urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

AEBetako hauteskundeak eta Ukraina

2022ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Ezaguna da Estatu Batuetako eztabaida politikoan nazioarteko gaiek pisu txikia izaten dutela. Etzi egingo diren agintaldi erdiko hauteskundeetan ere halaxe izan da: ez Txinak, ez Ekialde Hurbilak, ez Latinoamerikak ez dute izan etxeko gaiek izan duten pisuaren itzalik ere, ezta Ukrainak ere, azken egunotan zertxobait aipatu arren. Inflazioa, egoera ekonomikoa, abortu eskubidea, hauteskundeak eta demokraziaren beraren egoera... Hasieran esandako gaien oso aurretik izan dira.

Nazioarteko gaiak etxeko gaiei lotuta azaldu dira: Latinoamerika, AEBen atzeko patioa horren luzaroan, immigrazioarekin lotuta baino ez da agertzen. JoeBidenek udan Saudi Arabiara egindako bisitak harreman zuzena dauka estatubatuar arruntak gasolindegitik pasatzen den bakoitzean ordaintzen duenarekin. Galoi bat gasolina (3,75 litro) 5-6 dolarrera iritsita, Bidenek bazekien ezinezkoa zitzaiola hauteskundeetan ezer onik lortzerik. Orain bertan, hiru eta lau dolar artean ditugu Washington inguruko gasolindegiak; hau da, litroko dolar bat baino gutxiago ordaindu ohi dugu.

Duela hilabete batzuk bezainbat ez badira ere, AEBetako hiri askotan Ukrainako banderak ageri dira, etxeetan, autoetan, saltokietan, eta Errusiaren inbasioaren aurkakoa da iritzi publikoa ia erabat, eta, inkestek diotenez, herritar gehienak Kievi laguntza ematearen aldekoak dira. Eskuin muturretik kritikatu zaio batez ere Joe Bideni Ukrainako gobernuari ematen dion laguntza. Baina oro har, alderdi errepublikanoak ez du zarata handirik egin gai horrekin, estatubatuarren iritziaren gehiengotik ez urruntzeko... Orain arte. Trump eta haren jarraitzaileak izan dira gehien kritikatu dutenak, Tucker Carlson Fox kateko aurkezle ultrak esaterako. Kevin McCarthy kongresukideak ere iragarri du azaroko hauteskundeetan eskuina indartuz gero ez dela Ukrainarentzako «txeke zuririk» izango. Eta Marjorie Taylor Green estremistak herenegun argi esan zuen euren esku badago amaitu egingo dela Ukrainaren aldeko laguntza. Urri hasieran errepublikano gutxik zeukaten jarrera hori, baina azken inkesten arabera, alderdi horretako kideen ia erdiek uste dute AEB gehiegi egiten ari dela Ukrainaren alde.

Joko taularen ezkerretara ere, izan da kritikarik Etxe Zuriaren jarrerakin, baina askoz xumeagoa izan da. Gerra amaitzea eta bake elkarrizketak eskatu zuten 30 kongresukide demokrata ezkertiarrek gutun batean; biharamunean, erretiratu egin behar izan zuten, Bernie Sanders senataria ere aurka agertu zitzaien.

Agon Hamza filosofo zizektarrak hipokrita deitu dio «bakea da funtsezkoa, gainerakoa gero konpon daiteke» jarrerari. «Ez zait bururatzen bakerik nahi ez duen indar okupatzailerik: Israel, Errusia, Serbia, baita Alemania nazia ere, denek nahi izan dute benetan bakea. Baina Ukrainan bakea ez da aukera bat, filosofo handi batek berriki adierazi bezala. Ukrainarrek ez dute bakea nahi, askapena baizik. Putinek, inbaditzaile gisa, bakea nahi du. Bakezaletasunerako dei guztiak, edo 'kosta ahala kosta bakea' eskatzen duten jarrerak, kausak despolitizatzeaz gain, indar zapaltzaileekin lerratzen dira». SESBen erorketan piztutako gatazka armatu gehienetan Errusiak bake tropen jarrera interesatua jokatu du: su etena ezarri, eta hamarkadatan egoera usteltzen utzi, gatazkak bere «auzo hurbilen» normaltasuna eragozten duela jakitun, lurraldetasuna konpondu ezinik. Hala izan da Transnistriaren kasuan Moldaviarekin, hala Georgia eta Abkhazia eta Hego Osetiaren arteko gatazkan. Etxe barrukoa, berriz, Txetxeniakoa, «bakea» adostu eta bizpahiru urtera beste konkista gerra odoltsu bat eginez konpondu zuen Moskuk, gatazka izozten/usteltzen utzi gabe. Karabakh Garaian ere mende laurdenez gatazka ezin bideratu, eta azkenean Azerbaijanek, urteetan hortzetaraino armatuta, Armeniaren ahuldadeaz jakitun eta Errusiako Anaia Handiak beste kezka batzuk zituela ikusita, kolpe bakar batean berreskuratu zituen 1994an galdutako lurralde gehienak.

Edozelan ere, beste herrialde batzuetako esperientziari erreparatuta, Ukrainak jakin beharko luke AEBen babesa ere inoiz ez dela ez mugagabea, are gutxiago interesik gabea. Putinek 2016ko hauteskundeetan muturra sartzea ez da berehalakoan barkatuko duten zerbait (bitxia zait Trumpen jarrera, nondik irtengo den eta zein aldarte duen sekula ez dakizun pertsona da, Putinen aurrean erakusten duen erabateko otzantasunean salbu). Inbaditzailea kanporatu eta Ukrainak gerra irabaztea da Washingtonen apustua, noski; baina ez edozein preziotan. Euroasiar inperioaren erorketa eta Moskuk giltzapetuak dituen nazioen askapena perspektiba antikolonialista desiragarria da. Baina ikertzaile uigur batek ohartarazi zidanez, Europako jokalekutik haratago begiratzea ere komeni da: Errusiaren gainbeherak Siberiatik Alaskako ateetaraino doan Asiako lurralde zabal batean ere eragin lezake. Eta AEBek badakite hor onuradun nagusia Txina litzatekeela. Hauteskunde kanpainan ia aipatu ere egin ez arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.