Itxaro Borda
IRITZIA

Modiano oraino

2014ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Patrick Modianori eman diote aurtengo Nobel saria. Suediako hautatzaileek idazlearen kezken erdian memoria eta okupazioa daudela balioztatu dute plazaraturiko ebazpenean.Okupazioa hitza erabiltzea aski da Frantziaren historiako zati ilun eta uherra berriz biziarazteko. Alabaina 1940-1945 urteetan zehar frantses herritarrek alemaniar okupatzailearekin eduki jarrerak oraindik ere argitu gabeko galdera franko pausatzen ditu, historia bezain literatura mailan. Isilean atxikitzen dira hainbat joera eta pentsamenduen iturri aitortu ezinak. Ematen du zenbaitetan gaur egungo gertakari, ohar eta egiteko moldeen oinarrian Okupazioko tratu likitsen eta Vichyko gobernuaren urrin kiratsak usnatzen ahal ditugula, eskuin muturreko edo telebistako komentarista batzuen erran zabarrak aintzakotzat hartzen baldin baditugu behintzat. Alde horretatik bete-betean asmatu dute Nobel saria banatzen dutenek.

Patrick Modiano ez da idazle mediatikoa. Hiru jende baino gehiagoren aurrean mintzatzea zaila zaiola diote. Ihesean dabil. Urte oroz eleberri bat izkiriatu arren, betidanik liburu berdina kometitzen duela zirikatzen dute kritikoek, aitaren hatzak, gerra garaiko misterioaketa nortasun nahasiak hitzen bidez zulatzea ardatz. 1947an, flandriar jatorrizko bere amak anaiarekin abandonatu zuen Miarritzeko inude baten etxean bi urtez. Beranduago, aspaldiko adiskide zeukan Raymond Queneau handiaren aizolbeanargitaratu zuen La Place de l'Etoile 1967an.Ordutik hona, idatz-lan, filma eta sari ugari eskuratu ditu. Obra mamitsua osatu du gainera, malenkoniarik ez duen nostalgiaz hantua. Obsesionatua. Grisa. Ahapez xuxurlatua bezala.

Louis Malle erraldoiaren 1973ko Lacombe Lucien filmaren gidoiaren egilea da Patrick Modiano. Atera zenean polemika sortu zen Frantzian, heroi gaztearen bikoiztasunaren azalpen fiktiboak frogatzen zuela hondarrean okupazio denborako sarraskiak ez zirela arras orbainduak.

Modianoren literatura? Labana zaurian…
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.