urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Sua Udmurtian

2019ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Presidenteak aitortzen du estatuan bizi diren herrien nortasunaren zati direla hizkuntzak, eta konstituzioak onartzen duela hizkuntza horiek ikastea, betiere nabarmenduz horrek «borondatezkoa» izan behar duela. Ezaguna zaigu lelo hori, ezta? Ez gara Espainiaz ari, horratik: «Onartezina da ama hizkuntza ez duen mintzaira bat ikasaraztea pertsona bati, baita errusierazko ordu gutxiago egotea ere. Errusiera da gure herrialde multinazionalaren oskol espirituala. Mundu guztiak ezagutu behar du». Bai, Vladimir Putinek egin zuen errusiera ez beste hizkuntzen aurkako salaketa, duela ia urte bi dagoeneko, eta handik gutxira, iazko udan, futboleko munduko kopa hastear zela, errusiera behartu eta bertako hizkuntzak baztertzen zituen lege bat onartu zuen Dumak: beste hizkuntza ofizialen bat daukaten errepubliketan ere eskolan berezko hizkuntza ez da derrigorrezkoa dagoeneko. 2018ko lege berriarekin, ikasle batek aski du esatea hori ez dela bere hizkuntza, ikasgai horretatik salbuetsita egoteko —hizkuntza hori errusiera izan ezean, bistan da—. Helburua ez omen zen «hizkuntza aniztasuna suntsitzea, aurkakoa baizik, jendeari beren hizkuntzak ikastea ahalbidetzea eta eskubideak babestea». Gogoan Euskaldunon Egunkaria ixtea euskaldunen mesedetan zela esan zutenekoa, ezta?

Uralen erdian eta Volgaren ertzean mosaiko etniko eta kultural aberatsa dago, turkiar eta fino-ugriar jatorriko herri ugariren bizilekua baita. Tartariarrek eutsi diote tinkoen euren nortasunari eta hizkuntzari, besteak beste 90eko hamarkada hasieran independentzia aldarrikatu eta azken unean, Txetxeniako gerraren parekorik gerta ez zedin, Errusia barruan baina estatus berezi batekin egotea onartu zuten arte. Mende laurden iraun duen estatus berezi horrek ere ez zuen lortu errusieraren nagusitasunari aurre egitea. Turkiar jatorriko herrien bazterketa larria da, baina are okerragoa izan ohi da haien auzo fino-ugriarren egoera. Mari-El errepublikan, adibidez. Edo Udmurtian.

Etsi-etsian, tragedia bihurtu da asteon errusiartze horren aurkako ekintza bat. Albert Razin soziologoa, 79 urtekoa, filosofian doktorea eta Humanitateen Institutuko burua, Izhevsk hiriburuko kontseilu nagusiaren aurreko plazara joan zen, eta bere buruari su eman zion asteartean. Handik gutxira hil zen, ospitalean. Udmurteraren aldeko ekintzailea, iazko ekainean hizkuntzak eskolatik kanporatzen zituen legearen aurka sinatu zuten akademikoetako bat izan zen.

Eskuetan bi afixa zituela igo zen plazara Razin: «Ba al dut aberririk?», zioen batek. Besteak, berriz: «Nire hizkuntza bihar galtzen bada, gaur hiltzeko prest naiz», eta lerro horien egilearen izena: Rasul Gamzatov, Dagestango avar hizkuntzan idatzi zuen poeta. Indar handia dauka poemak; pertsona hil hurren da, aldamenean bi lagun bere hizkuntzan, avareraz entzuten dituen arte: «Utziezu esaten nire hizkuntza pobrea dela / ez dadila entzun biltzarreko oholtzatik / baina, nire maitea, niretzat bikaina da (...) / Eta Mahmud, nire oinordekoa ulertzeko/ irakur dezakezu itzulpena? / Ni ote naiz avareraz / idazten eta kantatzen duen azkena? / Maite dut bizitza, planeta osoa / barneko guztia, txoko txikiena/ eta denen gainetik, sobieten lurraldea / hari buruz avar nortasunez kantatu nuen».

«Umeek udmurteraz ikasteko egin zuen borroka» dakar Kommersant-Udmurtia-k, Razinen adiskide bati egindako elkarrizketan: «Heriotzarainoko sakrifizioarekin, Albert Razinek dei egin dio Errusiari eta mundu osoari, udmurteraren hondamendi-egoeran arreta jar dezaten, eta hura salbatzeko neurriak har ditzaten, zaindu eta babesteko neurriak sortzeko. Orain, ezin dugu ez ikusi egiten jarraitu udmurteraren arazoen aurrean, haren heriotzaren aurrean ezaxola».

Europako Kontseiluak kritika egin izan dio Errusiari, azken urteotan errusiera indartzeko eta bertako herri askoren hizkuntza eskubideen aurka hartutako neurriak direla eta. Udmurterak hiztunen ia herena galdu zuen 2002tik 2010era: 463 mila izatetik 324 milara pasatu ziren.

Hiru urte ere ez dira Donostiako Hizkuntza Eskubideen Protokoloa sinatu zela. Europa osoko hizkuntzetako ordezkariak egon ziren. Baina ez denak, asteon Paul Bilbaok gogora ekarri bezala: «Udmurt hizkuntza komunitatearen aldeko bi gizarte eragilek ezin izan zuten jendaurrean adierazi protokoloaren aldeko atxikimendua, jasaten zuten jazarpenarengatik».

Basoko jendea deitzen zieten udmurtei; paganismoa oso errotuta dago, eta ez daukate beste herri batzuen antolakuntza historikorik, ez matxino tradiziorik. Muturreko desobedientzia zibilean, Razinek bere gorputzarekin egin du inperialismo berrituaren aurkako eta bere hizkuntzaren aldeko matxinada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.