Udal eta foru hauteskundeak. Zerrendak

Andreak, hiru alkategaitik bat

Argitaratu dira udal eta foru bozetako zerrendak. EAJk osatu ditu hautagaitza gehien Bizkaian, PPk Araban, PSE-EEk Gipuzkoan eta EH Bilduk Nafarroan. Lista gehien Bilbon egongo dira

Ima Garrastatxu Durangoko alkatea berriro aurkeztu da EH Bilduren zerrendaburu gisa. Irudian, 2019ko ekainean, aginte makila hartu berritan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
jon olano
2023ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako, Nafarroako Parlamenturako eta lau herrialdeetako udalerri eta kontzejuetarako hauteskundeak egingo dituzte maiatzaren 28an. Alderdi politikoek eta herri plataformek hautagaitzak aurkeztu eta gero, onartutako zerrendak aldizkari ofizialetan argitaratu dira jada. Horrela, hasi da udal mapa kolorea hartzen; udalerri batzuetan badakite zein izango den alkatea, zerrenda bakarra baino ez delako aurkeztu; beste batzuetan, orain arte aurkeztu gabeko zerrendak izango dituzte hauteslekuetan. Eta, herrialdea eta alderdia edozein dela ere, bada datu bat guztiak zeharkatzen dituena: oraindik ere gizonak gehiago dira boto paperen lehen lerroan.

ALKATEGAIAK, GENEROKA
Batez ere, gizonak

2019ko hauteskundeen ondoren udalak osatu eta alkateak aukeratu zituztenean, BERRIAk zenbatu zuen Hego Euskal Herriko lau herritik batean baino ez zutela emakumezko alkate bat. Horretarako, ezinbestekoa da alderdiek, legez zerrenda parekideak osatzeaz harago, zerrenden buruan emakumeak jartzea. Baina 2023ko hautagaitzek aditzera ematen dute aurten ere, gutxixeago bada ere, desorekatua dagoela gizon-emakume alkategaien kopurua eta, beraz, hautatuak izango diren alkateena: hiru zerrendaburutik bi dira gizonak, eta bat emakumea. Joera nahikoa antzekoa da herrialde eta alderdi politiko guztietan: Araban eta Nafarroan —Nafarroaren kasuan, soilik alderdiei erreparatuta—, %37 dira alkategai andreak; portzentajea apalagoa da Bizkaian (%35) eta are txikiagoa Gipuzkoan (%33).

Alderdien artean, berriz, PSE-EE eta PSN dira zerrendaburuak orekatuen dauzkatenak: %42 dira emakumeak. Hortik behera daude EH Bildu (%39), EAJ (%37,5), Geroa Bai (%36), PP (%34) eta UPN (%31).

ARABA
Hiru zerrenda gutxienez

Lehia ziurtatuta dago Arabako udalerri guztietan; denetan, gutxienez hiru zerrenda aurkeztu dituzte. PP izan da gehien osatu dituena: 49 prestatu ditu, EAJk baino bat gehiago, eta PSE-EEk baino bi gehiago. EH Bilduk, berriz, 41, eta Voxek eta Elkarrekin Podemosek, bosna.

BIZKAIA
EAJren nagusitasuna

Bizkaian Euzko Alderdi Jeltzaleak duen nagusitasuna nabari da udaletan aurkeztutako zerrenda kopuruan ere, EAJ baita herri gehienetan egongo den indarra: 112etatik 110etan. EH Bilduk ehun zerrenda osatu ditu herrialdean, eta 85na PSE-EEk eta PPk. Horietatik hirutan ia ziurtzat jo daiteke nor izango den alkatea, Gizaburuagan, Amoroton eta Mendatan zerrenda bakarrak osatu dituztelako; lehen bietan, herri plataformek gobernatuko dute, eta hirugarrenean soilik jeltzaleak aurkeztu dira.

GIPUZKOA
Hamabi alkate erabakita

Gipuzkoan, hamabi udalerritan badakite jada nork aginduko duen, zerrenda bakarra aurkeztu delako. Hernialden, Gaintzan, Araman, Baliarrainen, Abaltzisketan, Leintz-Gatzagan eta Mutiloan, herri plataformek gobernatuko dute; eta gainerako bostetan (Orexan, Orendainen, Lizartzan, Elduainen eta Gaztelun), EH Bilduk. Horretarako, ordea, gutxienez botoen %5 eskuratu beharko dituzte.

Beste zenbait herritan, berriz, biren artean egongo da lehia; zehazki, tokiko plataformaren eta PSE-EEren artean. Sozialisten apustua izan da, oraingoan ere, ahalik eta udalerri gehienetan aurkeztea. Horrek emaitza batzuk eman zizkion orain dela lau urte; herri plataformarik aurkeztu ez, eta Berrobin eta Larraulen lortu zituen alkatetzak, babes eskasa jaso arren. Orain, Berrobi Bizi plataforma osatu dute, eta Larraulen, PSE-EEk EAJ eta PP izango ditu lehiakide.

Gainerakoan, PPren presentziak nabarmen egingo du gora hauteslekuetan; 88 udalerrietatik 45etan jarriko dituzte boto paperak, duela lau urte baino hemeretzi gehiagotan. Gipuzkoan, PPk inoiz izandako gehienak. Haatik, deigarria da hautagaitza horien osaketa; 45 horietatik bost zerrendaburu baino ez dira bizi aurkezten diren udalerrietan, eta, gehienetan, bizitza edota ibilbide politikoa Madrilgo erkidegoan duten kideak jarri dituzte zerrendaburu; besteak beste, Deban, Mutrikun eta Adunan.

NAFARROA
EH Bilduk gehien

Nafarroako tokiko mapak hiru kolore nagusi izango ditu maiatzaren 28an: EH Bilduk 70 zerrenda aurkeztu ditu, eta PSNk eta UPNk 69na. Navarra Suma deseginda, PP ere marka propioarekin itzuliko da udaletara: 33 zerrenda aurkeztu ditu. Geroa Baik, berriz, 21 udaletako bozetan izango dupresentzia, eta Zurekin Nafarroak, hamazazpitan.

Beraz, zerrenda kopuruan behintzat, ia berdinduta ageri dira hiru indarrak. Nafar foralistek 2019an baino hiru herri gehiagotan osatu dituzte hautagaitzak, sozialistek bitan eta subiranistek bostetan. «Inoiz EH Bilduk lortutako daturik handiena. Eta ez da kasualitatea», nabarmendu du koalizioak. Zerrenda horien artean nabarmendu daiteke Tuterakoa, EH Bildu lehenbiziko aldiz aurkeztuko baita Erriberako hirian. Hego Euskal Herri osora begira ere, inoizko hautagaitza gehien aurkeztu ditu (283), eta orain arte heldu ez den beste 11 udalerritan ere EH Bilduren boto paperak edukiko dituzte herritarrek eskura: adibidez, Ispasterren (Bizkaia), Moredan (Araba), Caparroson eta Abaurregainean (Nafarroa).

Gainera, zerrenda bakarra aurkeztuta, udalerri ugaritan finkatua dute nork gobernatuko duen: adibidez, PSNk Arroizen, UPNk Tirapun, Geroa Baik Azuelon eta EH Bilduk Lakuntzan, Bakaikun, Arbizun, Goizuetan, Iturenen eta Agoitzen.

Nafarroako Parlamentuari dagokionez, kopuruan ez dago aldaketarik: 11 izan ziren 2019an eta beste hainbeste izango dira orain. Halere, badira berritasunak, Navarra Sumaren banaketaz eta Zurekin Nafarroaren baturaz harago; lehen aldiz aurkeztu dira Eguzkilore eta Gure Nabarra hautagaitzak.

Espainiako Estatutik kanpo bizi direnek botoa ematea errazago izan dezaten, boto paperak etxera igorriko dizkiete. AEHE atzerrian bizi diren egoiliarren hautesle erroldan dauden 29.804 nafarrek jasoko dituzte boto paperak posta bidez, iaz Espainiako Hauteskunde Legean eginiko aldaketa batek ahalbidetuta. 103 herrialdetan bizi diren nafarrak dira, eta 160 enbaxada edo kontsulatutan eman ahal izango dute botoa. Gehienak Argentinan daude (8.199).

HIRIBURUAK
Iruñean, inoizko gutxien

Hiriburuei erreparatuta, Bilbon egongo dira boto paper gehien. Gasteizen, hamabi zerrenda aurkeztu dituzte; duela lau urte baino bat gehiago. Donostian, 11; azken bozetan baino bat gutxiago. Bilbon, hamahiru (hiru gutxiago). Iruñean zortzi alderdi edo koalizio ariko dira lehian. Datua esanguratsua da: duela lau urte baino lau gutxiago da hori, eta, 40 urtean, inoizko zerrenda kopururik apalena da, 1983ko eta 2007ko datuak berdinduta.

Bilbon, Donostian eta Gasteizen zerrendak aurkeztekoa zen Falange Espainola, baina asmoa baztertu behar izan du. Eskualdeetako Hauteskunde Batzordeek zerrendek zituzten irregulartasun batzuk zuzentzeko eskatu zioten Falangeari, eta, konpondu ez dituztenez, bertan behera utzi dituzte. Ez, ordea, Iruñean; faxistak Nafarroako hiriburuko udalerako bozetan egongo dira.

Hautagaitzarik sonatuena Bilbokoa zen. Han, faxisten hautagaia Carlos Garcia Julia zen, Atochako hilketen egileetako bat. Espainiako trantsizioko eraso latzenetako bat izan zen hura: Madrilgo CCOOren bulegoan bost abokatu hil zituzten, tiroz, 1977ko urtarrilaren 24an.

Bestalde, hiriburuetan badira zerrenda berri batzuk ere; esaterako, Donostian eta Bilbon, Stop aurkeztuko da, eta baita Bizkaiko Batzar Nagusietan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.