Garikoitz Goikoetxea.
Koronabirusa. ANALISIA

Eskolarik gabe, euskararik gabe

2020ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Eskolaren hutsuneak eta iritsezinak nabarmentzen dira maiz: ez dela gai ikasle askoren gutxieneko euskara gaitasuna ziurtatzeko —azken urteetako ikerketek atzerapausoa erakutsi dute—, euskal kulturaren transmisioan arazoak daudela, erdararako joera dutela ikasleek eta irakasleek... Badira hutsuneak, baina aitortzekoa da eskolak zer ekarpen egiten dion euskararen indarberritzeari: euskara ikasteko lekua ez ezik, erabiltzeko eremu bakarretakoa da milaka ikaslerentzat. Panorama zaila ekarri du itxialdiak: irailera arte behintzat ez dira eskolara bueltatuko ikasle gehienak, eta udaleku asko airean daude. Hots, arrisku handia dago ikasle askok sei hilabetean euskarazko ahozko harremanik apenas izateko. Galera handia da.

Euskal Herriko ikasle gehienek jasotzen dute euskarazko eskola, eta hortik ari da hazten euskararen ezagutza —25 urtetik beherako euskal herritar gehienek badakite euskaraz—. Erabileran ere eskola da erreferentzia: euskaraz gehien egiten den esparrua da. Arrue ikerketak aztertua du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola umeen hizkuntza erabilera, eta argia da joera. Hara Lehen Hezkuntzako laugarren mailako ikasleen erabilera: eskolan, %59—ikasleen arteko erlazioak barne; irakasleekikoak bakarrik hartuta, %80—; eskolaz kanpoko ekintzetan, %41; etxean, %29; lagunekin txatean, %27; eta komunikabide eta kultur kontsumoan, %18.

Hain justu, gaztetxoek euskaraz gehien egiten duten eremuak geratu dira egunerokotik kanpo, eta errealitate bat agerian jarri da inoiz baino argiago: ezinbestean eragin behar dela irakaskuntzatik kanpoko esparruetan, eskola ez dadin uhartea izan. Itxialdiak erakutsi du, adibidez, ikus-entzunezkoetan zer hutsune daukan euskarak: kontsumoa nabarmen ugaritu da etxealdiarekin, baina zer hizkuntzatako edukietara jo dute milaka euskaldunek?

Ikusita sei hilabeteko etenak nola eragin dezakeen gaztetxoen erabileran eta gaitasunean —erabilerarik ezak gaitasunari eragiten baitio—, egitasmo interesgarria jarri dute martxan Bilbo inguruan: boluntario sare bat osatu dute, eta etxekide erdaldunak dituzten umeekin solasaldiak egiten dituzte euskaraz. Mintzalagunaren gisako planteamendua du oinarrian: euskaraz eroso moldatzen denak laguntza ematen dio ikasten ari denari, erabileraren bidez —erabilerak gaitasunari eragiten baitio—. Arrakasta izan du: guraso erdaldunak dituzten 450 ume ari dira parte hartzen.

Momentuko urgentziari aterabidea ematetik harago, bide interesgarriak ireki ditzake martxan jarritako ildoak. Batetik, umeei eta gaztetxoei begira, euskararekiko irudia aldatzeko: erabat eskolari eta irakasleei lotuta ikusten dute euskara milaka ikaslek, ikastetxetik kanpo ez baitaukate euskararik inguruan. Alde horretatik, abiapuntu egokia da elkarrizketa informalagoak euskaraz izateko aukera edukitzea irakasleak ez diren beste heldu batzuekin, eta bereziki ahozko erabilera lantzea. Eskolaren osagarri egokia da. Horrekin batera, oinarria jar dezake euskarazko sareak eta erlazioak bultzatzeko, sakabanatutako euskaldunak elkartzeko.

Bestetik, guraso erdaldunen rolari dagokionez da interesgarria egitasmoa. Erronka bat izan ohi da aita-ama horiekin: badaukate interesa seme-alabek euskara ikas dezaten, euskarazko eskolara bidaltzen dituzte, baina ez dute kezka bera erabilerarekin. Eskutik lotuta doaz, ordea, gaitasuna eta erabilera, eta ezinbestekoa da gurasoei hori ikusaraztea.

Hainbeste aipatzen den aktibazioa lortu dute Bilbo aldeko egitasmoarekin: euskaltzale boluntarioen sarea osatu dute, guraso erdaldun ugarirengana iritsi dira, eskolaz haragoko eremu bati heldu diote. Eta erabilera dute ardatz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.