Literatura. 'Baginen. Euskal Herriko historia emakumeen bitartez'

Izan zirelako gara

Idazlea: Cira Crespo. Ilustratzailea: Elena Ziordia. Argitaletxea: Txalaparta.

2021eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Cira Crespo eta Elena Ziordiaren Baginen. Euskal Herriko historia emakumeen bitartez lana da gaurkoan protagonista. Helburu anbiziotsua du obrak: historiaurretik hasi eta gaur egun arte, euskal kulturan eta historian esanguratsuak izan diren emakumeen bizitzak, jazoerak eta nortasunak kontatzea. Crespo historialariak, dokumentazio lan xehe eta sakonaren laguntzaz, hitza eman die protagonistei; Ziordia margolariak, ordea, bizia, akuarelaz ondutako marrazkiek orrialde gehienak hartzen baitituzte. Bi-biek, Euskal Herria alborik albo zeharkatu dute emakumeen kartografia osatzerakoan, euskal ekialdeko muturretik iparralderaino, hegoaldetik ere pasatuta. Gainera, zenbait lan akademikotan egin ohi den bezala, aurkibide toponimikoa ere badakar obrak atzeko aldean, aurkibide onomastikoaz eta kronologikoaz gain. Irakurleak, hortaz, irakurtzeko hurrenkera eta aukera ugari izango ditu debalde.

Emakume askotarikoaren tipologiaren alde egin dute autoreek beren protagonistak hautatzerakoan. Erakusten den abaniko zabal horrek, era berean, konbentzionaltasuna auzitan jartzen, eta izan behar garenaren eta benetan garenaren arteko eztabaida sortzen du. Izan ere, zein dira emakume eredugarriak? Patriarkatuaren eskemari men egiteagatik ezagun egin direnak, bihozberak? Ala, eskema konbentzionalarekin apurtu eta nahierara bizi izan direnak, gaizkileak zenbait kasutan, maskulinoak besteetan? Nondik begiratzen zaion. Obrak, behintzat, bietariko ereduak eskaintzen dizkio publikoari, emakumeak askotarikoak izan direla, garela, eta izango garela erakutsiz.

Edizio lana eta materialtasuna azpimarratzekoak iruditu zaizkit. Obraren itxura oso zaindua da, orria leuna, ilustrazioak pertsonalizatuak, bibliografia sakona, hitzak hautatuak. Entziklopedia bat balitz bezala, obra sarreraz sarrera josi dute, banan-banan eta arretaz. Irakurri nahi ez duenak ere disfrutatuko luke begiratzearekin bakarrik. Oinarrian lan akademiko bat izan arren, erabilitako hizkerak ez du hori erakusten. Badira zenbait pasarte diskurtso akademikoa salatzen dutenak, baina, oro har, dibulgatiboa eta bizia da, ezagutza gehiago ala gutxiago izan, hartzaile guztiengana hurbil daitekeena. Halere, irakurleari gomendioa: dosifikatu irakurketa, eta ezagutu patxadaz pertsonaia bakoitza, ez baita jarraian eta arnasarik hartu gabe irakurtzeko obra.

Era honetako lanak argitaratzeak, eta horretarako beharra egoteak, larru gorritan uzten du gizartearen egoera. Txanponaren alde batek, ezkorrenak, berdintasunaren borrokan, zoritxarrez, oraindik ere asko dagoela egiteko erakusten du; ostera, ifrentzuak gauzak aldatzen ari direla, genero arrakalak tinko dirauen arren, pitzadura sakonak dituela. Bide horretan, Crespok eta Ziordiak egin duten legez, iraganera begira jartzea bereziki garrantzitsua iruditzen zait, lehenaldiko emakumeak izendatzea eta beren historiak kontatzea. Orainaldiko emakumeei ahotsa eman ahal izateko, lehendabizi izan zirenei lekua egin behar zaie, iraganetik oraina eraiki. Hazia falta badun/k, bila ezan/k ereiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.