Erabakitzeko eskubidea. Giza katea

Aurretik ere izan dira saioak

1978an, autodeterminazio eskubidea eskatu zuten askotariko alderdi politikoek. 1990ean, eragile sozialek hartu zuten protagonismoa. 1998tik aurrera, hitza eta erabakia aldarrikatu dituzte.

Bilbon 1992ko urrian autodeterminazioaren alde egin zen manifestazioa. EGUNKARIA.
enekoitz esnaola
2014ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Aurreko 35 urteetan ere izan dira euskal herritarren autodeterminazio edo erabaki eskubidearen aldeko mugimenduak. 1978an, AP eta UCDk salbu, Hegoaldean Aberri Egun bateratura deitu zuten alderdiek —PSOEk barne—, eta, Estatutu Nazionalaz gain, autodeterminazioa eskatu zuten. 200.000 lagun batu ziren lau hiruburuetan.

1990ean, Autodeterminazioaren Aldeko Herri Ekimenaren baitan manifestazio jendetsu bat egin zuten Iruñean, Euskariak eta Herrien Ligak deituta, eta Eusko Legebiltzarrak autodeterminazioaren alde adierazpen bat onartu zuen —aurten ere bai—. 1992ko urriaren 18an, Bilbon, milaka lagunek parte hartu zuten Autodeterminazioaz burujabetza leloko martxan. Bai Independentziari, Herri Eliza 2000, Herrien Liga, Euskaria eta Abertzaleok-ek antolatu zuten. «Gure ordua da», esan zuten. Gizarte zibileko jende ezaguna azaldu zen. Politikariak ere bai; batez ere, HB eta EAkoak.

1998an, eragile politiko, sindikal eta sozialek ereinda, Lizarra-Garazi eratu zen. «Euskal Herriak hitza eta erabakia izan behar ditu», zioten idatzian.

2004an, EAEko Estatutu berriaren egitasmoan erabakitzeko eskubidea jaso zuten. Atzera bota zuen Espainiako Kongresuak. 2008an, berriz, Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin zuen EAEko Galdeketa Legea.

2006an, Ahotsak emakumeen mugimendu plurala sortu, eta «euskal gizarteak erabakitakoa errespetatzeko eta gauzatzeko» eskatu zuten. Urte berean Loiolan EAJk, Batasunak eta PSEk eginiko akordiorako oinarriak zioen euskal herritarrek hartutako erabakiak errespetatu egin behar zituela Espainiako Estatuak, eta proiektu guztiak gauzatu ahalko zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.