MIkel Asiain. Geroa Baiko eleduna

«Oso zaila izango da, baina erreferentzia hori kentzea da egokiena»

NAFARROAKO PARLAMENTUA.
joxerra senar
Iruñea
2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Geroa Baik jarri du eztabaida mahai gainean. Iragan astean eztabaidatu zen mozioaren alde egin zuen hark, eta UPNk eta PPk—Navarra Sumaren barruan, Ciudadanosek aurka egin zuten—. PSN, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra abstenitu egin ziren.

Mozio horrekin, profil politikoa azpimarratu nahi izan duzue?

Bai, argi dago. Une egokia da halako gaiak azpimarratzeko. Batzuetan badirudi bigarren planoan geratzen direla. Urte oso bat daramagu COVID-19ari buruz hitz egiten, eta logikoa da, baina badaude beste gai batzuk, eta hein batean lotura handia dute. Hitzarmen Ekonomikoan aipatzen den puntu horrek izugarrizko eragina izan dezake gure ekonomian.

Zergatik orain?

Noizbait ailegatu behar du negoziatzeko uneak. Ahalik eta azkarren eskatzen badugu, ahalik eta azkarren ailegatuko da. Oso prozesu luzeak dira. Eskatzen duzunetik lortzen duzunerako, urteak pasatzen dira.

Hasita daude 2020tik 2024ra arteko ekarpenaren zenbatekoaren elkarrizketak. Dena den, eskaerak ekarpenaren negoziazioarekin baino zerikusi handiagoa du hitzarmenaren legea aldatzearekin?

Bai, baina lotura estua da. Legea bera aldatzen bada, ekarpenean lotura zuzena du. Hori da asmoa. Bidezkoa dena ordaintzea. Jasota dagoen bezala, arriskutsua iruditzen zaigu.

Ekarpenaren negoziazioan ere auzi hori jarri behar litzateke mahai gainean?

Bai, hori da gure jarrera. Horri lotu behar gatzaizkio. Denboran gaiak luzatu daitezke. Nahiz eta ez zehaztu kopuruak, batzuetan garrantzitsuagoak dira hitzak zifrak baino. Alda dezagun artikulua, eta arriskua gainetik kendu. Has gaitezen negoziatzen. Gero, negoziazio batean, badakizu zer gertatzen den. Zuritik hasten zara, eta beste aldea beltzetik hasten da, eta batzuetan grisean geratzen zara. Baina hasi behar dugu negoziatzen, zerbait lortu nahi badugu behintzat.

Espainiako Gobernua prest egongo da aldaketa egiteko?

Ez dakigu. Pentsatzen dut erresistentziak egongo direla. Parlamentuan, ikusi besterik ez dago PSNren jarrera. Zuzenketa bat sartu zuten hori aldatzeko. Pentsatzen dugu estatuko gobernuarekin ez dutela eztabaidarik nahi; ez dute konfrontazioan sartu nahi. Errazagoa eta haientzat erosoagoa da gauzak dauden bezala uztea, baina, gure eskubideak bermatu nahi baditugu, halako eztabaidetan sartu behar dugu.

Noraino heldu nahi zenukete?

54. artikuluak dioenez, Nafarroak bere gain hartu gabe dituen kargen artean daude zorraren interesak eta amortizazio kuotak. Egokiena litzateke hori desagertzea. Hori lortzea oso zaila izango da, baina hein batean nahi genuke hori moteltzea edo aldatzea. Has gaitezen negoziatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.