urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Petraren artikulua

2020ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Duela bi urteko Euskaraldiaren aldean, etxean denbora gehiago eman behar dugun honetan belarribizi izan beharra azpimarratu nuen duela astebete. Orduan, esaterako, Euskal Herri zabalean diren zinemaldiek sistematikoki euskara baztertzen zuten. Handik urtebetera, baina,Mendi Film Festival-en euskara/espainiera azpidatzi bikoitzei ekin zieten —ez film guztietan, baina bai askotan— ; aurten, Zinebik ere berdin egin du.

2018an, Fael Gayeren Ene Herri Txikia eta Margaret Atwood-en Neskamearen ipuina ez zeuden euskaraz. Orain bai. Fargo euskarazko azpidatziekin emititzen du Movistarrek. Euskal Encodings-en eta Azpitituluak.eus-en azaroko uzta bakarrik begiratu, eta ikusiko duzue zein neurritan ahaldundu gaitezkeen gure hizkuntzan, espainieraz edo frantsesez ez bageneki bezala.

Duela bi urtetik gauza gehiago aldatu dira munduan: Donald Trump azkenetan da, Erresuma Batua EBn dago honezkero, Etiopian gerra itzela piztu da asteotan eta, kontinentearen beste muturrean, milaka lagun joan dira kosta parean dituzten Kanaria uharteetara —ez dira «Europara etorri», mapan begiratu eurozentrismoa gainditzeko eta migrazioa Afrikan gertatzen dela ohartzeko—.

Duela urte bi ere baziren migratzaileak eta iheslariak, eta errealitate horren aurrean mobilizatzen ziren herritarrak, elkarteak zein erakundeak. Haren ondorio da Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen Miñan liburu izugarria. Baita Oñatiko Larraña etxea ere, Eusko Jaurlaritzak prestatu, CEAR erakundeak kudeatu eta oñatiar askoren elkartasunez ere badabilena.

Hemendik aurrerakoa, Petra Elserrek duela bi urte BERRIAren orriotan zioena gogorarazteko utziko dut. Europako gizarteetan hizkuntza ugari hitz egiten direla baina hizkuntza komun bat egon ohi zela zioen: «hau da, bizitza publikoaren edo bizitza sozialaren hizkuntza, bere bizitza pribatuan beste hizkuntza bat dutelako: arabiera, gaztelania, ingelesa, nepalera... [...] Gaur egun, hizkuntza komuna gaztelania da. Gehienei, euskaltzaleei edo euskaldun kontzienteei ere bai, guztiz normala iruditzen zaie etorkinek lehenengo hizkuntza gisa gaztelania ikastea; are gehiago, euskaldunek parte hartzen dute etorkinek gaztelania lehen hizkuntza gisa ikasteko egitasmoetan, eta antolatu ere antolatzen dituzte. Horren atzean ideia edo jarrera batzuk daude: 'Gizajoek nahikoa dute gaztelaniarekin; seme-alabek ikasiko dute; nola eskatu beraiei euskara, guk hitz egiten ez dugun bitartean...'».

Kanarietako tragediara begira, Eusko Jaurlaritzak 60 migratzaile hartzeko proposamena egin du, Oñatin bertan, Tolosan eta Berrizen. Udalerri horietako erdaldun kopurua (Eustat, 2016) %13, %18 eta %25ekoa da, hurrenez hurren. Hau da, lau biztanletik hiru gutxienez euskaldunak edo ia-euskaldunak dira. Ez espainolez ez euskaraz ez dakiten 60 pertsonak herria zertxobait gehiago erdaldundu dezakete, edo nabarmen euskalduntzeko akuilu izan daitezke.

Itsasoan itotzear egotetik salbatu berri denaz horrelako kalkulurik egitea bihozgabea dela argudiatu daiteke. Baina gogoan izan migratzaileekin lan egiten duten guztiek esaten dutena: inor herrialde batera iristen denean, lehen aste eta hileetan egin behar duena bertako hizkuntza ikastea da. Alemanian alemana, norvegian norvegiera, eta Oñatin? «Migratzaileak irekiak daude kultura eta hizkuntza berri bat ezagutzeko, horiek aukerak eskaintzen badizkiote eta beren kultura eta hizkuntza propioa ere baloratzen bada. Migratzaileak aukera bat dira euskal komunitatearentzat, hiztun berriak eta munduko kultur aniztasunak euskaraz bizitzeko, hizkuntza eta kultura guztiak etengabeko bilakaera batean. Ziur aski, pertsona helduen artean etorkinak dira orain bertan Euskal Herrian euskara ikasteko prestasun handiena daukatenak», zioskun Petra Elserrek.

Sarritan aipatzen dut Oslon erbesteratutako lagun kurduak ziostana; «nik unibertsitateko masterra ingelesez egingo nukeen, baina kurduerak baino bost aldiz hiztun gutxiagoko hizkuntza txiki honetan bizi behar dut, hemendik kanpo beste inorako balio ez didan hizkuntza txiki honetan». Norvegiera edo islandiera euskara baino «baliagarriagoak» ote dira? Bada, baietz onartu beharko dugu, baina geuk eman eta kentzen diogun balioagatik, neurri handi batean. «Euskaldun komunitateak, euskalgintzak eta euskal klase politikoak serio hartu behar dute migrazioaren arloa hizkuntza politikan, beste edozein arlo bezala. Ondorioz, etorkinen integrazio-ibilbide linguistikoak lagunduta egon behar du», hau da, helduen hezkuntzatik lanpostua lortu eta handik aurrera ere. «Hizkuntza ikastea ez da bukatzen norberak lanpostu bat aurkitu duenean, [...] laguntza jarraitu egin behar da, pertsona batek horren beharra duen bitartean —lanpostuan, familian (seme-alabentzako eskolako laguntza, adibidez) edo bizitza sozialean, aisialdian etorkinen parte-hartzea bereziki zainduz eta oztopo linguistikoak kontzienteki kenduz—. Horrelako politikak Europako hainbat hizkuntza komunitatetan existitzen dira, Islandian adibidez. Komunitate txikiek aukera gehiago eskaintzen dizkigute politika egokiak sortzeko. Horretarako, bisio estrategikoa, ausardia eta baliabideak behar ditugu. Eta guk sinestea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.