Bi gizon atzeman dituzte sexu eraso bat dela eta

Emakume batek egin du salaketa, Barakaldon: substantzia bat edanarazi eta sexu eraso bat egin ziotela. Udala akusazio izango da auzibidean

Talde feministek elkarretaratze bat antolatu zuten atzo iluntzean Barakaldon. SINADURA / AGENTZIA.
Erredakzioa
Bilbo
2019ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu zituen atzo goizean, sexu eraso bati buruzko salaketaren harira. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, emakumeak herenegun goizean jarri zuen salaketa, adierazita gizonezko batzuek eraso egin ziotela astelehen gauean, Barakaldoko (Bizkaia) etxebizitza batean. 19 eta 20 urte dituzte atxilotutako gizonek.

Logelak alokatuta dituen etxebizitza batean gertatu zen erasoa. Emakume hori eta haren bikotekidea bizi dira geletako batean, eta bi atxilotuak bestean. Salaketaren arabera, elkarrekin egon ziren gauean, eta, halako batean, erasotzaileek substantziaren bat bota zuten emakumearen edarira eta haren bikotekidearenera, haiek lo hartzeko. Abagune hori erabili zuten emakumeari eraso egiteko. Ertzaintzak herenegun gauean hasi zuen ikerketa, eta miaketa bat egin zuten etxebizitza horretan, frogak jasotzeko.

Eraso salaketa horren harira, Barakaldoko Udalak akusazio partikular gisa aurkeztea erabaki du, Clara Campoamor elkartearekin batera. Adierazpen instituzional bat ere egin du udalak, eta «nazkagarritzat» jo du erasoa. Mugimendu feministak elkarretaratze bat antolatu zuen atzo arratsaldean, Herriko Plazan.

Argitan elkarteak ohartarazi du tratu txarrak eta indarkeria matxista emakumeek «gizarteko gune guztietan bizi duten diskriminazioaren» ondorio direla. Adierazi dute Bizkaian zortzi salaketa egiten dituztela egunean, indarkeria matxista fisikoagatik eta psikologikoagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.