Koronabirusa. PENTSALDIAN

Oniomania, erosketen sareetan

Herritar batzuk erosketak egiten, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Maite Elizondo.
2021eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Oniomania, erosketa konpultsiboak egitera bultzatzen gaituen nahasmendu psikologikoa da. Animoan gorabeherak dituzten pertsonek sindrome hau garatzeko aukera gehiago izan ditzakete.

Antsietatea, nekea eta suminkortasuna dira, besteak beste, pandemia garai honetan entzuten ditugun sentsazioak. Gaizkiegon psikologikoa edozein adikzio garatzeko predisposizio faktoreetako bat izan daiteke, baita kanpotik jasotako estimulu bat behin eta berriz jasotzea ere. Erosi, erosi orain, aukera ezin hobea da zuretzat, erosi lehenbailehen, ez galdu azken aukera paregabe hau… erosi, erosi, erosi….

Edozein produktu saltzeko iragarkietan erabiltzen duten karga emozionala handia izan ohi da eta insistentzia izugarria. Gabonak ate joka dauden honetan kontsumitzera bultzatzen gaituzten estimuluak pil-pilean daude eta emozioak polarizatuak (batzuentzat data pozgarriak, besteentzat tristeak). Oniomaniaren sareetan erori ez gaitezen, garrantzitsua da nahasmendu honen eragileak ezagutzea, bere atzaparretatik urrun mantendu gaitezen. Janarien elikaduran badakigu zein elikagai diren gorputzarentzat osasuntsu; elikadura mentalean zerk egin diezagukeen on eta zerk kalte ezagutzea interesgarria izan daiteke, gure osasun mentala zaindu dezagun.

Arreta erakartzen digun produktu bat hautematen dugunean, garunean accumbens nukleoa aktibatzen da, plazeraren muina. Eremu hau sari-zirkuituekin lotuta dago. Adikzio mota ezberdinetan garuneko gune hau martxan jartzen da. Oniomania sindromearen adierazleetako bat erostearen ekintzak bat-bateko satisfazioa eragitean datza, izan ditzakegun hutsune emozionalak une batez estaliz eta egunerokotasunean jasandako zailtasunak mututuz. Baina erosi eta gutxira gaizkiegon izugarria sentitu ohi da, erruduntasuna, frustrazioa, haserrea, antsietatea, lotsa… askotan erositakoa ezkutatzera behartzen gaituena, inor jabetu ez dadin. Dinamika honekin, zurrunbilo itogarrian barneratuta sentitzen gera, ur pozoitsu horietatik nola irten jakin gabe.

Burrunba konplexu honetan erori ez gaitezen, erosi aurretik geure buruari hausnarketarako tarteak eskaintzea garrantzitsua da, inpultsibitateak erabaki ez dezan. Benetan erosketa hau egin nahi dut edo beste gaizkiegonen bat estali nahi dut erosketa honekin?

Nahasmendu psikologiko gehienetan bezala, eraginkorrena prebentzioa da eta honetarako hezkuntza ezinbestekoa. Irakatsi dezagun haurtzarotik zailtasunei aurre egiteko baliabideak barneratzen; estresa, galerak eta ziurgabetasuna modu eraginkorrean jorratuz, erresilientzia garatuz. Era berean, oniomania edo honen sintomaren bat kudeatu ahal izateko marketinak psikologikoki nola eragiten digun ezagutzea ere interesgarria izan daiteke, manipulatuak sentitu ez gaitezen eta ahalik eta askeen erosi dezagun.

Opariak jasotzea eta egitea atsegina da, baina neurrian eta aske egitea izan daiteke oparirik distiratsuena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.