jakes goikoetxea
Zientzia. ANALISIA

Urte beltza, urte opakua

2021eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Urtea beteko da laster gure inguruko agintariak Txinatik zetorren birus ezezagun batengatik kezkatzen hasi zirenetik. Urtea epe luzea da berez, eta luzeagoa egin dute koronabirusaren ondorioek eta haren kontrako neurriek. Urte finlandiar bat izan da.

Koronabirus gehiago ezagutzen ziren, baina SARS-CoV-2 koronabirusa berria zen guztientzat. Koronabirus berria, zabalkunde berria, larritasun berria, egoera berria, ezjakintasun berria... Munduko agintari guztiak harrapatu zituen ezustean, eta nola edo hala aritu dira izurriteari aurre egiten.

Urtebeteko ikuspegiarekin, azterketa eta irakurketa asko egin daitezke izurritea kudeatzea egokitu zaienek erabakitakoez, esandakoez, erabakitzeko eta esateko moduez... Baina, neurriak alde batera utzita, urtebete atzera eginez gero, bada aldatu ez den jokabide bat: gardentasun falta. Ez zegoen gardentasunik orduan, eta ez dago gardentasunik orain. Erakundeen tamainan eta eskuduntza kopuruan zenbat eta gorago egin, orduan eta gardentasun gutxiago. Horrekin lotuta, komunikazioa izan da —eta sartu pedagogia komunikazioaren barruan— Euskal Herriko agintariek kale egin duten arlo nagusietakoa.

Urtebete pasatu eta gero, herritarrek ez al dute merezi informazio gehiago eta zuzenagoa? Ez dira nahikoa egunez eguneko zenbaketak, ez dira nahikoa buletin epidemiologikoak, ez dira nahikoa batzordeen bilerak, ez eta bileren osteko prentsaurrekoak...

Jakina da nortzuk hartzen dituzten erabakiak, baina zertan oinarrituta? Zer beste aukera baztertuta? Zer lortzeko? Zer arrisku edo kalte onartuta? Nork aholkatuta? Hori ez dute esaten, eta esan beharko lukete. Egoera arruntetan ere ohitura izan beharko luke. Halako larrialdi egoera batean, betebeharra. Ez da nahikoa batzorde tekniko bat bildu aurretik gero etorriko den erabakia aurreratzea —herritarren belarriak eta aldarteak prestatzeko— eta politikarien batzordearen bilera eta gero erabakia jakinaraztea. Ez da nahikoa egoera larria dela etengabe esatea. Ez da nahikoa aurpegi serioarekin eta dekretu hizkerarekin erabakiak jakinaraztea.

Egin al dute ahaleginik izurritearen kudeaketari buruzko iritzi gehiago jasotzeko? Ohiko ahotsez gain, beste batzuk ere entzuteko eta aintzat hartzeko? Irakurtzen al dituzte, esaterako, BERRIAn Ana Galarragak, Miren Basarasek, Ane Pescadorrek, Ugo Mayorrek, Gorka Oribek, Felix Zubiak, Jonathan Carok, Gurutze Ezkurdiak... eta beste hainbatek idatzitakoak? Irakurri al dituzte, besteak beste, Amaia Bacigaluperi, Juan Ignacio Perez Iglesiasi... egindako elkarrizketak?

Urtebete epe luzea da, eta gauzak asko aldatu dira. Bidean presaka ikasi behar izan da: koronabirusez, mikrobiologiaz, epidemiologiaz, gizartearen josturez, giza portaerez, txertoez... Sarritan presaka erabaki behar izan da. Hala ere, horrek ez du dena zuritzen; ez du opakutasuna eta isiltasuna arau bihurtzea baimentzen. Ez legoke gaizki urtebetean politikaz, gardentasunaz eta komunikazioaz ere ikastea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.