EUSKARAZ SORTZEKO AKUILUA

Hiru asteko egonaldietan, hamasei ipuin, bost antzerki obra eta bost film labur landuko dituzte Geuretik Sortuak egitasmoan. Udalbiltzak abiatu du proiektua, euskarazko sorkuntza bultzatzeko, eta jadanik martxan dira sormen lanak egiteko egonaldietako batzuk.

Iñaki Martiarena Araitz, Betelu eta Larraunen ari da komikia osatzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Euskaratik eta euskaraz. Hori proposatzen du Udalbiltza Euskal Herriko udaletxe eta hautetsiak batzen dituen elkarteak: euskaraz sortzen eta hedatzen den artea bultzatu nahi du. Zehazki, euskaraz sortutako literatura, zinemagintza eta antzerkia sustatzea du helburu, eta asmo horretatik tiraka sortu da Geuretik Sortuak egitasmoa. Guztira, 26 sortzaile hautatu dituzte, eta dagoeneko martxan dira sormen lanak egiteko egonaldietako batzuk.

Urtarrilean zabaldu zuten izena emateko deialdia, eta, denera, 73 proposamen jaso zituzten: 21 literatur lan, 24 antzezlan eta 28 film labur egiteko proposamenak. Handik, epaimahai batek aukeraketa egin, eta guztira 26 sortzaileren lanak hautatu zituzten. Horietako batzuk euskal kulturgintzako izen ezagunak dira, baina tartean badaude izen berriak edota horren ezagunak ez direnak ere.

Sortzaile bakoitzak hiru asteko egonaldia egingo du bere bizilekua ez den herri batean, eta, trukean, hamasei ipuin, bost antzezlan eta bost film labur sortuko dira egonaldi horietatik. Herriz herriko errealitatea kontuan hartuko duten sorkuntza lanak sustatzea da Udalbitzaren asmoa, eta, horretarako, hartu-emanak izango dituzte sortzaileek eta tokiko eragileek. Ondoren, sortutako lanak erakusteko zirkuitua egingo dute egonaldiak egindako herri guztietan. Horietako batzuk dira Andosilla (Nafarroa), Ondarroa (Bizkaia), Hernani (Gipuzkoa), Zuia (Araba) eta Urepele (Nafarroa Beherea).

Bizipenak partekatuz

Itxaro Borda idazlea hilaren 5etik dago Usurbilen (Gipuzkoa), eta hiru astez bertan egon ondoren, gaur amaituko du hango egonaldia. «Baionatik irteteko aitzakia bat izan da proiektua, nire egunerokotasunetik ateratzeko aukera bat», azaldu du Bordak. Virginia Woolf idazle britainiarrak zioenarekin alderatu du Geuretik Sortuak egitasmoa: «Woolfek denbora, dirua eta lekua eskatzen zituen emakumeentzat, eta proiektu honek hori eskaintzen die sortzaileei, izan gizon, izan emakume». Idazleak gaua maite du, eta ildo horretatik joango da haren kontakizuna ere. «Gauetan kokatuko ditut kontakizunetako pertsonaien bizipenak, eta egunean zehar ditudan esperientzien lekukotasunak izango dira horiek», azaldu du.

Usurbilgo Santuenea auzoan du lolekua, eta, egunero, oinez joaten da herriko kultur etxean jarri dioten bulegora: «Idazten igarotzen dut denbora gehiena, egunean lau, bost edo sei ordu». Esperientzia «biziki ona» izaten ari da idazlearentzat. Herritarrek ere esku zabalik hartu dutela nabarmendu du: «Harremanak egiten ari naiz herriarekin eta herrian; gauza asko ikasi ditut». Era berean, «opari bat» izan da egitasmoan parte hartzeko aukera izatea, eta alde horretatik ere, eskertuta dago aukera eman diotelako: «Ez dugu askotan jasotzen halako proposamenik, eta oso gustura nago emandako aukerarekin».

Iñaki Martiarena Mattin komikigilea ere buru-belarri ari da lanean Araitz, Betelu eta Larraun inguruan (Nafarroa). Gehiegi pentsatu gabe aurkeztu zen deialdira, eta bera ere «oso eskertuta» dago proiektuaren parte izateagatik: «Pertsonalki zein profesionalki hazi ahal izateko plaza bila nenbilen, eta egitasmo honek horretarako aukera eman dit». Ura ardatz duen helduentzako komiki bat egiten ari da, eta jada bi aste inguru daramatza bertan. Ideia batzuk aurrez pentsatuak eraman baditu ere, espektatiba gehiegirik gabe joaten saiatu dela azaldu du komikigileak, eta, oraingoz, esperientzia «oso aberasgarria» izaten ari da: «Maila pertsonalean zein profesionalean asko ikasten ari naiz, eta dagoeneko banabil hemengo inguruaz eta jendeaz hainbat bizipen eta esperientzia jasotzen».

Komikia aurkezteko erabakia «argi» izan zuen Martiarenak hasiera-hasieratik: «Komikiak bere lekua duela erakutsi nahi nuen, eta, aurreiritzi asko egon arren, iruditzen zait medio gisa garrantzia duela». Euskararen eta irudiaren arteko «zubi lana» egiten du komikigileak, eta modu bisualean, kultura lantzeko tartea hartzen du. Hasiera batean, herritarren jakin-minaren ondorioz, «blokeatzeko» beldur zela aitortu du, baina egunek aurrera egin ahala, ardura hori ere gainditu duela azaldu du.

Martiarenak bigarrenez hartu du parte halako egonaldi batean, eta, haren hitzetan, «ohorea» da transmisio lana egiteko aukera izatea. «Sortzaile gisa, aitormen bat egiten zaigu, zentzu bat ematen dio gure lanari, eta zerbaiten parte garela gogorarazteko balio digu», nabarmendu du komikigileak. Era berean, elkarren arteko harremanak trinkotzeko ere baliagarria da egitasmoa, haren ustez.

Josu Martinez zinemagilea, berriz, Baigorrin (Nafarroa Beherea) dago egunotan. Filmaketa urrian abiatuko bada ere, egunotan han izan da, lanerako lehen urratsak egiten. «Gidoia idatzita dago honezkero, baina egunotan lokalizazioak hautatzen ibili naiz argazki zuzendariarekin, arte zuzendariarekin eta produkzioko kideekin batera», adierazi du Martinezek. 1960ko hamarkadan girotuko dute film laburra, eta belaunaldien arteko hizkuntzaren galtze prozesua izango du hizpide.

Baigorrin egiten duen laugarren film laburra da, eta alde horretatik «segida bat» dela nabarmendu du: «Lantaldea berbera da, eta aurretik ere herriko jendearekin elkarlanean ibili izan gara». Hala ere, Geuretik Sortuak egitasmoan parte hartzea aukera «oso ederra» dela azpimarratu du: «Udalbiltzak ematen duen laguntza oso eskuzabala da, abiapuntu sendo batetik abiatzen gara, eta horrek gauza asko ahalbidetzen ditu».

Zuberoako Bonbon Beltz antzerki konpainiakoak, berriz, Oñatin (Gipuzkoa) egon dira, bi eguneko egonaldian. Herriko elkarteekin eta eragileekin harremanetan jartzeko baliatu dituzte bi egunak, eta Oñatiko historian, bizipenetan eta anekdotetan arakatzeko aukera izan dute. «Herriari buruzko ezagutza eta informazio anitz jaso dugu, eta ezagutu berri dugun jendearekin ere oso harreman politak egin ditugu», azaldu du Maika Etxekopar Bonbon Beltz konpainiako kideak. Hala ere, etxean «ikerketa lana» egiten jarraitu beharko dutela aurreratu du: «Oraindik ere, informazio pila bat dugu lantzeko».

Made in Oñati lana sortuko dute, eta abiapuntua herri hori izango bada ere, gerora Euskal Herri osoa zeharkatzeko asmoa dute: «Antzerkia eraikitzeko, Oñatiko bizimodua hartu dugu abiapuntutzat, baina euskal herritar guztiak ukituko dituen zerbait sortzea da asmoa». Bi aktore igoko dira taula gainera, eta gai errealen inguruan arituko dira, «umore absurdoa» erabiliz. «Saiatu gara herriaren inguruan ahal bezain ikuspegi zabalena izaten, gerora hori dena uztartu ahal izateko bi pertsonaien arteko elkarrizketetan», dio Etxekoparrek. Antzezlanerako ideiak hartu ondoren, azaroan itzuliko dira berriro ere Bonbon Beltz konpainiako kideak Oñatira: «Sorkuntza lana bertan egingo dugu, eta dagoeneko, gure egonaldia egiteko hainbat sormen gune erakutsi dizkigute».

Egitasmoaren berri izan bezain pronto eman zuten izena Bonbon Beltz taldeko kideek, eta, Etxekoparren hitzetan, «oso esperientzia polita» ari da izaten beraiena ez den beste herri batean murgiltzea eta haien bizimodua nolakoa den ulertzea. Era berean, Udalbitzak emandako aukera «oso eskaintza eskuzabala» iruditu zaiela azpimarratu du: «Udalbitzak oso apustu polita egin du gure lanak sortzeko eta partekatzeko laguntzak emanez; hortaz, konpainia gisa, ezin genuen aukera hori inondik inora ere galdu». Laguntzek, gainera, talde izaera sendotuko duela gehitu du: «Euskal Herriko komunitatea indartzeko balioko du mugimendu honek; kohesio bat sortuko da».

Egonaldien ondoren etorriko da hedapena. Hamasei ipuinen bilduma neguan argitaratuko du Udalbitzak; bost antzezlanak herriz herri mugituko dituzte; eta film labur guztiak film luze bat osatzeko moduan muntatuko dituzte. Adabaki Ekoizpenak etxea arduratuko da bost film laburrak elkartzeaz, eta datorren urtearen hasierarako prest izatea espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.