Musika

Jack White da, baina ez da Jack White

Bakarkako hirugarren diskoa kaleratu du Jack White musikari estatubatuarrak: 'Boarding House Reach'. Orain arte grabatutako lanekin alderatuta, bereziena da, esperimentalena.

aitor biain
2018ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Ez, rocka eta erosotasuna ez dira bateragarriak. Aspaldiko bidegurutzea du rockak: ohiko bidetik segitu eta betiko gauzak errepikatu etengabe, ala bide berri bat hartu eta arriskuan murgildu. Bi aukera horien aurrean, parez pare izan dira musikari eta sortzaile asko; halabeharrez batzuk, senak eskatuta beste batzuk. Sustraiak ongi errotuak ditu Jack Whitek (Detroit, Amerikako Estatu Batuak, 1975), baina ez ditu bide errazak gustuko. Rock doinu garaikideen sortzaile eta ekoizle ezagunak esperimentaziora jo baitu bere bakarkako hirugarren lana ontzeko: Boarding House Reach da horren emaitza. Orain arteko lanik bereziena da.

The White Stripes taldearekin egin zen ezagun musikari amerikarra, Meg White emaztearekin batera. 2003an jo zuen goia, besteak beste, Seven Nation Army kanta dagoeneko aski ezagunari esker. 1960ko hamarkadako gitarra soinuen zalea, inoizko 100 gitarrista onenen zerrendan sartu zuen Rolling Stone aldizkariak. Ez da txantxetako kontua. Izen handiko musikarien lanak ekoitzi ditu gerora Third Man Records etxeari esker. Musikari gisa, eta modu paraleloan, hainbat talderekin aritu da urte luzez. 2012an, ordea, bakarkako bideari ekin zion. Bi disko ditu argitaratuak ordutik: Blunderbuss (2012) eta Lazaretto (2014). Lau urteko isiltasunaren ostean, agertokira itzuli da berriz Detroiteko musikaria, eta ez hala moduz gainera.

Musika doinuen mundu propioa aterik ate zabaldu du azken diskoan Whitek, eta inoizko lanik esperimentalena kaleratu du. Konfort gunetik atera da, eta orain arte probatu gabeko soinu eta eraginez bete du lana. Amildegi ertzetik bidaiatu du musikariak, esperimentazioaren ertzak muturrera eramanda: arriskua sekula baino nabarmenagoa da. Jazza, funka eta hip hopa nahastu ditu amerikarrak, baina rocka eta punka alboratu gabe. Gitarra soinu distortsionatuak efektu digitalez eta sintetizadorez ordezkatu ditu, poesia errezitatu, psikodeliazko edota etiketatzen zailak diren soinuak ondu: denak pilula batean sartu ditu. Finean, Jack White da, baina ez da Jack White.

«Badakit egin ditudan gauza batzuk oso arriskutsuak ere izan daitezkeela, baina biderik errazena ez hartzea dagokio artistari. Beti pentsatu izan dut deseroso sentiaraziko nauten egoeretara bultzatu behar nauela nire lanak. Artista batek bere burua estutu behar du, erronkak onartu. Hortik ikasten da», azaldu dio berriki musikariak Rolling Stone aldizkariari.

Ez zaio arrazoirik falta. Izan ere, entzuleari ere ez dio erraz irensteko aukerarik eman Whitek. Haren jarraitzaile denak baliteke kantak behin eta berriz entzun behar izatea erritmoa eta funtsa aurkitu ahal izateko; arrotza ez sentitzeko. Hori baita sortzaile gisa Detroiteko musikariak egin nahi duena. «Aitortzen dut, disko honetan erronka itzelak izango diren kantak daude nire musika gustuko duenarentzat. Baina, hain zuzen, hori da sortzaile gisa nahi dudana: kantak hirugarren entzunaldian gustatzea entzuleari, eta ez lehenengoan. Lehenengo entzunaldian gustuko izanez gero, zerbait berritzailea bihur daiteke une batez, baina behin eta berriz entzunez gero erakarrita, betirako izango du entzuleak». Kezkaz eta tentuz hartu dute jarraitzaileek Whiten lan berria.

Ez da, ordea, musikari ezagun batek bere ibilbide arrakastatsutik kanpo emandako pauso bakarra. Hor daude, besteak beste, Princeren TheBlack Album, Led Zeppelinen Led Zeppelin III edota Lou Reeden Metal Machine Music. Letra larriz idatzitako musikaria da White, berezia alde guztietatik begiratuta. Egiten duena eginda ere, gai da oraindik riff itsaskorrak sortu eta zuzeneko mezuak dituzten esaldi motzeko hitzak osatzeko, baita egungo estudioek eskaintzen dituzten baliabideak uztartzeko ere.

Apirilaren 19an hasiko du Boarding House Reach aurkezteko kontzertu bira, Detroiten, eta abisua eman du dagoeneko: ez du sakelako telefonorik baimenduko zuzenekoetan, kontzertua «%100ean giza esperientzia» izatea nahi baitu. Ikusteko dago oraindik, ordea, nola moldatuko dituen kantuak zuzenekoetara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.