko, partida jokatzeko, mendian bueltaxka bat emateko, lagunekin egoteko... Eta, orain, ezin dut halako ezertxo ere egin, eta noski, kosta egiten da eramaten.

Nola da zure egun bat orain?

Ohi baino beranduago altxatzen naiz, 09:30ean. Gosaldu, eta prestatzaile fisikoak agindutako ariketak egiten ditut, ordu eta hiru ordu laurden inguruan. Batetik, ariketa fisikoak egiten ditut, eta, bestetik, eskukoak. Egunero lan ezberdina dugu, apropos, monotonoa izan ez dadin, eta eramaten errazagoa izan dadin. Eguneko lehen entrenamendua egin ondoren, bazkaldu egiten dut, eta, segidan, lo kuluxka bat botatzen dut. Jarraian, berriro egiten dut lan pixka bat. Nahiago dut egin beharreko ariketak bi txandatan egin. Hori bukatutakoan, dutxatu egiten naiz, eta jada gutxi falta zait afaltzeko. Afaldu, etxekoekin solasaldi txiki bat izan, telebista pixka bat ikusi, eta oheratu egiten naiz. Halaxe pasatzen dut eguna.

Non entrenatzen zara?

Zorionez, etxe azpian garaje bat dugu. Handitxoa da, eta, beraz, badut aukera ariketa fisikoak txukun egiteko. Ez dut inolako arazorik esprintak, serieak eta indar eta koordinazio ariketak egiteko. Ezin naiz kexatu.

Eskuak, ordea, ezin dituzu batere egin. Hori da arazorik handiena, ezta?

Bai, noski. Ohituta nago bizpahiru egunean behin frontoira joaten, pilotan aritzeko, eta, orain, ezin dut halakorik egin. Saiatzen naiz egunero eskuak egiten hogei minutuz, takorik jarri gabe, baina ez da gauza bera, eta eskuak pixka bat beheratzen ari zaizkit. Gainera, eskuetatik justu amaitu nuen Binakako Txapelketa, eta, masajeak hartu ditudan arren, kostatzen ari zait eskuei ondo eustea. Frontoira joan eta han aritzea da eskuak egiteko modurik onena, baina orain ezinezkoa da hori .

Pilota jotzeko irrikan egongo zara…

Bai, garajea handitxoa izanagatik ere, altuera txikia baitu. Frontoi batean bitik bira ariko banintz bezala ari naiz. Sekulako gogoa dut pilotari zartako galant bat emateko. Baina pentsatzen dut pilotari guztiok gaudela antzeko egoeran. Ziur naiz itzultzen garenean denok sumatuko dugula denbora luzean pilotan aritu ez izana.

Zuk bihar hilabete egingo duzu partidarik jokatu gabe. Unai Lasoren eta Jon Ander Albisuren aurka galdu zenuten Binakako Txapelketako atarikoa izan zen azkenekoa. Pasatu den denbora aprobetxatu duzu binakakoaren balorazio bat egiteko?

Bai. Txapelketa guztiak amaitutakoan hausnartzen dut egindakoaz: zer egin dudan gaizki, zer egin dudan ondo, zertan hobetu dezakedan...

Eta? Zer balorazio egin duzu?

Bada, ezinezkoa dela binakako txapelketak irauten duen hamalau asteetan sasoi betean egotea, eta guk txispa galdu genuela azkeneko bi asteetan, eta ordaindu egin genuela. Pena izan zen, baina Ladis [Galarza] eta biok oso harro egon behar dugu egin genuen lanaz. Hala ere, nik uste dut binakakoaren balorazioak bestelakoa izan behar duela. Ez da kexa bat, ezta kritika bat ere, baina aurten sistema aldatu egin dute. Aurreko ekitaldietako sistema erabili izan balitz, gu finalerdietako ligaxkarako sailkatuta geundeke lehen ligaxka amaitzeko hiru jardunaldi falta zirela. Aurreko ekitaldietan erregulartasuna zen garrantzitsuena, eta bikoterik erregularrenak ailegatzen ziren azkeneko txanpara. Oraingoan, berriz, ez da horrela izango. Ez du sarituko erregulartasuna.

Zer sarituko du?

Momentu oso zehatzetan ondoen aritzea. Gerta liteke bikote bat nola edo hala iristea atariko kanporaketara eta, jarraian bi partida on eginda, goian amaitzea. Hori ondo atera ahal zaizu urteren batean, baina binakakoak erregulartasuna saritu izan du beti, eta aurten ez da hala izango.

Konforme zaude egin zenuen lanarekin?

Oso pozik nago egin nuen txapelketarekin. Pena izan zen azken txanpara sasoiz eta txispaz justu iritsi izana, baina, nire ustez, egin ditudan binakako onenetako bat izan da. Bai nik, bai Ladisek asko jokatu dugu, eta 11. jardunaldian jada zazpi garaipen generamatzan. Horrek agerian uzten du zein txapelketa ona egin genuen. Lan horrek ez du azkenean saririk izan, baina ziur naiz egin dugun lana beste urteren batean eginez gero, oso goian ibiliko garela.

Zuk ez zenuen izan gorabehera handirik. Ladis Galarza, berriz, gorabeheratsuago aritu zen. Nola ikusi duzu?

Hamalau partida dira aurreneko ligaxkan, era guztietakoak. Ladisek txapelketa ona egin zuen. Ni bezala, ez da fin ibili azkeneko txanpan, baina ordu arte oso norgehiagoka onak egin zituen. Jotzaile handien aurka aritu gara, eta oso ondo eutsi die. Baina berriro diot: balorazioak hotzean egin behar dira, eta gauza guztiak kontuan hartuta. Aurreko binakakoetan, lehen lau sailkatuak finalerdietarako sailkatzen ziren, eta bazegoen aukera sailkapenaren arabera indarrak banatzeko eta partidaren bat ez jokatzeko. Azken binakako honetan, ordea, atariko kanporaketa jokatu beharrak tentsioa eta ezinegona luzatzen zuen. Azken finean, txapelketa oso ona egin duenarentzat faena handia da kanporaketa jokatu behar izatea; aldiz, behetik gora egin duen bikoteari mesede egiten dio; txapelketa oso ona egin duenak dauka presio guztia, ez behetik gora egin duenak, bera jada egon baita behean.

Halaxe gertatu da. Lehen ligaxka bukatutakoan bosgarren eta seigarren ziren bikoteak sailkatu dira finalerdietako ligaxkarako, hirugarren eta laugarren zirenen kaltetan. Ez da kasualitatea, beraz?

Ez, noski. Oraingoan, haiei egin die mesede sistema aldatu izanak. Horrekin ez dut inondik inora esan nahi merezita sailkatu ez direnik; merezita daude finalerdietan. Baina berriro diot: aurreko binakakoetan erregulartasuna izan da garrantzitsuena, eta oraingoan, ez. Enpresen Ligak erabaki zuen sistema aldatzea, eta berak baloratu beharko du berriro egin edo ez.

Argi geratu da zuri iritzia eskatuz gero, sistema horri eustearen aurka egongo zarela, ezta?

Bai, eta ni naiz lehena aitortzen duena bikote indartsuak egongo zirela ikusita nik ere pentsatu nuela lehen lau sailkatuen artean egon ezean atariko bat egoteak aukera eman ziezagukeela finalerdietan sartzeko. Antzekoa pasatu ohi da materialarekin. Gerta dakizuke aurkarien pilotak ez gustatzea baina momentu jakin batean pentsatzea ondo etor dakizkizukeela.

Binakakoa amaituta, banakakoak etorri beharko luke...

Ustez, bai, baina inork ez daki egoera hau noiz arte luzatuko den. Gure eginbeharra entrenatzea da, sasoiari nola edo hala eusteko. Gustatuko litzaiguke txapelketa guztiak jokatzea, baita udako torneoak ere. Baina, horretarako, egutegia aldatu beharko da. Ikusiko dugu. Ea dena bere onera itzultzen den.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Maiatzaren 29an eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan bost pertsona hil dira COVID-19 gaitzaren eraginez, hamabi positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta hiru gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.287 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Iñigo Urkullu eta Nekane Murga, goizeko bileran. ©/ Irekia

Ekainaren 8an hirugarren fasera igarotzeko eskatuko du bihar Jaurlaritzak

Jon O. Urain

Nafarroako Gobernuak «oso balorazio positiboa» egin du erkidegoek konfinamendua leuntzeko hirugarren fasea kudeatzeko aukeraz.

Aitor Esteban eta Salvador Illa, Kongresuan. / ©Ballesteros, EFE

Erkidegoek kudeatuko dute hirugarren fasea

Jon Ordoñez Garmendia

Alarma egoera luzatzeko akordioa egin dute Espainiako Gobernuak eta EAJk, eta horren truke Urkulluk eta Txibitek hartu, kendu, moldatu eta ezarriko dituzte alarma egoeratik ateratzeko neurriak hirugarren fasean Hego Euskal Herrian. ERCrekin ere egin du akordioa Madrilek. Jaurlaritzak bihar eskatuko du ekainaren 8an hirugarren fasean sartzea.

 ©BERRIA

Kulturgintza: eutsi ala hautsi

Iñigo Astiz

Koronabirusaren hedapenak ziurgabetasun handia eragin du aurrez ere prekaritateak gogor jotako sektore batean: kulturgintzan. Sorkuntza ere krisi honi aurre egiteko moduan dagoen jakiteko, lau sortzaile elkarteren zuzendaritzako kideak bildu ditu BERRIAk: Eneritz Artetxe (Ehaze), Garbiñe Ubeda (Euskal Idazleen Elkartea), Aitor Bengoetxea (Musika Bulegoa) eta Igor Elortza (Euskal Herriko Bertsozale Elkartea).

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna