Ipar Kivuko gatazka. Liberata Rubumbwa. Ekintzaile kongoarra

«Laguntzarik gabe, M23koek ezingo gintuzten harrapatu»

Giza eskubideen aldeko ekintzailearen esanetan, Ruandak ez ezik Mendebaldeak ere badu erantzukizunik Ipar Kivuko gatazkan.

OSKAR EPELDE.
Oskar Epelde Juldain.
Nairobi
2023ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Urtebete igaro da M23 gerrillak armak hartu eta Rutshuru ekialdeko posizio militarrei eraso egiteari ekin zionetik. Ekainean, Bunagana hartu zuten; hiru hilabeteren ondoren, Rutshuru, Kiwanja, Bwito, Kitshanga; orain, Mushaki... eta Gomako ateetan dago. Borroketatik ihes egin duten milaka herritarretatik bat da Liberata Rubumbwa ekintzailea.

Nola eragin dizue susperraldi honek?

Ni 2022ko urriaren 25ean irten nintzen Rutshurutik, M23 gerrillak Goma eta Rutshuru arteko autobidea moztu zuenean. Bide luzea egin behar izan nuen Gomaraino: Mabenga, Rwindi, Kibirizi, Mweso, Sake... M23 gerrilla Mushakin dago jada, eta desplazatuen kanpamentu batean gaudenontzat izugarria da. Nora joko dugu orain? Zenbat aldiz joango gara ihesi? Psikosia nagusitu da desplazatuen artean, M23koek aurrera egiteak asko kezkatzen gaitu, eta oso urduri gaude. Batzuk Bunaganatik etorri ziren, gero Bwezatik, Kisigaritik, Rugaritik... Nora joango dira?

M23 gerrillak zabaldutako bideoetan, gizonak soilik ageri dira.

Emakumeak bakea eraikitzen du, eta gizonak, berriz, gerra egin. Aspalditik izan da horrela eta kezkatzen gaitu, gure senarrak, lehengusuak, anaiak eta semeak direlako. Bakea lortzeko modu asko daude: ez dituzte zertan armak erabili, elkarrizketaren bidez lor daiteke.

Hala ere, gizon horiek guztiak ez dira kongoarrak, tartean badira gure aberastasunengatik jazartzen zaizkigun ruandarrak ere. Mineralen bila doaz Rubayara. Jakinaren gainean gaude. Badakigu zer nahi duten. Tresna gisa baliatzen dituzte. Kongoarrak direnak ere Ruandak erabiltzen ditu. Gerra gelditzeko eskatzen diegu. Gure mineralak behar badituzte, eser daitezela hitz egiteko, sina ditzatela kontratuak gure gobernuarekin. Baina hau lapurreta hutsa da.

Nazioartetik zer erantzun jaso duzue?

Ruandak harreman onak ditu Europarekin eta Amerika iparraldeko herrialdeekin, eta haiek Kigali baliatzen dute gure aurka egin eta gure aberastasunak eskuratzeko. Kongora etorri eta gure gobernuarekin akordioak sinatu ordez, Ruanda bidaltzen dute lan zikina egitera.

Badaukazu harremanik jaioterrian irauten dutenekin? Badirudi M23koak «zergak» deitzen dituzten zehaztapenetan hasi direla. NBE Nazio Batuen Erakundeko aditu taldeak ere esan du bere txostenetan administrazio paralelo bat sortzen ari direla.

Bai, administrazio bat ezarri dute, baina justiziaren eta bakearen alorreko gaiak epaitzeko bakarrik. Zergak biltzeko postuak ere jarri dituzte: Kalengeran dago bat. Babarrun edo arto zaku bat badakarzu, bost dolar ordaindu behar dituzu. Han daudenak inora ihes egiterik ez dutelako daude han, eta era askotako bortxaketak eta atxiloketak jasaten dituztela diote.

M23 gerrillak hasieran zioen bake akordioa hautsi zelako itzuli zela borrokara. Baina orain dio ruandarrek Ipar Kivun jasaten duten jazarpenagatik dela.

Gezurretan ari da. Gu gure artean bizi gara, eta ez dugu gatazka etnikorik. M23koen benetako helburua mineralen bila joatea da. Ni mwanabwisha naiz, tutsiekin, nandeekin eta hundeekin bizi naiz, eta harreman onak ditugu. Lagun gehiago ditut beste komunitateetan nirean baino. Badakigu 450 tribu garela eta elkarrekin bizi eta herrialdea eraiki behar dugula.

Kongoko hutuek eutsiko diote batasun horri?

Hori lortu beharra dugu, ez baitugu komunitateen arteko gatazkarik. Ezin dugu onartu esatea anaiak askatzera datozela. Tutsiekin bizi gara, eta gaur egun ere badira tutsiak Goman. Ez da egia Ruandako hiztun komunitatea zapalduta dagoela. Benetako arrazoia mineralak dira, eta horregatik jasotzen dute Ruandaren babesa. Haren laguntzarik gabe, M23koek ezingo gintuzten harrapatu. Iparraldeko herrialdeak ere nahastuta daude, Mendebaldekoak. Eta haiei ere eskatzen diegu gerra buka dadila. Egunen batean, gatazkaren biktima nagusiek, Kongoko emakumeek, isurtzen duten odola ordaindu beharko dute, kongoarrei egiten ari direnagatik.

Zer deritzozu Afrika Ekialdeko Komunitateak duen rolari?

Ez dut ikusten rol hori zein den, ez baitut inongo aldaketarik sumatzen. Afrika Ekialdeko Komunitatea erasotzaileei eraso egiteko etorri zen, baina zer egiten dute? Ezer ez. Aitzitik, babesguneak ezartzen dituztela ikusita, badirudi M23 taldeari laguntzera etorri direla. Damu naiz. Guri ez digute laguntzen; indarrik ez dugulako agian? Ni Narobiko prozesuan egon nintzen. Han esan ziguten Afrika Ekialdeko Komunitateko jeneralak talde armatu guztien aurka borrokatzera zetozela, salbuespenik gabe. Hitz egiteko moduagatik bazirudien M23koen aurka egingo zutela lehenik. Baina ez dute ezer egin. Eta damu naiz, Kongoko emakumeok biktimak garelako oraindik ere.

Emakumeen eta giza eskubideen aldeko ekintzailea zarenez gero, zer irtenbide ikusten diozu gatazkari?

Oraintxe izua besterik ez dut sentitzen. Gerra amaitzea nahi dut, Rutshurura itzuli eta han bizi; nekazaria naiz, herritarra, eta herrira itzuli nahi dut. Kongon ere hipokritak badauden arren, uste dut bazunguek [zuriak] hartzen dituztela azken erabakiak, nazioarteko komunitateak. Gerra bukatzea nahi dut: etxera itzuli nahi dut! Itzuli nahi dut!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.