Albistea entzun

Geldialdia, baita eskoletan ere

Arrue ikerketaren 2017ko txostenaren arabera, LH 4ko eta DBH 2ko ikasleek eskola eremu guztietan egin dute atzera euskararen erabileran. D ereduko gaztetxoen artean, handiagoa izan da jaitsiera
Bilboko eskola atari bat, ikasturte honen hasieran. Haurrak gero eta gehiago ari ziren euskara erabiltzen eskolaz kanpo, baina gorakada gelditu egin da, azken neurketaren arabera.
Bilboko eskola atari bat, ikasturte honen hasieran. Haurrak gero eta gehiago ari ziren euskara erabiltzen eskolaz kanpo, baina gorakada gelditu egin da, azken neurketaren arabera. RAUL BOGAJO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Lander Muñagorri Garmendia -

2021eko apirilak 22

Euskararen erabilera geldialdian dagoela esan izan da maiz azken urteetan, sabaia jo duela, eta ez dela ezagutza beste hazten ari. Egoerak kezkatuta dauzka sektoreko eragileak, eta Arrue ikerketaren 2017ko datuek aldarte hori egonkortzen lagundu dezakete. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetako ikasleak eskola giroan euskaraz zenbat aritzen diren neurtzen du txostenak —ikasleek galdetegi bat betetzen dute—, eta bi urtean behin egin ohi da ikerketa. 2011tik 2015era egindako hiru zenbaketetan, euskararen erabilerak gora egin zuen epealdi guztietan, baina, 2015arekin alderatuz gero, 2017an aldagai denetan txikitu da eskolako euskararen presentzia. Adierazgarria da bi urtean nola apaldu den aurreko urteetan etengabe gora egin zuen hizkuntza erabilerak.

Duela lau urte egindako neurketa da, eta txostenean jartzen badu ere 2020ko martxoan argitaratu dela, aurtengo urtarrilean plazaratu zen ikerketa. Ohiko aurkezpenik ez da egin, pandemiak atzeratu egin baitu datuen zabalpena, eta une honetan 2019koak lantzen ari baita Soziolinguistika Klusterra, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz. Uda ostean ezagutaraziko dituzte datu horiek, ziurrenik. Orduan ikusiko da 2017ko geldialdiak jarraipenik duen eta atzeraldian sartuko ote den eskolako euskararen erabilera, ala salbuespeneko urtea izan zen ordukoa.

Arrue ikerketaren azken txostenean emandako datuak adierazgarriak dira. 10 urteko haurren %62 aritzen ziren beti euskaraz gainerako ikasleekin gelan, eta irakaslearen presentzia desagertzen zenean, jolaslekuan, erabilera %33ra jaitsi zen. Bi urte lehenago egindako neurketan, baina, bi eremu horietan euskaraz beti aritzen ziren ikasleen kopurua handiagoa zen: %66 eta %34, hurrenez hurren. Erabilera tasa orokorra handiagoa izan zen, bi hizkuntzetan berdin aritzen ziren ikasleek eraginda. Ikasgelan zeudenean, erabilera %66,5ekoa izan zen, 2015ean baino bi puntu txikiagoa, eta jolaslekuko erabilera %41ean mantendu zen.

Adinean aurrera egin ahala, 14 urteko gaztetxoen artean ere, euskaraz aritzen direnen kopurua jaitsi egin zen 2017ko neurketan, eremu bietan: %26 aritu ziren beti euskaraz ikasgelan —2015ean baino lau puntu gutxiago—, eta %15 jolaslekuan —hiru puntu gutxiago—. Erabilera orokorra %37koa izan zen ikasgelan —puntu bat behera—, eta eremu formaletik kanpo, berriz, %21,8koa —ia bi puntu gutxiago—.

Azken datu horien arabera eskolako erabilerak behera egin bazuen ere, gizartean gehien mintzatzen den eremua da oraindik hezkuntza, eta, horregatik, hizkuntzarentzako arnasgune bat da. Arrue txostenak hori baieztatzen du bi urtean behin, eta hala erakutsi du 2017ko neurketan ere. Arnasgune dela agerian uzteko, ikerketan alderatu egin dute ikasleak zenbat aritzen diren euskaraz eskolan eta zenbat etxean. Hezkuntza arloari gaitasuna aitortzen dio «gizarteko batezbestekoa baino nabarmen euskaldunagoa den esparru bat sortzeko». Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleen %30ek erabiltzen dute euskara etxean; hau da, etxeko erabilerarekin alderatuta, eskolan handitu egiten da hizkuntzaren presentzia.

Baina gaitasun horrek baditu bere mugak, eta hala aitortzen dute ikerketaren egileek: «DBH 2ko ikasleen jolaslekuko ikaskide arteko erabilera askean, ikasleen hizkuntza erabilerak asko hurbiltzen dira etxeko abiapuntura edo gizarteko batezbestekora». Tasa orokorra ia %22 da jolaslekuan, eta etxeko erabilera, berriz, %21. Alegia, adin horretako gaztetxoen artean ez duela halako eraginik eskolako hizkuntzak.

Hizkuntza sozializazioaren ikuspegia txertatuz gero, zera dio ikerketak: «Adinarekin batera ikasleek euren sozializazioan aurrera egin ahala, gizartearen eragina indar handiagoz sartzen da eskolako ingurunean, baita hizkuntzak erabiltzeko gizarte arau inplizituak ere». Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako gizartea oro har eskola baino erdaldunagoa denez, ikasleak heldu ahala, euskararen presentzia txikitu egiten da.

D eredua birpentsatu

Gero eta ikasle gehiago, gainera, D ereduan ari dira ikasten —DBH 2ko ikasleen %66 ziren 2017an, zazpi urte lehenago baino zortzi puntu gehiago—, baina horrek ez du bermatzen euskarari eustea. Kontrara, Arrue ikerketa egiten hasi zirenetik, nabarmen egin du behera euskararen erabilerak 14 urteko gaztetxoen jolas orduetan. Sei urtean sei puntu apaldu da: 2017an %30ean zegoen hizkuntzaren presentzia D ereduko ikasleen artean. Gizartearen eragina gero eta handiagoa da, beraz, euskara hutsean ikasten duten gaztetxoen artean.

Ikerketaren egileek eskatu dute D ereduaren inguruko hausnarketa bat egiteko: «Maiz aipatu da belaunaldi berrien euskalduntzea neurri handiegian utzi izan dela eskolen esku. Ideia hori gaur egungo D ereduaren errealitatera ekarrita, beharbada errazegi pentsatzen da D ereduan ari direnez izango dituztela ikasleek euskaraz aritzeko behar adinako baldintzak». Ondorioetan diotenez, gainera, irakasleentzat gero eta zailagoa da eremu euskaldun bat eskaintzea. «Zabaltzea komeni den hausnarketa bat da ea nolako osagarriak indartu behar diren zailtasun horiek orekatzeko».

Bide horretan, oso adierazgarria izan daiteke ikasleek irakasleekin dituzten hizkuntza ohituren bilakaera, zehazki LH 4ko ikasleen gelaz kanpoko neurketena. Ikerketaldi guztien arteko bilakaera ikusita, ia zortzi puntu egin du behera ikasleek irakasleekin duten euskara erabilerak —%75ekoa zen 2017an—. Egileek honela diote txostenean: «Aztertzekoak dira, zentzu horretan, nolako aldaketak gertatu diren zazpi urte horietan, eta haien zergatiak, D ereduan irakasle aritzen direnen arteko hizkuntza erabileretan. Ziurrenik baliabide edo indargarri berriak beharko dira orain arteko irakasleen euskarazko erabilera mailei eusteko, edo horietatik harago joateko».

Dena den, jaitsiera horien guztien ardura eskola komunitateari egotzi ordez, ikerketaren egileek gizarteari begiratu diote bilakaera horren arrazoiak bilatzerakoan. «Pentsatzekoa da ea aipatutako erabilera horren jaitsiera gizarte mailako euskararen erabileren erlaxazio edo ez-aurrerapen baten zantzu izan ote litekeen». Gaztetxoen bilakaeran ere ikusi baitaiteke gizartearena bera.

Azken belaunaldiak, behera

10 eta 14 urteko haur eta gaztetxoen euskara erabilera aitortua neurtzen hasi zirenetik, 2017ko datuekin lau txosten osatu dituzte. Hala, bi pertsona taldek bina inkesta bete dituzte. Hau da, 2011n Lehen Hezkuntzan zeuden haurrei neurketa bera egin zitzaien derrigorrezko hezkuntzan, lau urte geroago; eta berdin 2013ko eta 2017ko aldian. Bi belaunaldiren hizkuntza ohiturak neurtu dituzte azken txostenarekin, eta epealdi ezberdinetako bi talde alderatu daitezke, beraz. Azken txostenarekin neurtu dituzten belaunaldiko gaztetxoen artean, 2015ekoek baino gehiago galdu dute euskara. Hor ere jaitsiera nabarmena izan da.

Luzerako ikuspegia ezarrita, eskolako erabilera orokorrak alderatu dituzte txostenaren egileek. Hala, 2011n LH 4ko haurren erabilera tasa orokorra %56 zen, eta, lau urte geroago egindako neurketan, %42ra jaitsi zen tasa. Hau da, hamalau puntu gutxitu zen euskararen erabilera. 2013-2017 epealdian parte hartu zuten ikasleek, bestalde, %59ko erabilera zuten haurrak zirenean, eta gaztetxo bihurtu zirenean %40ra jaitsi zen tasa. Hemeretzi puntu. Neurtutako azken belaunaldiaren abiapuntuko euskara erabilera handiagoa zen aurrekoekin alderatuz gero, eta lau urteko epean txikiagoa da. Batetik bestera izan den atzerakada handia da.

Arrue ikerketak ariketa bera egin du haurren eta gaztetxoen etxeko euskara erabilerarekin, eta epealdi batekoen eta bestekoen arteko alderaketa egin du. Hor ere nabarmena da 2013. eta 2017. urteetan galdeketa erantzun zutenek izan zuten bilakaera. Euskararen galera handiagoa izan baita belaunaldi horretan: ia zazpi puntu murriztu dute pertsona berberek euskararen erabilera etxean haur izatetik gaztetxo izaterako fasean —2011-2015eko epealdikoen erabilera hiru puntu murriztu zen—.

Datu horiek guztiak ikusita, pentsa daiteke eskola eremuko euskararen arnasguneari zuloak agertzen hasi zaizkiola. Ezagutza gero eta altuagoa den garai honetan, erabilerak behera egin baitzuen 2017an. Aztertzekoa izango da zer dioen hurrengo ikerketak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Lehen mailako artako kontsultak atzeratuko ditu Osakidetzak

Lehen mailako artako kontsultak atzeratuko ditu Osakidetzak

Arantxa Iraola-Irati Urdalleta Lete

Osasun sailburu Gotzone Sagarduik egin du jakinarazpena: «Aparteko larritasuna ez duten» kontsultak atzeratuko dira.

Baionako txertaketa gunea, artxiboan ©Guillaume Fauveau

Pfizer dosiak ez ote diren faltako beldur dira txertaketa guneetako langileak

Oihana Teyseyre Koskarat

Eskualdeko Osasun Agentziak hobetsi du Moderna txertoak banatzea. Baionako txertaketa guneko langileek lana uzteko eskubidea aldarrikatu dute, pazienteei «gardentasuna zor» zaielakoan.

5-11 urte arteko haurren txertaketa onetsi du Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak

5-11 urte arteko haurren txertaketa onetsi du Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak

Arantxa Iraola-Irati Urdalleta Lete

Hilaren 15etik aurrera autonomia erkidegoek haurrak txertatzen hasi ahal izango dutela jakinarazi du

Munilla meza ematen Azpetian (Gipuzkoa), 2019an. ©Javier Etxezarreta / EFE

Donostiako apezpikutza utziko du Jose Ignacio Munillak

Paulo Ostolaza

Ia hamabi urte egin ditu karguan. Alacanteko (Herrialde Katalanak) gotzaina izango da aurrerantzean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.