Albistea entzun

Zaldibarko hondamendia. Ikerketa

Zabortegiaren zigilatze sistemako akatsek eragin zuten Zaldibarko luizia

Jaurlaritzak eskatutako peritu txostenek ondorioztatu dute zabor masak gainditu egin zuela jarritako geotestilaren euste ahalmena. Hondamendiaren zioa jakiteko egindako ikerketen ondorioen berri izan du BERRIAk. Iñaki Petxarromanen analisia, albistearen barruan.

Hondeamakinak Zaldibarko zabortegian lanean, hondamendia izan eta hilabete batzuetara.
Hondeamakinak Zaldibarko zabortegian lanean, hondamendia izan eta hilabete batzuetara. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iñaki Petxarroman Imanol Magro Eizmendi -

2021eko maiatzak 13

Oinarrian marruskadura gutxiko azalera iraunkor bat nagusitu zelako ezegonkortu zen Zaldibarko zabortegia; hau da, hondakinen estankotasuna bermatzeko jarritako «dentsitate handiko polietileno zuntzaren alde leunak» ez ziolako eutsi hondakinen zamari. Hori ondorioztatu du Eduardo Perez de Agreda eta Mercedes Sondon Bartzelonako Unibertsitate Politeknikoko irakasleek egindako peritu txostenak: «Litekeena da hausturaren eragilea zera izatea: geotestilen eta xaflaren trakzio erresistentzia agortzea, ezpondari oinak egindako ahalegin pasibo orekatzailea galtzearekin batera».p>

>Bat dator ondorio horrekin hondamendiaren arrazoiak argitzeko Eusko Jaurlaritzak eskatutako beste txosten teknikoa ere: «Frogatuta geratu da zigilatzearen ezaugarriek eragin erabakigarria izan zutela zabortegiaren erresistentzia ahalmenean». Kantabriako Unibertsitateko Jorge Cañizal eta Cesar Sagasetak egin dute azterlan hori. Bi ikerketa horiek argitu behar zuten zergatik amildu zen Zaldibarko zabortegia 2020ko otsailaren 6an. BERRIAk izan du ikerketa horien ondorioen berri. Jakina denez, bi langile hil ziren otsailaren 6ko hondamendian: Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran. Azken horren gorpua oraindik ez dute aurkitu.p>

>p>

>Kantabriako Unibertsitateko irakasleek agerian utzi dute zabortegiaren proiektu aldatuan —2008an egin zuten, 2004koa moldatuz— zehaztutako zigilatze teknika, zabortegiari egonkortasun handiagoa emango ziona, ez zutela aurrera eraman hondakindegia martxan egon zenean. «Proiektu aldatuak zigilatze sistema bat ezarri zuen, hainbat geosintetikok osatua, goitik behera honela antolatuta: geotestila, bi aldeetako geomintz zimurtsua (edo testurizatua), geo-osagai bentonitikoa eta geo-osagai drainatzailea». Bi aldeetako geomintz zimurtsua ez zuten erabili zigilatzea egiteko, eta ikertzaileek ez dakite zergatik egin zituzten aldaketak, ez baitago hori azaltzen duen agiririk. Kontua da, haien arabera, horrek garrantzi handia izan duela hondamendian, zigilatzea aldebiko geomintz zimurtsuarekin egin bazen 4,5 bider erresistenteagoa izango zelako. BERRIAk kontsultatutako adituek ez diote ageriko arrazoi bat ikusten aldaketa horri. Nahiz eta aitortu duten bi aldeetan testurizatutako zigilatzea garestiagoa izango litzatekeela, zaila iruditzen zaie aldaketa hori dirua aurrezteko asmoz egin izana.p>

>Kantabriako irakasleen txostenaren arabera, bi aldeetako geomintz zimurtsua obraren zero fasean bakarrik erabili zuten. 1. eta 2. faseetan, geomintz zimurtsua azpiko aldean bakarrik erabili zuten, eta 3. eta 4. faseetan, geomintz leuna baliatu zuten bi aldeetan.p>

>Malda eta marruskadura p>

>Bartzelonako Unibertsitateko irakasleek nabarmendu dute Zaldibarko zabortegia batez beste 19 graduko pendiz batean eraiki zutela. Polietileno xafla jarri osteko entseguetan neurtutako marruskadura angelua 9 gradukoa zen. Beste ikerketa batzuetan, 11 gradukoa aipatzen da. Bi gorputz edo masaren arteko azalera marruskadura angelura iristerakoan —plano horizontalarekiko—, bien arteko mugimendua hasten da, grabitatearen eraginez.p>

>Beraz, euskarri sendorik jarri ezean, zabortegia hasiera-hasieratik izango zen ezegonkorra. HOriek horrela, zerk eutsi zion urteotan zabortegiari, baldin eta marruskadura angelu hori maldarena baino txikiagoa bazen? Txostenaren egileek zenbait arrazoi eman dituzte hori azaltzeko: batetik, instalazioak 18 metroko euste horma bat zuela oinarrian; horrez gain, altueran igo eta zigilatzeak egin ahala, lau metroko zabalerako bermak ezarri zituztela polietileno oihalei eusteko, euskarri gehigarri moduan trakzio erresistentzia handituz; eta, azkenik, zabortegia hiru dimentsioko ibar batean kokatuta egoteak ere euste ahalmena handitu ziola.p>

>Arrazoi horiek denek modua eman zioten Zaldibarko zabortegiari marruskadura angelua 11 gradutik 15era igotzeko. «Diferentzia handia da. Oinarriko marruskadura angelua 9-11 gradukoa izan bazen, 15ekoa izan beharrean, otsailaren 6ko altuerara iritsi baino lehenago kolapsatuko zen zabortegia», ondorioztatu dute Kantabriako ikertzaileek. Gogoan izan dute proiektu aldatuak zigilatze mota aldatzearekin justifikatu zuela euste hormaren altuera txikitu izana. «Hau da, polietileno xafla testurizatua izan behar zela bi aldeetan. Horrek 33 graduko marruskadura angelua bermatuko zion». Zabortegiaren hasierako proiektuan, 100 metroko altuerako dike bat planteatu zuten, baina 2008an 18 metroko batekin ordezkatu zuten.p>

>Segurtasun faktoreap>

>Ikertzaileen txostenek nabarmendu dute zabortegiaren segurtasun faktorea (SF) etengabe gutxituz joan zela instalazioa martxan jarri zenetik zabor jausia gertatu zen arte. SFak adierazten du zein den indar egonkortzaileen eta ezegonkortzaileen arteko erlazioa. SFa 1etik behera dagoenean, sistema ezegonkortu eta erori egiten da. SFa=1 balio kritikora 2020ko urtearen hasieran iritsi zen Zaldibarren, ikertzaileen esanetan. Segurtasuna neurtzeko lau ikerketa egin zituzten 2004tik 2019ra: Jatorrizko Proiektua, 2004an; Proiektu Aldatua, 2009an; Geyser HPC ingeniaritzaren txostena, 2018an; eta Lurtek ingeniaritzak egindakoa, 2019an. Bartzelonako Unibertsitateko ikertzaileek uste dute SFari balio handiegiak eman zizkiotela ikerketa horietan guztietan. Horri azalpen bat ere eman diote: «Lau ikerketa horietako kalkulu guztiak muturreko orekako metodoekin egin ziren, eta azalera biribil edo blokeen geometriarekin, irristatze planoetan bermatuta. Geometria horiek gaizki egokitzen dira azpiko oinarri eskalonatuaren osteko haustura translazionalak ordezkatzeko».p>

>Kantabriako Unibertsitateko ikertzaileek ere aztertu dute SFa, eta hauxe ondorioztatu: «Zaldibarko zabortegian ikusitako mugimendu abiadurak itxuraz erakusten du neurriak hartutako aldi osoan segurtasun eskasa zegoela, SFaren balio txikiak zeudela, 1,2tik beherakoak betiere. 2020ko urtarrilean atzemandako mugimendu abiadurak, korrelazio horren arabera, haustura egoera erakusten du».p>

>Zabortegiaren barruko mugimendu geologikoen kontrola egiteko jarritako mugarriei buruzko analisia ere egin dute Kantabriako Unibertsitateko irakasleek, eta nabarmendu dute horretan ere hutsuneak izan zirela. Izan ere, ondorioztatu dute jarritako mugarri kopurua «eskasa» izan zela, eta bereziki azpialdean ezarrita zeudela.p>

>Zabortegiaren erdialdean esplotazio aldiaren bukaeran bakarrik jarri zituzten mugarriak, 2019tik aurrera. Batzuk, gainera, 2019ko abenduan jarri zituzten, zabortegia erori baino hiru hilabete lehenago. «Haiei buruzko irakurketen maiztasuna ere eskasa izan da, 17 irakurketa bakarrik egin baitira 64 hilabetean». Zabortegiak behartuta daude egonkortasunari buruzko kontrol zorrotzak egitera eta datu horiek administrazioari helaraztera.p>

>Instalazioaren azaleran atzemandako mugimenduen abiadura ez zen handia izan (behintzat, zabortegiaren beheko aldean) 2020ko urtarrilera arte. Eguneko 0,3 eta 1 milimetro artekoa izan zen abiadura ordura arte. Azken hilabete horretan, baina, eguneko 10 milimetrokoa bihurtu zen, eta «moderatutzat» jo zuten. Ordura arte, «mantsotzat» zeukaten. Abiadura aldaketa hori otsailaren 5ean atzeman zuten, ordea, hondamendiaren atarian, Bartzelonako adituek argitu dutenez. «Mugimendua oso bizkor azkartu zen, ezpondaren orekari eusten dioten ahalmenak ere oso bizkor gutxitu zirelako», ohartarazi du Kantabriako Unibertsitateko irakasleen ikerketak.p>

>Halaber, agerian utzi du zabortegian hondakin ugarienak hauexek zirela: lur eta zoru kutsatuak, eta, horren ondoren, altzairu eta burdin zepak eta balorizazio plantetako errefusak. Guztira, hondakin guztien bi herenak ziren mota horretakoak. Alabaina, txostenetan agerian utzi dute hondakin motak eta zabortegian zen ur kantitateak ez zutela eraginik izan luizian. «Drainatze sistemak ongi funtzionatu du», laburbildu dute. Horrek talka egiten du jausiaren egunean zabortegira joandakoen lekukotzekin; izan ere, eta haien arabera, inguruko hainbat zelai lokatz bustiz beteta zeuden, nahiz eta asteak ziren ez zuela euririk egiten. Halaber, ziurtatu dute hondakinak pilatzeko erritmoak ez duela zerikusirik izan jausiarekin, baina bai hondakinak lortutako altuerak. Hondakinen gehieneko altuera 383 metrokoa izan zen, eta dikea 256 metroan jarrita zegoen. Beraz, 127 metro egin zuten gora hondakinek jarduera hasi zenetik. 200 metroraino iristea zen helburua.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.