Nafarroako Auzitegiak ez du baliogabetuko 2017ko euskarazko postuen eskaintza

Atzera bota du Afapnaren eskaera. Lan deialdia «arrazoitua» dagoela ebatzi dute epaileek, eta ez dute «proportzionaltasunik eza» antzeman

Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Batean kale, bestean bale. Epaileek ebatzi dute ongi emanak daudela Nafarroako Gobernuak 2017an ateratako euskarazko lanpostu publikoak. 109/2017 foru dekretuko lan eskaintza baliogabetzeko eskaera aurkeztu zuen Afapna sindikatuak, euskarazko postuak «gehiegizkoak» eta «justifikatu gabeak» zirelakoan. Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salak, ordea, atzera bota du eskaera hori: postuak «justifikatuta» daudela ebatzi du, eta ez du baliogabetuko 2017ko deialdia.

Afapnaren eskaeraren gaineko epaia atzo argitaratu zuten, eta, bertan, Auzitegi Nagusiko salak banan-banan aletu ditu euskara eskakizun duten lanpostuak: foruzain eta suhiltzaile postuei dagokienez —bosna postu elebidun,ehun postutik gorako lan deialdian—, auzitegiak nabarmendu du «herritarrei arreta zuzena emateko» beharrezkoa dela hizkuntza soslaiak ezartzea: «Postu horietan, ezinbestekoa izanen da ahozko komunikazioa, eta hori euskaraz ere izan dadila ahalbidetu beharra dago, hala eskatzen duten herritarrei arreta eskaintze aldera».

Administrazioko gainerako postuetako hizkuntza irizpideei dagokienez, berriz, Auzitegi Nagusiak azpimarratu du «egoki justifikatuta» dagoela deialdia, txosten teknikoen bidez, eta euskarazko postuen kopuruan ez duela «proportzionaltasunik eza» antzeman.

Euskara atzera logotipoan

Nafarroako Gobernuak irudi instituzionala berrituko du legealdi honetan. Aurrerantzean, gaztelania izanen da lehen hizkuntza, eta euskara bigarrena, gobernuaren komunikazio guztietan. Hizkien tamaina eta tipografia berbera izanen da bietan. Aldaketa foru dekretu bidez eginen du Nafarroako Gobernuak. Zirriborroa jendaurreko fasean dago uneotan, eta ekarpenak egiteko aukera dago azaroaren 18 arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.