Blanca Urgell
LARREPETIT

Deabruaren harpa

2021eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Gutxitan heltzen naiz eguraldia telebistan entzutera, baina gutxi horietan iltzatuta gelditzen naiz: hizkuntza unezoragarriagorik! Nire munduan eguraldia binarioa da: ona ala txarra. Eta objektiboa, gainera: eguraldi ona ona da, eta txarra txarra. Denok dakite.

Alabaina, ez kultura, familia edo amodioa soilik, eguraldia ere likido bihurtu bide zaigu azkenotan. Derrigor binarismotik irten eta adjektibo berriak gogora ekarri edo asmatu beharko. Batzuek esango dute udaberri honetakoa narratsa dela, baina zergatik ez apokalipsiaurrekoa?

Badakizue —bestela, baliteke berandu izatea kezkatzeko—AEBetako armadak HAARP garatu zuela 1990-2014 artean, Maiztasun Altuko Aurora Aktiboaren Ikerkuntza Programa euskaraz (Wikipedia). Ofizialki ionosfera aztertzeko asmoz, baina benetan zertarako? Badira diotenak ionosferako elektrizitateaz eta munduan zehar propio landatu dituzten antenez edonongo eguraldia lardaskatzeko ahalmena luketela —frogatu ere dutela tartean izan diren hondamendietan—, uholdeak, urakanak, lehorte eta lurrikarak nahi adina eraginez. Giza burmuinak kontrolatzeko gailua ere izan liteke edota, azkenik, Lurraren polo magnetikoak iraulkatzeraino heldu.

Egia da ekaitza ekaitzarengainean etorri zaizkigula, baina AEBen kontra nork ez du bekaturik egin, pentsamendu, hitz, egintza edo omisiokorik? Ostera, gure buruak menderatzen, deabruaren harpa hark ez bide du behar bezain ondo lan egin, orain txipa ere txertatu behar baitigute.

Txertatu ala ez, dudan dabilen adiskide batekin eztabaidan aritu naiz. Bideoa bidali dit froga modura, nola besoan txertatu berritan txipak eusten dion imanari. Euskal Erriaren jakintza-n ikasi dut Tolosaldean «Eguraldi ederra zegon/k!» esaten zela honelakoetan. Bestela, badugu The Barr Brothers taldearena abestea: Maybe I'm mad, baby. Maybe I'm falling from the poplar tree. Carry me back, baby...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.