Gerra Ukrainan. Errusiaren aurkako zigor ekonomikoak

Yatedunen Errusia, miran

Putinen inguruko oligarken ondasunak izoztea agindu dute EBk eta AEBek. Errusiaren aberastasunaren laurdena baino gehiago daukate, eta zati handi bat atzerrian dute

Yateak Monakoko portuan. Errusiako oligarka askok ondasunak dituzte printzerri hartan. SEBASTIEN NOGIER / EFE.
Irune Lasa.
2022ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Ukraina Iskander misilen jomuga bihurtu denean, Vladimir Putin eta haren gertukoak jomuga bilakatu dira Mendebaldeko zigor ekonomikoetan. Errusiako oligarkak, haien boterea, haien eragin ahalmena, eta haien aberastasuna, hedabideetako lerroburuetara itzuli dira.

Zein dira?

Zigortutako pertsona eta konpainien zerrendak desberdinak dira AEBetan, Erresuma Batuan eta Europako Batasunean. Eta zerrendak luzeak dira. Oligarkak daude haien artean, baina baita Kremlineko kideak eta armadako buruzagiak ere. 680 bat izen dira.

Bruselak zigortutakoen artean daude, esaterako, Alfa Bankeko eta LetterOne funtseko buruak Mikhail Fridman eta Petr Aven; Alixer Usmanov, Metalloinvest erraldoiaren jabea; Igor Setxin Rosneft petrolio konpainia publikoaren burua.

Europako Batasunak zigortutakoen artean dagoen beste izen bat deigarria da: Sergei Roldugin. Txelo jotzailea 80ko urteetan Kirov Operan, Vladimir Putinen alabetako baten aita pontekoa da, eta, askoren ustez, Putinen lastozko gizona offshore eragiketetarako.

Nondik datoz?

Herrialde askotan denborak eta kontakizunak lausotu egin du tokiko aberatsen ondarearen jatorria, baina Errusiako magnate horien dirutza eta ondasunen pilaketa historian hurbilegi dago lausoak ezkutatzeko. 30 urte bakarrik egin behar da atzera, Sobietar Batasunaren desegitera. Errusian Boris Jeltsinek, Mendebaldeko ekonomista neoliberalenen aholkupean ezarri zituen erreforma zorrotzetara.

Shock terapiako neurriek, prezioen liberalizazioa, mugen zabalpena, eta batez ere pribatizazioak ekarri zituzten. Errusiako baliabide nagusiak —lehengaiak, petrolio eta gas konpainiak, eta bankuak— tokiko eta Moskuko gobernuaren ingurukoen esku zeuden konturatu orduko. Vladimir Putin Jeltsinen ondorengoetan azkena den moduan, orduko oligarka haien ondorengoak dira Kremlinen biltzen diren egungo negozio gizonak (gizon, bai, guztiak gizonak baitira). Putinek oligarka zahar haietako batzuk baditu oraindik ondoan; beste batzuez libratu zen —Mikhail Khodorkovski hamar urtez eduki zuen preso—; eta oraingo asko magnate dira bere ingurukoak, adiskide, konfiantzako direlako. Bigarren belaunaldiko errusiar oligarka ere deitu izan zaie.

Aberats guztiak ez dira berdinak?

Vladimir Putinen gertuko izateaz gain, zertan dira ezberdin dirudun hauek eta munduko beste edozein aberats talde? Batetik, Errusiaren aberastasunaren zati oso handia daukatelako.

Gabriel Zucman ekonomistak eta haren kideek egindako azterketen arabera, Forbesen datuak oinarri, 2005etik 2015era bitartean, errusiarrik aberatsenen ondasunek herrialdearen nazio errentaren %25-%40 artean hartu izan dute. Aldakortasun horretan aintzat hartu behar da 2008ko krisian kolpe handia hartu zutela oligarka errusiarrek. Beste herrialdeetan (AEB, Alemania, Frantzia) %5-15 artekoa izan da aberatsenen zati hori.

Errusiako dirudun horien beste ezaugarri berezi bat da herrialdetik kanpo daukatela aberastasunaren zati oso handi bat. Jakina, ez da erraza kopuru zehatzak eskuratzea, baina datu batzuk bilduak ditu Annette Alstadsaeter ekonomistak (tartean Zucmanekin egindako lanetan), zerga ihesari buruzko bere ikerketetan. Datu horien arabera, beste herrialdeetako aberatsek ondarearen zatirik handiena sorterrian daukate, baina Errusiako aberatsenen dirutzaren erdia baino gehiago atzerrian dago, offshore eta Errusiako familia aberastasun guztiaren %7 adina da.

Non dago aberastasun hori?

Suitza, Zipre, AEBak, Erresuma Batua eta bestelako paradisu fiskaletan dago diru horren zatirik handiena, behar bezala zuritua, eta offshore sozietateen nahaspilan babestuta. 800.000 milioi dolar inguru, NBERren arabera. Diru horiei buruzko informazio gehienak Panamako Paperen, Paradisuko Paperen eta halako kazetaritza lanen bidez ezagutu dira. Bitxia da, baina informazio horietan oinarritzen dira oligarkei ezarritako zigorren argudioetako asko.

Errusiako oligarken dirua bilatzeko beste toki bat izan daitezke, esaterako, hainbat herrialdetako agintari eta agintari ohien poltsikoak.

Sozietateak baino askoz agerikoagoak dira oligarken ondasunak, batez ere oparotasunaren erakustaldien zale direlako asko. Hasi Londongradetik, segi Frantziako Rivieratik, Monakotik, Kenyatik, Maldivetatik, Miarritzeraino eta Donostiaraino. Errusiako dirudunen jauregi, etxetzar eta megayateak eta futbol taldeak non dauden jakitea ez da horren zaila.

Zein zigor ezarri zaizkie?

AEBek, Erresuma Batuak eta Europako Batasunak ezarritakoak dira gehienak. Kontuan izan behar da zigortutakoen zerrendak desberdinak direla kasu bakoitzean, baita zigorrak beraiek ere. Baina, nagusiki, hiru dira. Batetik, zerrendatutako pertsonei Europako Batasunean sartzea debekatu zaie, eta, hegaldi pribatu batean sartu eta harrapatuak izanez gero, kanporatuak izango dira.

Bigarren helburua oligarken diru kontuak dira: izoztu dituztenez, zerrendatuek ez dute sarbiderik beren kontuetan; ezin da ordainketarik egin haietatik, ezta dirurik jaso ere.

Eta, hirugarrenik, zerrendatuen ondasunak ere izoztu dituzte (etxe, yate, hegazkin, artelan eta beste). Horrek esan nahi du, ezin direla saldu, ezta alokairuan jarri ere. Horrek ez du eragozten etxe horiek erabiltzea, adibidez, zigortutakoaren sendiak.

Beteko dira zigorrak?

Offshore sozietateen eta lastozko bitartekarien sasiartean Putinen aldeko oligarken dirua eta ondasunak topatzea ez da erraza —botere finantzarioek lan eskerga egin dute horretarako—. Aldatuko da hori? Gauza asko irauli dira Mendebaldean egun gutxitan, baina... Dena den, hor dago Mario Draghi, hamar milioi eurotik gorako ondarea duten oligarken erregistroa proposatuz. Baita Etxe Zuriaren iragarpena ere: «Ozeanoz gaindiko indar berezi multilaterala sortu behar da, zigortutako konpainia eta oligarken aktiboak identifikatu, ehizatu eta izozteko —haien yateak, jauregiak, eta gaiztoki lortutako irabaziak—».

Eraginkorrak dira zigor horiek?

Jomuga bada Vladimir Putini, haren gertukoei eta haien konpainiei kalte egitea, 2014-2018ko urtetan ezarritako zigorrak baino efektiboagoak beharko dute izan. Izan ere, haietan zerrendatutako konpainiek goraldia izan zuten, Errusiako estatuaren kontratuak eta dirua jaso zutelako ordainetan, Dzhamilya Nigmatulina ekonomistaren azterketaren arabera. Eta diru hori beste konpainietatik eta herrialdeetatik atera zen. «Beste guztiek izan zituzten kalteak, konpainia zigortuek izanezik», txiokatu du Nigmatulinak.

Bitartean, errubloaren amiltzeak inor baino gehiago herritar xeheei egiten die kalte, haien aurrezkiak lurrunduz, kontsumogaiak garestituz...

Haien erantzuna

Helburua bada oligarkak ahultzea edota haiek Putin babesteari uztea, oraingoz ezer gutxi zabaldu da horri buruz. Adierazpen bakarrenetakoa Mikhail Fridmanek egin du: «Errusian onartezina den adierazpen politikoren bat egiten badut, horrek eragin argia izango du gure konpainientzat, bezeroentzat, hartzekodunentzat, interesdunentzat. Ez dut egoera hori bultzatzeko eskubiderik. Ehunka mila pertsona horiek guztiek ez lukete sufritu behar adierazpen ergel bat egin dudalako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.