Langabezia. Sariaren erreforma, Frantzian

Paris uztailean hasiko da ezartzen langabezia sariaren erreforma

Langabezia saria txikituko diete orduan enplegua eta langabezia tartekatzen duten gehienei

Langabezia sariaren erreformaren eta antzeko neurrien aurkako manifestazio bat, 2019an, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Iker Aranburu.
2021eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Urtebetez izozkailuan izan ondoren, langabezia sariaren erreforma ezartzen hastea erabaki du Frantziako Gobernuak. Hainbat epetan egingo du, neurri batzuek ekarriko dituzten murrizketak eta kotizazio handiagoak ez iristeko ekonomia eta lan merkatua beheraldian daudenean. Uztailaren 1ean jarriko da lehen aldaketa indarrean, eta oso begi txarrez hartu dute sindikatuek, gaur egun langabezia saria jasotzen duten hamar lagunetik ia lauk gutxiago jasoko dutelako haren ondorioz.

Elisabeth Borne Frantziako Lan ministroa telematikoki bildu zen atzo sindikatuekin eta patronalarekin, erreformaren nondik norakoen berri emateko. Hasieratik argi utzi zien negoziazio saio baten porrotaren ondoren 2019ko udan bere kabuz prestatutako erreformaren puntu nagusiak indarrean jarri egingo direla, eta aldaketa nagusia egutegian izango dela. Pandemiak iaz eragindako atzerapenen ondorioz, azken-aurreko datua apirilaren 1ekoa zen, baina udaberria pasatu arte ezer ez egitea hobetsi du azkenean Frantziako Gobernuak, hurrengo hilabeteetan oraindik jarduera ekonomikoa mugatzen duten neurri asko indarrean izango direlako.

Langabezia sariaren kalkuluaren aldaketa da indarrean sartuko den lehena, lau hilabete barru. Bornek esan du gaur egungo sistema zuzendu nahi duela, mesede egiten dielako kontratu laburrak eta jarduerarik eza tartekatzen dutenei, eta kalte egin, berriz, lanaldi jarraituagoak dituztenei. Unedicek kalkulatu duenez, langabeen %38k batez beste %20 gutxiago jasoko dute aldaketaren ondorioz. Galera hori gutxitu ahal izango dute batzuek,gal daitekeen gehienezko kopuruari muga bat jarriko baitio Parisek.

Besteak, aurrerago

Langabezia saria progresiboki txikituko diete diru sarrera handiak dituzten langileei ere, hilean 4.500 euroko soldata gordina dutenei. Baina aurrerago izango da hori, datorren urteko martxoan, betiere ordurako lan merkatuak hobera egiten badu.

Urriaren 1ean da ezartzekoa sindikatuen haserrea eragin duen beste puntu bat: ordutik aurrera, lau hilabete egin beharrean sei hilabete egin beharko dira lan langabezia saria jasotzeko eskubidea izateko. Gazteei, ordea, ez diete epea luzatuko. Parisek atea irekita utzi du neurria berriro gibelaratzeko, ordurako langabezia tasa jaisten hasi ez bada. Zehazki, apirilaren 1etik 130.000 langabe gutxiago egon beharko dute, eta kontratuek hilero 2,7 milioiren kopurua gainditu beharko dute gutxienez lau hilabetez.

Aurrerago jarriko da indarrean bonus-malus izena jaso duen neurria, eta neurri horrekin lortu nahi dute enpresek aldi baterako kontratuak neurrian erabiltzea: gehiegi erabiltzen dituztenek gehiago ordaindu beharko diete haien truke gizarte segurantzari, eta kotizazioak gutxituko dizkiete kontratu finkoak egiten dituztenei. Medef patronalak begi txarrez hartu duen neurri hori da, hain zuzen ere, sindikatuen babesa jaso duen bakarra. Berez, haietako batzuk erreformara batzeko sartutako neurria dirudi, baina ez zuen gobernuak espero zuen emaitzarik izan. Orain, sindikatuak kexu dira 2022ko irailera arte ez duela eraginik izango, gobernuak urtebete luze eman dielako enpresei egoera berrira egokitzeko.

Sindikatu horiek beraiek Frantzian ezohikoa den batasunarekin erantzun diote gobernuaren azken erreformari. Atzoko bileraren atarian kaleratutako agirian, CFDT, CGT, FO, CGC eta CFTCk ziurtatu zuten erreformaren printzipio nagusia okerra zela, hau da, «langabezia sariak txikitzeak enplegura bizkorrago itzultzea dakarrela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.