Iruditeria osatu nahian

Kartzelaren eta borrokaren kontakizuna ikuspegi feministatik landu dute UEUn, 'Kartzela eta euskal gatazka birpentsatzen. Subjektu feminista baten norabidean' saioan.

Arantza Santesteban eta Oihana Etxebarrieta, herenegun, Eibarren, UEUko Udako Ikastaroan. ANDONI CANELLADA / ARP.
Eibar
2016ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Froga guztiak deuseztatu eta ukatzeko eskualdean isiltasuna baino gehiago egon zen: kartzelak eta hilobiak. Debekatuta dago oroitzea». Frankismo garaian Saturrarango kartzelan (Mutriku, Gipuzkoa) preso egondako emakume baten testigantza da, Debekatuta dago dokumentalean jasoa. Pantailan jarri dute adibide gisa Oihana Etxebarrieta Legrand kazetari eta ikerlariak eta Arantza Santesteban Perez historialari eta euskal preso ohiak Eibarren, UEUren Kartzela eta euskal gatazka birpentsatzen. Subjektu feminista baten norabidean udako ikastaroan. «Emakume horiek iruditeriatik ezabatuta egon dira». Borroka imaginarioen irakurketa feminista izeneko hitzaldia izan da haiena.

Telesforo Monzonek kanta baterako sortutako hitzak jarri dituzte adibide modura: «Zain dago ama, zain aita, zain andre ta lagunak...». «Zergatik imajinatu izan dugu gudariak eta borrokalariak gizon gazteak behar zutela izan?». 1960ko eta 1970eko hamarkadetako erreferentziek sortutako iruditeriari egotzi diote erantzukizuna. Gizon borrokalariek espazio publikoa hartu zuten; emakumeak, berriz, zaintzaile ziren, baita euskararen jagole ere. «Nazio askapenaren borrokaren parte handi batek iruditeria horretatik edan zuen. ETAk ere bai», esan du Etxebarrietak.

Bigarren adibidea: Julio Medemen Euskal pilota dokumentala. Han azaltzen diren 52 elkarrizketatuetatik zortzi besterik ez dira emakumeak. Haietatik zazpi, gainera, biktima modura azaltzen direla dio Etxebarrietak. «Biktima gisa mintzo dira; bakearen aldeko ekintzetan eta proiektuetan ez da emakumerik ageri». Euskal gatazkaren hainbat esparrutan ere iruditeria bera gailentzen dela dio. Kasurako, euskal presoen sakabanaketan.

Hala ere, kontakizun ofizialean arrakalak sortuz joan direlakoan dago Santesteban: «Bereziki, emakumeek hartu dutenean hitza sortu dira pitzadurak, bestelako posizioak eta bizipenak azaleratu baitira. Gatazkaren historia askatu eta beste istorio batzuk agertu dira». Mintzaidearen ideiari adibide bat erantsi dio Etxebarrietak: Barrura begiratzeko leihoak dokumentaleko pasarte bat. Jon kartzelan zegoela, Maika gutunak idazten hasi zitzaion. «Kartzelan nintzela behar nuen maite zaitut eta halako agurrak irakurtzea», kontatzen du Jonek, etxetik. Maikak, ordea, aitortzen dio garai hartan ez zegoela maiteminduta; onartzen du, gainera, Jon kartzelan izandako denboran harekin izandako hiru seme-alaben ondorioz estu ibili zela denbora librea aurkitu ezinik. «Maikak hitz egiten duen aldiro, diskurtso erromantikoa apurtu egiten da. Espetxearen eta gudarien mistika puskatzen du», iritzi dio Etxebarrietak.

Haren esanetan, «emakumeei hitz egiteko askatasuna ematean, gatazkaren alde gordina azaleratzen da. Diskurtsoa ausartagoa da, sentimenduetatik hitz egiten dute». Haize Goikoetxearen kasua jarri dute pantailan; Josu Martinezen Itsasoaren alaba dokumentaleko protagonista da Haize. Mikel Goikoetxea Txapela zuen aita, ETAko militantea —GALek hil zuen—. Sendatu gabeko zauria izan du hori Haizek, eta gutxi hitz egin du amarekin aitari buruz. Aita ezagutzen zuten lagunekin bildu zen dokumentalerako, eta haren irudia eraikitzen hasi zen.

Santestebanek bi urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra bete zuen, eta bost kartzelatan egon zen. Eibarko hitzaldian azaldu du preso zegoen garaian ohartu zela euskal gatazkaren iruditerian pitzadurak daudela. «Pentsatzen zena zen emakumezko euskal presoak serioak eta arduratsuak direla, eta beti politikaz hitz egiten dutela». Santestebanek beharrezkotzat jo du «konplexutasuna» irudikatzea: «Badago kontakizun ofizial bat, baina kontra egiten du kontakizun horren parte direnen bizipenekin. Badaude molde ofizialean kabitzen ez diren istorioak: ahuldadearen ikuspegitik, sexualitatetik, printzipio politikoetatik, ahalduntze ikuspegitik. Ikusten duzunean zure bertsioa ez datorrela bat, zaila da kolektiboaren atxikimendua lortzea».

Gizontasuna kartzelan

Oier Azkarraga Grajalesek ere hartu du parte ikastaroan, Gizontasuna eta kartzela landuz. «Heteropatriarkatuaren beste tresna bat da kartzela sistema, erakunde bat, erakunde total bat. Kartzela barruan genero rolak indartu egiten dira». Uste du euskal gatazkan gizonezkoek hartu dutela protagonismoa, «emakumeen izenak ahaztuta», eta azaldu du bere helburua dela «herri honen borrokan, besteak beste, emakumeen, elbarrien eta zaharren ekarpena aitortzea». Hala, EPPK-ko sei gizon elkarrizketatu ditu Azkarragak; «gudarien iruditeriatik aldentzen direnak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.