Espainiako Gobernua. Grande-Marlaska eta tortura

Ministro «negazionista»

Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministro izendatu izana kritikatu dute torturaren biktima ugarik. «Beste alde batera begiratzea» leporatu diote, eta ezkor daude ezar ditzakeen politiken inguruan

jon olano
Donostia
2018ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Fernando Grande-Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaile ohi eta Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiko bokala Espainiako Barne ministro izendatu izanak barrenak mugiarazi dizkie torturak jasan dituzten hainbati. Atxiloaldi inkomunikatuaren ostean, haren aurretik igaro ziren euskal herritar asko, eta torturak jasan izana salatu zuten hainbatek. Horien aurrean ezikusiarena egitea leporatzen diote askok, eta hala ebatzi izan du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ere. Horregatik, Grande-Marlaska «jazarlea» izan da euskal herritar askorentzat, eta «negazionista» torturaren aurrean, Elena Beloki ezker abertzaleko kidearen hitzetan.

Eusko Jaurlaritzak iazko abenduan aurkeztu zuen Kriminologiako Euskal Institutuak eta Euskal Herriko Unibertsitateak 1960tik aurrera izandako tortura kasuen inguruan landutako txostena. Erradiografia «beldurgarria» osatu zuen, Egiari Zor fundazioaren hitzetan: 50 urteko epean 4.113 tortura kasu izan ziren Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 3.415 lagunek sufritu zituzten, gutxienez. Horietatik 651, %15,2, emakumeek jasan zituzten. «Estatistiken atzean» ezkutatzen den errealitateari aurpegia eta ahotsa jarri zioten atzo. Horretarako, Emakumea eta tortura. Ikusi ezin diren zauriak izenburupean, mahai inguru bat antolatu zuten, Donostian. Mahaian, lau parte hartzaile, Samara Velte BERRIAko kazetariak gidatuta: Idoia Zabalza, Urtza Alkorta, Elena Beloki eta Amaia Andrieu. Zabalza 1985ean torturatuta hildako Mikel Zabalzaren arreba da; Alkorta 2000. hamarkadan torturatu zuen Ertzaintzak; Beloki, 1992an; eta Andrieu, 1980. hamarkadan, Espainiako Poliziak.

Hain justu, Grande-Marlaska ministro izendatu berritan egin zuten mahai ingurua —atzo egin zuen karguaren zina—, eta gaia derrigor izan zen hizketagai. Kezkatuta agertu ziren lauak: «Izendapena harri bat bezala erori zaio gainean askori. Izan dugun amesgaizto horren aurrean beste alde batera begiratu duten horiek gaurkotasuna dute». Zabalza ezkor azaldu zen aurrera begira: «Badakigu nor den eta pentsa dezakegu zer motatako politikak egingo dituen».

Alkortak ohartarazi zuen «makina bat Grande-Marlaska» daudela, «haien ardura politikoa bete ez, eta beste alde batera begira jarraitzen dutenak». Tortura saihesteko mekanismoez hausnartu zuen Andrieuk: «Egungo lege markoek ez dute eskaintzen berme nahikorik tortura berriro gertatu ez dadin. Horrelako epaile bat Barne Ministerioan egonda, eta espetxe politika bere eskuetan edukita, arazoak egongo dira torturaren praktika saihesteko». Belokik, ordea, uste du bere izendapenak balio dezakeela gaia «kokatzeko»: «Tortura ez da soilik sufritzen duena eta egiten duena; planifikatutako estrategia bat da, eta estrategia horrek kolektibo bat du jomugan, nahiz eta pertsona batzuetan zentratzen den».

Biktima izaeraz gogoetak

Grande-Marlaskaren izendapenaz harago, torturak lauengan utzitako arrastoaz gogoetatu zuten; besteak beste, biktima izaeraz. Alkortari kostatu zitzaion bere burua biktimatzat aitortzea: «Tortura gogorra eta biguna dauzkagu iruditerian, kide askoren argazkiak, ubelduta...». Abokatuari esaten zion «gaizki tratatu» zutela ertzainek, baina tortura hitza ez zuen inola ere erabiltzen. Ariketa bat egin zuen espetxetik irten eta gero: behin eta berriz irakurtzea torturaren definizioa. Jabetzeraino hori zela jasandakoa. Belokik, ordea, ez du gustuko biktima hitzaren definizioa, eta ez du bere burua biktimatzat, «torturatua» izan zela jakin badakien arren. «Tortura ez da auzi indibiduala, kolektiboa baizik. Sistemaz hitz egin behar da».

Andrieuk lehen aldia zuen publikoki hitz egiten torturaz. Epailearen aurretik igarotako pasartea izan zuen gogoan: «Jo naute», esan zion; tortura hitza, aipatu ere ez. Ez zaio gustatzen biktimaren papera, baina «dikotomia batean» bizi da: biktima sentitzen da batzuetan, beste batzuetan ez. Zabalzarentzat, berriz, torturatuak biktimatzat ez hartzea «gertatutako horri uko egitea» da: «Errealitate bat ukatzea da. Praktika horrek helburu zehatz eta antolatu bat izan du».

Nola osatu gorputzean ikusten ez diren orbainak? Guztiak datoz bat: gertatutakoa partekatuz, hori sarri gogorra bada ere. «Gogoeta pertsonala eginez, baina hori partekatuz», Andrieuren hitzetan: «Hausnarketa pertsonalak eta kolektiboak elkar elikatzen dute. Asko balio didate hausnarketa kolektiboek, ez bainaiz bakarrik sentitzen». Baita bere bizimoduarekin jarraitu izanak ere; unibertsitatean lanean, mugimendu feministan militatzen. Mugimendu feministaren ekarpenaz mintzo da Beloki ere: «Erakutsi du, kalean egonda, gertaezina gerta daitekeela, eta mahai gainean jarri ditu hausnartzeko elementu batzuk; esaterako, gure gorputzak konkistatuak izan direla».

Hain zuzen, indarkeria patriarkalaren aldagaia presente izan zuten gaiaz hitz egiterakoan. Andrieuren esanetan, torturan islatzen dira «botere patriarkal guztiak. Modu gordinean islatzen dira indarkeria patriarkalaren ondorioak». Belokiren arabera, polizia etxea eta espetxea «instituzio hierarkikoak dira; beraz, botere harremanak daude, eta mendekotasuna; emakumeen kasuan, sexu indarkeriaren bidez».

Laurek ematen diote garrantzia tortura praktikatu dela aitortzeari, eta, ildo horretan, balioa ematen diote Jaurlaritzaren txostenari. «Funtsezkoa» izan zen Andrieurentzat: «Bermea eman zidan, eta animatu nintzen izena ematera. Mugarri bat izan da, gutxienez agertzen garelako, babes bat eman digulako, eta ez zarelako bakarrik sentitzen; 4.000tik gora daude!». Nahiko luke testigantza gehiago jasotzea, berak ezagutzen baititu torturak jasan eta kontatu ez dutenak, eta Nafarroako argazkia azaleratzea. Alkortarentzat ere oinarrizkoa da aitortza: «Sentitu dut une oro frogatu behar izan dudala torturatua izan naizela». Txostena «mugarri» da Zabalzarentzat ere: «Eraikitzen du torturaren dimentsioa eta garrantzia; agerian uzten ez dela izan gauza bakana».

Bat dator Beloki, baina uste du ez dela nahikoa, gizarteak «beti erne» egon behar duelako: «Oso inportantea da, instituzioetatik aparte mugimendu sozialek betetzen duten rola. Ez dugu justizian sinesten; burujabetzarik gabe, ez dugu tresnarik izango sinesten ez ditugun horiek aldatzeko. 1992an torturatu zuten bera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.