Servinik Espainiari eskatu dio argitzeko Martin Villa galdekatu dezakeen

Martin Villak martxoaren 20an deklaratu beharko luke, Argentinaren Madrilgo enbaxadan. Espainiako Gobernua aurka agertu zen

Maria Servini epaile argentinarra, artxiboko irudi batean. DAVID FERNANDEZ / EFE.
Edurne Begiristain.
2020ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Maria Servini epaile argentinarrak Rodolfo Martin Villa Espainiako ministro ohia galdekatu behar zuen martxoaren 20an, Argentinak Madrilen duen enbaxadan, frankismoaren biktimek Argentinan jarritako kereilaren harira.

Espainiako Gobernua, ordea, deklarazioaren aurka agertu zen joan den urtarrilean. Espainiako Justizia Ministerioak hartu zuen erabakia, argudiatuta ikerketa faseko deklarazioa hartzeko «modu egokiena» zela Servinik nazioarteko eskakizun bat egitea, Espainiak ez baitauka jardunerako eskumenik. Ondoren, baina, Juan Carlos Campo Justizia ministroak eta Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteorde lehenak publikoki adierazi zuten gobernuak ez diola oztoporik jarriko epaileari Martin Villa Espainian galdekatzeko.

Haatik, Argentinako Kereilaren aldeko koordinakundeak atzo jakinarazi zuenez, Espainiako Gobernuak oraindik ez dio erantzun ofizialik eman Serviniri. Hori hala, Argentinako epaileak nazioarteko eskakizun ofizial bat igorri dioEspainiako Gobernuari,behingoz argitzeko Martin Villa Madrilen galdekatu ote dezakeen.

Hain zuzen ere, Argentinako Auzitegi Nazional Kriminal eta Korrekzionalaren ikerketapean dago Martin Villa. Gizateriaren aurkako krimenak egotzi dizkiote Villari, 1976ko martxoaren 3ko gertaerengatik. Baina, horiez gain, 1977ko amnistiaren aldeko astearekin lotutako krimenak eta bestelako batzuk ere leporatzen dizkiote. Joan den abenduaren 20an deklaratu behar zuen han, baina atzeratu egin zuten. Azkenean, Servinik erabaki zuen Madrilen galdekatzea, eta hara joatekoa zen, funtzionario talde batekin batera. Beste auzipetu batzuekin batera hartu behar zion deklarazioa ministro ohiari, eta epaileak ondoren erabaki behar zuen epaibidera igorri ala ez.

Salaketa

Argentinako Kereilaren aldeko koordinakundeak ohar batean salatu du Espainiako Gobernuak «etengabe oztopatzen» dituela bere eskaerak. «Onartezina da haren jarrera, eta Giza Eskubideen Nazioarteko Zuzenbidearen oinarrizko arauak urratzen ditu». Koordinakundearen ustez, Espainia «babesgabe» uzten ari da frankismo garaian giza eskubideak urratu zitzaizkien herritarrak. Gainera, haren hitzetan, Espainiako Gobernuak prentsan eta parlamentuan esandako- aren bidez, erakutsi nahi du Argentinako justiziari laguntzen diola, «errealitateak horrekin zerikusirik ez duen bitartean». Hala, gobernuari exijitu dio behingoz erantzun ofiziala eman diezaiola Servini epaileari eta modua eman diezaiola Martin Villa galdekatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.