Literatura. 'Diplomatikoa'

Burgesiaren desamodio diskretuak

Idazlea: Machado de Assis. Itzultzailea: Unai Begiristain. Argitaratzailea: Booktegi.

2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Booktegi web orri eta argitaletxe elektronikoak, euskarri digitalarekin lan egiteak eskaintzen dizkion edizio aukerak baliatuz, literatura brasildarreko egile ezagun baten obra garrantzitsuaren narrazio bat ekarri du euskarara. Internet bidez lanak editatzearen abantaila ekonomikoak ahalbidetzen du obra laburrak editatu eta argitaratzea, paperean argitara emateko egin beharreko ahaleginik gauzatu gabe. Horrela, argitaletxeak hainbat azpiatal ireki ditu eskuragarri egiten dituen lanak sailkatzeko: itzulpenak, haur eta gazte literatura, kirolak, kontakizun beltza, fikzioa, saiakera, drama, erreportajeak... Atalen aniztasunak erakusten du ekimenaren anbizioa: eskala txikian ekiteko pentsatua, baina, helmen heterogeneoa bilatuz.

Unai Begiristain itzultzaileak euskaratu du lana, zeina aritua baita aurretik ere argitaletxearentzat beste zenbait jardunetan itzulpenen sailean. Sail bereko gainerako beste zenbait zenbakirekin ez bezala, Machado de Assis brasildarraren Diplomatikoa lan honekin jatorrizko egilearen eta idazlanaren nondik norakoak azaltzeko hitzaurre bat txertatu du editorialak. Aitzinsolasa nork idatzia den ageri ez bada ere, lana argitaratzerakoan izandako intentzioen berri ematen digu, era horretara, itzultzailearengandik eta editorialetik gertu kokatuz. Hala, egile brasildarraren garrantzi literarioa eta hainbat datu bibliografiko eskaintzen ditu, besteak beste.

Ipuin bakarra duen liburua da Begiristainek itzulitakoa; agian, debalde lor daitekeen itzulpen bat izanda, edizioa problematikoagoa gertatzen delako. Apika horregatik, zehazten ditu prologoak irakurleak kontuan izan beharreko hainbat gauza: europarron mundu ikuskeratik haratagoko ikuspegiaz irakurri behar dela testua, laburra izanagatik ere, brasildarrek duten mundu-ikuskera antzemateko aukera ematen duelako narrazioak.

Várias histórias bildumako parte den Diplomatikoa ipuin honetan maitasun istorio tragiko bat kontatzen du narratzaile kanpo-diegetikoak: Brasilgo klase burgesaren barnean sortutako bikote harreman baten gainbehera, hain zuzen. Narratzaileak, bikotearen haustura kontatzen dio irakurleari, pertsonaiek berek baino gehiago dakiela baliatuz, kontakizunaren hartzailea ere gertakarien konplize eginez. Zentzu horretan, zenbait gertakarik irakurlearen begitan umore beltzaren kutsua hartzen dute gertaeren krudelkeria eta pertsonaien xalotasuna elkartzen direnean. Gainera, narratzaileak, erreferentzia intertestualen bidez, umore alderdia areagotzen du, Shakespeareren Otelo obrari erreferentziak eginez, jatorrizko tragedia ingelesari amaiera alternatiboa eskaintzen baitio: komedia arrunt gisa amaituz. Horrela, burgesiaren desamodio istorioa bizitza arruntaren kontakizun bihurtuko da. Horretan datza ipuinaren alderdi nabarmenena: jende arranditsuaren bizitza xehea kontatzean preseski.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.