Eroskik 105 milioi euro irabazi ditu, eta inoizko zor kitapen handiena egin du

Iazko emaitza onei esker, 443 milioi euro murriztu du zorra. Salmenta orokorrak apur bat jaitsi badira ere, elikagaien atalak gorakoari eutsi dio

aitor biain
2022ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Eroski taldearen negozioa indartzen ari da berriz. Elorrioko (Bizkaia) kooperatibak aro berri bat hasi du: hazkundearen bidea hartu du, eta emaitza positiboak lortu ditu hainbat urtez galerak pilatu ondoren. Guztira, 105 milioi euro irabazi zituen iaz. Azken hamalau urteetako emaitzarik onena da, eta horrek bide eman dio bankuekin duen zorra ere nabarmen murrizteko. Hain zuzen ere, inoizko zor kitapen handiena egin du taldeak, mila milioi euroko langaren azpitik jartzeraino.

Kooperatibak nabarmendu du iazkoa ez zela izan ekitaldi erabat normalizatua, pandemiak oraindik eragina izan duelako negozio batzuetan: bidaietan, gasolindegietan, Forum Sporten... Kasu horietan, salmentak ez dira iritsi pandemia aurreko kopuruetara. Aldiz, elikagaien atalak aurreko urteko bilakaera positiboari eutsi dio: %1 hazi ziren. Internet bidezko salmentek ere joera horri eutsi zioten. 2020. urtearekin alderatuta, baina, jaitsi egin zen fakturazio osoa. 5.116 milioi euroren salmentak egin zituen, %4,8 gutxiago.

Hala ere, kooperatibak nabarmendu du zenbakiek azken urteetako «joera baikorra» berresten dutela, eta taldeak «lehiakortasuna hobetu» duela. Izan ere, inbertsio handiek eragindako kostuen aroa igarota, estrategia berritu du Eroskik, eta indartsuagoa den eremuetan merkatu kuota sendotzeko helburua du orain, hau da, Hego Euskal Herrian, Espainia iparraldean, Galizian eta Katalunian. %12tik gorako merkatu kuota du eremu horietan.

Asmo horietara bideratu ditu inbertsioak azken urtean, baina bere indargunetik kanpo ere handitu du presentzia. Izan ere, 77 saltoki —gehienak frankiziak— ireki zituen 2021ean, eta beste 141 denda berritu. Gasteizen, Jundizko produktu freskoen plataforma bat ere ireki zuen, 20 milioi euroko inbertsioa eginda. Gainera, Supratuc 2020 elkartea ere sortu zuen EP Corporate Group inbertsio funtsarekin; Kataluniako eta Balearretako negozioen erdia saldu zion hari. Eroskik 629 langile bazkide ere egin zituen iaz, eta 9.000ko langa gainditu zuen.

Zorraren zama arindu du

Emaitza onek bankuekin duen zorra kitatzen jarraitzeko bidea eman diote. Jakinarazi duenez, iaz 443 milioi euro murriztu du finantza zorra, eta orain 953 milioi euro zor dizkie finantza erakundeei. 2009tik 2.470 euro milioi eurokoa da zorraren amortizazioa, baina hitzartutakoa bete duela azpimarratu du kooperatibak, aurtengo ekitaldirako iragarritakoa baino zenbateko handiagoa itzuli duela nabarmenduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.