Koronabirusa

Azken hiru asteetako daturik okerrenak izan dira Hegoaldean: 734 kasu

Nafarroan azken astean %34 egin dute gora positiboek, eta hamalau lagun hil dira. Labiren batzorde teknikoa bihar bilduko da, Gasteizen

Erizain bat, PCR probak egiteko prest. JESUS DIGES / EFE.
Edurne Begiristain.
2021eko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Eguberrietako jai eta ospakizunen ondorioak sumatzen ari dira Hego Euskal Herrian, eta gero eta kezkagarriagoak dira COVID-19aren transmisioari buruzko datuak. Positiboen goranzko joera argia da: beste 734 kasu atzeman zituzten herenegun Osasunbideak eta Osakidetzak, bezperan baino 107 gehiago. Azken hiru asteotako daturik makurrenak dira; zehazki, abenduaren 12tik ez zegoen horrelako positibo kopururik; egun horretan ere 734 positibo detektatu zituzten, eta, ordutik, kopuru horretatik behera izan dira positiboak, gorabehera handiekin, hori bai.

Guztira, 11.903 PCR eta antigeno test egin zituzten asteartean Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, bezperan baino 2.848 gehiago, eta horietatik %6,1ek eman zuten positibo. Positiboen ehunekoak 0,8 puntu behera egin du, beraz, bezperako datuekin alderatuta. Nolanahi ere, datuek erakusten dute birusa azkar hedatzen ari dela lau lurraldeetan, eta ia denetan egin dutela gora positiboek. Araban salbu, gainerakoetan egin dute gora. Hain justu, Araban 60 kasu detektatu zituzten (22 gutxiago), Bizkaian 304 (76 gehiago) , Gipuzkoan 210 (41 gehiago) eta Nafarroan 155 (zortzi gehiago).

Bi gobernuek emandako datuen arabera,57 lagun ospitaleratu zituzten asteartean, eta heriotza baten berri eman zuen Nafarroako Gobernuak.

Nafarroa, okerrago

Nafarroako egoera bereziki da kezkagarria. Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, azken bost asteetan atzemandako positibo kopuru handiena da asteartean zenbatu zutena, eta, oraintxe, positiboen ehunekoa %8,3 da. Azken asteko datuak ere ez dira bat ere onak, Nafarroako Osasun Publikoko Institutuak asteazkenero kaleratzen duen txosten epidemiologikoak islatzen duenez. Positiboen datuak ematen du egoeraren neurria: abenduaren 28tik urtarrilaren 3ra 810 positibo zenbatu zituzten Nafarroan (100.000 biztanleko 123 positibo). Aurreko astearekin alderatuz gero, %34 egin dute gora kasuek.

Azken zazpi egunetan Nafarroan izandako ospitaleratzeen eta heriotzen inguruko datuak ere ez dira askoz hobeak. Abenduaren 28tik urtarrilaren3ra hamalau lagun hil ziren koronabirusarekin, 51 lagun ospitaleratu zituzten gaitzarekin (aurreko astean baino bederatzi gehiago), eta sei lagun zeuden larri ZIUetan (bat gehiago). Kutsatze kurbak gora egiten jarraitzen duela baieztatzen dute datuek, eta Nafarroako Gobernuak atzo adierazi zuen kurba apaltzeko aukera dagoela baldin eta «berreskuratzen» badira azaroan indarrean jarritako hainbat neurri murriztaile.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere positiboen kopurua handitu da, eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak astearte gauean ohartarazi zuen egoera «oso larria» dela. Bihar bilduko da Labi EAEko Babes Zibileko Planaren aholku batzordea indarrean dauden neurriak aztertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.