Salviniren debekuari aurre egin, eta Italian porturatu da 'Alex' ontzia

Mediterranea GKEaren belaontziak «osasun arazoak» argudiatu ditu Lampedusa uhartean baimenik gabe sartzeko; 54 migratzaile salbatu ditu. 'Alan Kurdi' itsasontziak irla horretarako bidea hartu du

Alex ontzia Lampedusan porturatu berritan, atzo arratsaldean. 41 migratzaile zeramatzan. ELIO DESIDERIO / EFE.
ander perez zala
2019ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Matteo Salvini Italiako Barne ministroaren debekuari aurre egiten dion bigarren ontzia da astebete eskaseko epean: Mediterranea gobernuz kanpoko erakundearen (GKE) Alex belaontzia Lampedusa uhartean porturatu zen atzo arratsaldean, nahiz eta jakin bazekiten ez zutela hori egiteko baimenik. «Osasun eta higiene arazo jasanezinak» argudiatuta, ontzi horretako eskifaiak Salviniri jaramonik ez egitea erabaki zuen, eta Lampedusa uhartean porturatu ziren, «portu seguru bakarrean». Iragan ostegunean, 54 migratzaile salbatu zituzten Mediterraneoan, eta, horietako hamahiru orduan bertan ebakuatu zituzten arren, gainontzeko 41ak ontzian geratu ziren, soilik hemezortzi pertsonarentzako tokia duten arren.

Maltak herenegun goizean eman zion Mediterranearen ontziari uhartean lehorreratzeko baimena, baina GKEak erantzun zuen itsasontzia ez zela herrialde horretara iristeko gai, «ontziaren ezaugarriengatik eta hango pertsonen egoera psikologiko eta fisikoarengatik». Belaontziak hogei metroko luzera du, eta, argazkietan ikus daitekeenez, migratzaileak ontziaren bizkarrean etzanda egon ziren Lampedusara iritsi arte, mantak soinean zituztela eguzkitik babesteko; uhartean zain zituzten hainbat polizia eta Gurutze Gorriko langileak, baina ezin izan zuten lehorreratu. Mediterraneako Alessandra Sciurba argi mintzatu zen orduan: «Ez genuen beste aukerarik. Nekatuta gaude, baina pozik toki seguru batean utzi ditugulako».

Ikusteko dago orain Italiako Gobernuak zer erabaki hartuko duen. Alex-en armadore Alessandro Metz datozen egunei begira jarri zen, Twitter sare sozialaren bidez: «Premiak behartu gaitu errazak ez diren erabaki batzuk hartzera. Horien ardura hartzen dugu». Salvinik Italian porturatzeko debekua ezarria die GKEei, eta 50.000 euroko isunak jaso ditzakete hori egiten dutenek. «Sinestezina da Maltara joan nahi ez izatea. Hara joaten ez badira, beste desobedientzia, indarkeria eta pirateria ekintza bat izango da», ohartarazi zuen Italiako Barne ministroak atzo goizean.

Carola Rackete izan zen Salviniren debekuari aurre egin zion lehen kapitaina, iragan astean.Sea Watch 3 itsasontziak 40 migratzaile erreskatatu zituen Mediterraneoan, eta, bi aste noraezean igaro ostean, Racketek erabaki zuen Lampedusan porturatzea. Berehala atxilotu zuten, eta iragan asteartean utzi zuten aske; epaileak atzera bota zuen «gerraontzi batekin erresistentziaz eta indarkeriaz» jokatzearen delitua. Sea Watch 3-ren kapitainaezkutuan dago harrez geroztik, jaso dituen «mehatxuengatik».

Italiako La Reppublica egunkariak Racketeri egindako elkarrizketa bat publikatu zuen atzo, eta kapitainak han dio Italiako Barne ministroa «arrazista arriskutsu bat» dela. «Egin dudana berriz egingo nuke. Espero dut agintariek jarrera bera ez izatea».

Hirugarren barkua, zain

Alemaniako Sea-Eye GKEaren Alan Kurdi itsasontzia Lampedusaren parean zegoen oraindik atzo, baina arratsalde aldera jakinarazi zuen Italiako uretan sartzeko erabakia hartu zuela.

Lerro hauek idazterako, ontzia Lampedusa uhartera bidean zen; 65 migratzaile erreskatatu zituen iragan astean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.