EH Bilduk ere ez die trabarik jarriko aurrekontuei

Erredakzioa
Donostia
2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Atzo amaitu zen Espainiako aurrekontuei osoko zuzenketak aurkezteko epea, eta, lehendik EAJk egin bezala, Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuko EH Bilduko bozeramaileak ere jakinarazi zuen ez dietela osoko zuzenketarik jarriko aurrekontuei. Herenegun Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun ministroarekin izandako bileran ere berretsi zutenez, Espainiako Gobernuaren «jarrera proaktiboa» sumatu du EH Bilduk, eta koalizio subiranistak mahai gainean jarritako neurri sozial eta ekonomikoak aintzat hartu ditu gobernuak, Aizpuruaren arabera. Elkarrizketekin segitzeko jarrera dute bi aldeek, eta EH Bilduko kongresuko bozeramaileak uste du norabide egokian doazela. Horregatik ebatzi dute osoko zuzenketarik ez aurkeztea, «aurrekontu aurrerakoietan isla izango duten konfiantzarekin».

«Ez dira aurrekontu soil batzuk. Legegintzaldi honetako eta hurrengo urteetako politikaren norabidea daude jokoan uneotan», adierazi zuen atzo Aizpuruak. Nabarmendu zuenez, EH Bilduk harreman egonkorra dauka Espainiako Gobernuarekin eta kongresuan ordezkaritza duten beste alderdiekin, eta negoziazioak orain hasiko direla zehaztu du. Aizpuruak ohartarazi du, dena den, ez diotela gobernuari babesik emango baldin eta Ciudadanosekin elkartzen bada: «Ciudadanos hautatuz gero, ibilbide laburra dauka legealdi honek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.