joxerra senar
ANALISIA

Hitzak haizeak eraman ez ditzan

2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Asteazkenean, Iñaki Iriarte Navarra Sumako parlamentariak barkamena eskatu zien German Rodriguezi, Mikel Zabalzari, Mikel Arregiri eta estatuaren biktimei. «Ez genuen jakin kariñoa adierazten, edo justizia jasotzeko eskubidea zutela esaten». Foro Sozialaren agerraldi batean euskaraz adierazitako hitzok badute bere balioa, nahiz eta eskuineko koalizioak elkarbizitzari buruz duen posizioa azaltzeko diskurtso osoago baten testuinguruan esan. UPNren eta Navarra Sumaren diskurtsoa 2011n izoztuta geratu dela dirudi, eta, hasieran, Iriartek berak zehaztu zuen bere asmoa ez zela lubakiaren lerro bat adieraztea, baina barkamen eskeak nolabait islatzen du lubaki horretatik ateratzeko asmo bat. Horretan datza bere balio nagusia.

Dena den, itxaropenezko hitz horiek zalantzak ere eragin dituzte biktimen artean. Iriarteren beraren soslai politikoak ere badu zeresanik eszeptizismo horretan. 2015eko legealdian sartu zen Esparzaren taldean, UPNren diskurtsoa eraberritzeko ideologoa izango ote zen etiketarekin. Hiru urte geroago, akituta, parlamentua utzi zuen, «arrazoi pertsonalengatik». Alta, legealdi honetan, berriro politikaren lehen lerrora itzuli da, eta askatasun handiagoz diharduela dirudi.

Diario de Navarra-n iritzi artikuluak idazten ditu. Ezkerraren eta abertzaletasunaren fronteari aurre egingo dioten diskurtsoak egituratzea da haren xede nagusia. Diskurtsoa arnasberritzeko beharrean den UPNren eremu horretan, bideak eta lerroak esploratzeko autonomia du Iriartek, eta errespetua irabazia du eskuinaren eremuan. Dena den, askatasun hori aho biko ezpata da. Ideiak freskatu, diskurtsoari ñabardurak eman eta ildo berriak bilatzerakoan, Navarra Suma, edota, bereziki, UPN noraino ordezkatzen duen ez dago maiz argi. Urrunegi joateko arriskua du, eta alderdiak berak halako distantzia bat hartu ohi du. Egia da, Iriartek zehaztu zuenez, Navarra Sumaren bozeramaile gisa ari zela, baina egia da ere Navarra Sumako agintari nagusietako batek, Enrique Maiak, kontrakoa adierazi zuela; hark ez zuela inori zertan barkamena eskatu traketsa izaten iaioa da Iruñeko alkatea, 1936an errepresaliatutako Osasunako agintari ohi baten senideei udaletxean arreta emateari ezezkoa eman zionean bezala.

Bere hitzak itzulinguru erretoriko huts batean geratzeko arriskua ere badu Iriartek. Haren diskurtsoaren mami nagusia ez zelako izan autokritika egitea, haien ikuspegiaren zergatia azaltzea eta indartzea baizik: EH Bilduri ETAren jardueraren gaitzespena eta argitu gabeko hilketen argitzea exijitzea. Eta haren tesi nagusia izan zen elkarbizitza demokratikoa eraikitzeko egungo asmoak ez duela helburu bizikidetza politikoa bilatzea, «zentro eskuinaren aurkako setioa» baizik. Azken hamar urteetan, Madrilen konponbiderako ezein urrats oztopatzea bilatu dute Navarra Sumako bazkideek, eta, Nafarroan, zehazki, haren politikaren ardatz nagusi, eta kasik obsesio, bihurtu da EH Bildu. Setio horri ezintasun ere dei dakioke.

Politikoki, Iriarteren barkamen eskea exijentziaren bidetik jotzeko joko erretorikoa al da, ala eskuinaren diskurtso gogorrenetik aldendu eta PSNrengana hurbiltzeko mugimendua aurreratzen du? Zalantzak zalantza, arrazoi du Iriartek dioenean elkarbizitzaren auziak interes alderdikoetatik kanpo geratu beharko lukeela. PPren eta UPNren errekurtsoen ondorioz, motibazio politikoko biktimen legeak sei urteko atzerapena darama. Honek guztiak balio dezala hemendik aurrera biktima horien aldeko urratsak gutxienez ez oztopatzeko. Zeren hitzok haizeak eraman ez ditzan ekintzekin frogatu behar baitira. Bestela min bikoitza eragiteko arriskua dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.