Kutxabank. Mario Fernandez fiskalaren aurrean

Arraiz: «Ate birakarien tramaz baliatzen den klase bat badela erakusten da»

Borja Senperrek EAJ eta PSE jomugan jarri ditu, baina Fernandezek dio EAEko PPko buru batek eskatu ziola Cabiecesentzat lanpostu bat

gurutze izagirre intxauspe
2015eko otsailaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ate birakarien trama Euskal Herrian ere bazela susmatzen zen, Hasier Arraiz Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan. Baina Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohiak «inolako lotsarik gabe»auzitegian bertan hori agerian uztea, eta, gainera, damurik ez agertzea «eskandalagarria eta arbuiagarria» iruditzen zaio Arraizi. Ate birakarien tramaz baliatzen den klase politiko bat badela agerian uzten du Fernandezek, Arraizek atzo esan zuenez: «Honek erakusten du badela Euskal Herrian klase politiko bat horrela funtzionatzen ohitu dena urte askoan». Sortuko buruak azalpenak eskatu zituen. Uste du gizarteak jakin behar duela EAJk, PPk eta PSEk «idatzi gabeko» zein akordio dituzten.

Fernandez eta Cabieces Bilbon auzitegira deklaratzera joan ziren unean egin zuten elkarretaratzea atarian. Maribi Ugarteburu EH Bilduko legebiltzarkideak eta Bizkaiko Sortuko buruak hartu zuten hitza han. «Auzi honi kiratsa dario», esan zuen Arraizek, eta argibideak eskatu zituen, «galdera asko» airean dituen auzia delako. EAJri eta PSEri mintzatu zitzaien, eta galdetu zien ea prest dauden ikerketa batzorde bat irekitzeko Eusko Legebiltzarrean:«Hori egin ezean, garbi geratuko da banku fundazioak sortzea eta pribatizazioaren bideak helburu bakarra duela: kontrol publikoa desagertzea eta EAJ-PSEren arteko akordio ustelak ezkutatzea».

«Fernandezek justifikaezina justifikatu nahi du», Txomin Lorca LABeko kidearen iritziz. «Ihes egiteko argumentuak dira, eta ate birakariarenak nola funtzionatzen duen erakusten du. PSE konprometitzen da Kutxabanken pribatizazioa babestera, eta trukean halako mesedeak jasotzen ditu». Mario Fernandezen azalpenen ondotik ikusten da, Lorcaren ustez, hau ez dela Fernandezi berari eta Mikel Cabiecesi soilik dagokien gaia: «Sistema oso baten parte dira. Kasu honetan, kutxak desagertu eta Kutxabanken pribatizazioa laguntzeko».

PPren esku hartzea

Borja Senper Gipuzkoako PPko presidenteak «gardentasuna eta argitasuna» eskatu zituen auzi honetan, eta esan zuen iruditzen zaiola EAJren eta PSEren arteko esku-hartzea zegoela Kutxabanken; «hori pentsatzeko zantzu argiak daude», esan zuen goizean PPko kideak. Mario Fernandezek Fiskaltzari esandakoen laburpenean, baina, EAEko PPko goi kargu baten deia jaso zuela esaten du. «2012. urte hasieran Euskadiko PPko buru batek deitu zidan jakinarazteko ohikoa zela —gobernu guztiek errespetatzen zuten estatu politika gisa— Barne Sailera edo borroka antiterroristari lotutako pertsonek, gobernuak Euskadin zuen ordezkaria kasurako, lan irteeraren baterako aukera ematea». Iñaki Anasagasti EAJren senatariak Info7 irratian gehiago esan zuen: Fernandezi deitu zion PPko goi kargudun hori Antonio Basagoiti izan zela, EAEko PPko idazkari nagusi ohia. Baina Senperrek EAJ eta PSE jarri zituen jopuntuan: «Itxura guztien arabera, EAJren eta PSEren arteko kontu partikularrak garbitzeko baliatzen dute kutxa». Senperrek esan zuenez, ez dute onartuko «hemen ezer pasatu ez balitz bezala geratzea auzia».

Miguel Angel Lujua Confebask-eko buruak harriduraz hartu du auzia. Uste du Kutxabanken irudiari kalte egingo diola. Fernandezi buruz, berriz, errugabetasunerako eskubidea gordetzeko eskatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.