Blanca Urgell
LARREPETIT

Iciar Lamaraini, 10 urte geroago

2021eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Elkarrekin bilduta geunden lanean, eta halako batean Pedro sartu zen gelan entzun genezan ETAren oharra. Aspaldiko, Iciar. Hamar urte jada. Bakea eta osasuna opa dizkizut honen bitartez.

«...hura ez zela inoiz gertatu behar, inork ezin du gogoko ukan hura guztia gertatu izana, ezta denboran hainbeste luzatu izana ere». Otegi eta Rodriguezen Aieteko adierazpenak honela ageri ziren atzoko BERRIAn. Hemen telebistarik ez dagoenez, ezta zarata handirik egiterik ere, ez ditut adierazpenak entzun, irakurri baizik. Ene filologo titulua kolokan ipini eta barregarri gelditzeko arriskuagatik ere, postura egingo nuke hitz horiek ez direla testukoak, itzulpenekoak baizik, eta testukoak balira ere, ez direla Otegirenak behintzat. Ziurrenik ezta Rodriguezenak ere.

Ohartu zarete? Ukan ezohikoa da, niretzat behintzat jasoa, Leizarragaren hizkerarena: kazetariarena, agian? Hala ere, hizkuntzaren aldetik atentzioa gehien eman didana hura da, bi aldiz errepikatua, aspaldiko partez inoren idatzi edo hitzetan nekez lekuan kokaturik dakusadana, ororen jaun eta jabe bihurtuz doan hori-ren ordez.

Ha darabiltenek ondo dakitenez (besteek ez hainbeste, apika) hura ez da orokorra, ez eta zaharra ere. Hur-a banatu behar, non (h)a mendebaleko erakuslea bera den (eta artikulu gisa darabilguna: etxe-a) eta hurhurbil eta hurran-ena, mendebaleko hur bera, hurko ere eman duena. Ha txikiegitzat jota-edo, hala indartu zuten gure antzinakoek 3. graduko erakuslea, lehen hain beharrezko zirudiena eta orain galduz goazena.

Norena ere den euskara modu hori, kazetari apainaren, edo adierazpenak itzuli dituenaren edo idatzi zituenarena, hitz ederrak dira. Bai eta Rodriguez edota Otegirenak balira ere. Egia berdaderoa ere bai.

Hura ez zen inoiz gertatu behar. Inork ezin du gogoko ukan hura guztia gertatu izana. Ezta denboran hainbeste luzatu izana ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.