Koronabirusa. Adinekoen egoitzak

Hormaren alde banatan

Gipuzkoako zahar etxeetan dauden egoiliarren senideak ezin dira barrura sartu, eta atarian ari dira bisitak egiten, horma batek bereizita. Orain arteko egoera ikusita, gustura daude aurrez aurre egoteko daukaten aukerarekin.

Bisitak. Senideen eta egoiliarren arteko bisitak, atzo, Andoainen. BERRIA.
Irati Urdalleta Lete.
Andoain
2020ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Andoaingo zahar etxeko atarian, horma batek bereizten ditu egoiliarrak eta senideak. Azken hilabeteetan ez dute aurrez aurre egoteko aukerarik izan, eta pozik daude, distantzian bada ere elkarrekin egoteko aukera daukatelako. 17:00etatik 18:30era ikus dezakete elkar, astean bi aldiz.

Juanita Zatarain bisita noiz jasoko zain dago, kalera begira. Mari Carmen Unanue gerturatu zaio lehenengo, txikitan zaindu zuen umea. «Guk askotan deitzen genion berari, baina baxu ikusten genuen; triste». Aurrez aurre ikusteak ilusioa egiten diola aitortu du, eta pasta kaxa bat ere ekarri dio, baina ez diote sartzen utzi, badaezpada. «Esan diot ahal dugunean xanpain botila bat eta pastak ekarriko ditudala, eta barruan hartuko ditugula».

Pixkanaka-pixkanaka gehiago betetzen ari da zaharren egoitzaren parean dagoen espaloia. Adinekoek euren artean distantzia gordetzen dute, baita maskarak jantzita dauzkaten senideekin ere. Horrela, ez da hain erraza komunikatzea. «Ez dizut aditzen», dio egoiliar batek.

Zataraini beste pare bat bisita ere iritsi zaizkio berehala: Nemesio Zatarain anaia eta Maite Iruretagoiena koinatua. Bigarren aldiz joan ziren atzo bisitan. «Bideo deiak egiten genituen tarteka, baina ez da berdina», ziurtatu du Iruretagoienak. Orain gustura dagoela esan du Juanita Zatarainek ere. «Okerrago egon gara: hiru hilabete pasatu ditugu inor ikusi gabe».

Mila Olaizola Andoaingo egoitzaren arduraduna da. Hark azaldu duenez, azken hilabeteetako egoera ez da erraza izan: «Beheko solairuan daudenek badaukate egunero kanpoan —eremuaren barruan—, ibiltzeko aukera, baina goiko solairuetan daudenak bi hilabete luze egon dira atera gabe». Senideak ikusi ezina egoiliarrentzat «oso gogorra» izan dela uste du, eta familiak ere «kezkatuta» egon direla.

Barrura sartzeko zain

Oraindik, gutxienez ekainaren 8ra arte itxaron beharko dute bisitak barruan izateko. Araban ere, ekainaren 8tik aurrera bisitak egiteko aukera izatea espero dute; bitartean, senideek hesiaren beste aldetik ikus ditzakete. Hala ere, zaurgarrienek bisitak izateko aukera daukate. Bizkaiko Foru Aldundiak, berriz, maiatzaren 26an adierazi zuenez, zahar etxeetako egoiliarrek bisitak jasotzeko aukera izango dute aurrerantzean: «Bakoitzak, gutxienez, bost egunean behin bisita bat jaso ahalko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.