Murgiltzea Katalunian

Murgiltze sistemarako aterki bila

Kataluniako eragileak oso kezkatuta agertu dira %25aren sententziarekin: katalanaren erabilera amiltzen ari da eskolan, eta okerrera egin dezake epaia aplikatuz gero. Murgiltze ereduari buruzko gogoeta sakona eskatu dute.

DANI CODINA.
Maite Asensio Lozano.
Bartzelona
2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Ekaitz ia perfektu baten erdian dago katalanezko eskola: irakastorduen laurdenak gaztelaniaz emateko agindu judiziala garai labainkor batean iritsi da, hain justu, murgiltzearen inguruko eztabaidaren premia agerian geratu denean. «Oso egoera hauskorra da», aitortu du Omniumeko zuzendaritza batzordeko kide eta Som Escola plataformako partaide Marina Gayk. Katalanaren osasunari buruzko kezkak areagotzen ari diren honetan, eta eskolan erabilera apaltzen ari dela ikusita, gaztelaniazko irakaskuntzak pisu handiagoa hartzea latza izan daiteke hizkuntzarentzat. Hartara, murgiltze sistemarako aterki berri bat sortzeko ordua dela nabarmendu du Gayk: «Epaiari nola erantzun pentsatu behar dugu, baina badugu beste arazo handi bat: ez dugu eredua eguneratu».

Kataluniako gizartean asaldura handia eragin du jada %25aren epai gisara ezaguna den ebazpenak. «Epai soil-soilik ideologikoa da, katalana zapaltzeko. Eta min gehien egiten duen tokian egin dute: eskolan», adierazi du Iolanda Segurak, USTECáSTEs hezkuntzako sindikatuaren bozeramaile nazionalak. Izan ere, katalanezko irakaskuntzak eta murgiltze sistemak harrotasun handia piztu izan dute herritarren artean. «Hizkuntza politikaren egitasmo begikoena da: nolabait, katalanak hezkuntzaren eremuan eman ditu aurrerapauso gehien», berretsi du Pere Mayans filologo eta soziolinguistak.

1980ko urteetan jaio zen murgiltze sistema. Diktadura amaitu berritan, Hizkuntzaren Normalizaziorako Legea onartu zuen Kataluniako Generalitateak, eta horren barruan garatu zen katalanezko irakaskuntza. Euskal Herriko administrazioetan ez bezala, hizkuntza eredu bakarra ezarri zen, katalanez. «Eskola bakar bat, herri bakar batentzat; hori zen garai hartako leloa», oroitu du Mayansek. Segurak kohesioa eta integrazioa aipatu ditu ereduaz hitz egitean: «Katalanak izan behar zuen irakats hizkuntza. Batetik, hizkuntza bera babesteko: ezagutza unibertsalizatzea bermatu behar zen. Eta, bestetik, haur guztiei katalana zein gaztelania ikasteko aukera emateko. Elementu integratzaile bat dauka: ikasle guztiei aukera berdinak ematen dizkiegu, jatorrizko hizkuntzaren arabera segregatu gabe». Adostasuna erabatekoa izan zela gogoratu du Gayk: «Estatutik etorritako migratzaileek txalotu zuten beren seme-alabek katalana ikasi ahal izatea: igogailu sozialaren ideiak mamitu zuen kontsentsua». Eta eskubide bat ere badela gaineratu du Mayansek: «Europan aitortua dago bizi zaren lurraldeko hizkuntza ezagutzeko eskubidea».

Hartara, kolpe handia izan zen Kataluniako Auzitegi Nagusiaren epaia iazko abenduan, eta alarma piztu du Espainiako Auzitegi Gorenak Generalitatearen helegitea tramitera onartu ez izanak: irakastorduen %25 gaztelaniaz egin beharko dituzte erkidegoko ikastetxe guztietan. «Bi hizkuntzen irakaskuntza bermatzeko sortugenuen eredua hautsi egin du epaiak», berretsi du Gayk.

«Eraso handia da, baina ez da oraingoa», erantsi du Omniumeko kideak; «Estatutu berriaren aurkako epaian, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak jada esan zuen gaztelania ere izan behar zela irakats hizkuntza, nahiz eta Konstituzioak ez duen halakorik aipatzen. Beraz, epaileak beren funtzioetatik ateratzen ari dira: ez dagokie hezkuntzaz ebaztea, ez delako euren eskumena, eta ez daukatelako arlo horretarako ezagutzarik; zentzugabea da hizkuntzen irakaskuntzan ehunekoak ezartzea». Gizartea hautsi nahi izatea egotzi dio justiziari: «Gure ereduak saihestu nahi duen gatazka haizatzea dute helburu, eta, ahal bada, katalana desagerraraztea».

Anbiguotasuna legeetan

Egoera politikoarekin eta Kataluniako prozesuarekin lotu du auzia Mayansek ere: «Epaile batzuk ohartu ziren politika ere egin zezaketela: aberriaren salbatzaileak dira. Eta hala joan dira sententziak taxutuz, biribiltzen: aldaketa txikiak egiten, azkenean denean eragin arte». Hala ere, filologoak gogora ekarri du aurrez ere murgiltzea auzitan jarri zuela Auzitegi Konstituzionalak. Cròniques negres del català a l'escola (Katalanaren kronika beltzak eskolan) liburuan aztertu du gaia: «1994an, hizkuntza normalizazioaren legearen hezkuntza atalari buruzko epaian, Konstituzionalak jada esan zuen gaztelania ere izan zitekeela irakats hizkuntza. Garai hartan, ordea, itun politiko sendo bat zegoen katalanaren inguruan: alderdien arteko tirabiretatik kanpo utzi zuten hizkuntza; horren froga da epai hura ez zela bete. Baina hura hautsi egin zen Ciutadans agertu zenean: beren-beregi eskolan katalanaren aurka egiteko jaio zen, eta indar politiko batzuen jarrera aldatzea lortu du».

Edonola ere, arlo juridikoan, beste arazo bat du katalanezko irakaskuntzak: hizkuntzaren erabilera anbiguotasun handiz jasota dago legeetan. «1990eko urteetan, LOGSE legearen curriculumak egitean, irakaskuntza normalment katalanez egin behar zela ezarri zen; ez da oso kontzeptu zehatza», esplikatu du Mayansek; «Nolabait ere, oin puntetan ibili dira beti lege testuekin: gauza batzuk onartu dira estatuaren eskakizunak betetzeko, formalitate gisa, baina horiek gauzatzeko asmo handirik gabe. Inork ez baitzuen halakorik eskatzen: eskoletan eta familietan ez da egon horri buruzko eztabaidarik». USTECen aspaldi ari dira eskatzen legez argitzeko, Seguraren hitzetan: «Ondo arautu behar da, ez baitago inon zehaztuta. Gobernuak egin behar lituzke ikastetxeetako hizkuntza proiektuak, tokian tokian malgutasunez aplikatzeko tarte bat utzita».

Beraz, orain ere, %25aren epaia ez aplikatzeko, gobernuak zirrikituren bat aurkitzea espero dute eragileek, eta arautzearen bideak indarra hartu du. Generalitateak ez du argi esan sententzia beteko ez duenik, baina, aldiz, «lege ofentsiba bat» iragarri du murgiltzea «blindatzeko»: Eskola Kontseiluak ere gomendatutako ildotik, «aldaketa normatibo» bat egiteko prozesua abiatuko du. Hala ere, ikusteko dago moldaketa garaiz iristen den: berez, bi hileko epea du sententzia aplikatzeko; gero, Espainiako Gobernuak eska dezake epaia betearazteko. «Madrilen mende gaude. Babesgabe», deitoratu du Gayk.

Mayansek gaineratu du Kataluniako alderdi politikoek Pedro Sanchezen gobernuarekin dauzkaten negoziazioak ez direla beti eraginkorrak, eta auzia harago doala: «Estatuak epaiaren aplikazioa eskatzen ez badu ere, berdin du: epaileek gauzatuarazi dezakete, edo gurasoek eskatuko dute, gai honetan espezializatutako abokatuen bidez». Izan ere, ikastetxeetara lekualda daiteke gatazka orain: Eskola Elebidunaren aldeko Asanbleak lortu du Canet del Mar herriko zentro batean irakastorduen %25 katalanez ematea, eta aholkularitza eskaini die eskaera berdina egin nahi duten familiei. Gayk onartu du badagoela horren inguruko kezka: «Gaztelaniazko irakaskuntza galdegitera animatzeko kontestu bat eratu da, eta salaketa gehiago jarriko dituztela espero da».

2005etik 82 ikastetxetan hartu dira halako neurriak sendiek eskatuta; halere, Generalitateak jakinarazi du oraingoz ez dutela beste eskaerarik jaso %25aren epaia eman zenetik. Agindu judiziala jaso duten horietan, ordea, bete beharrekoak izaten dira ebazpenak, baina eragileek esku hartzea galdegin diote Hezkuntza Departamenduari. Haren eskumenen barruan dago, Seguraren arabera: «Ez dugu nahi sententzia aplikatzea, baina erantzukizun hori ezin da ikastetxeen gain erori. Mundu guztia pentsatzen ari da: 'Ez dadila nire eskolan tokatu, bakarrik geratuko naiz eta'. Gobernuarena da ardura: hark erabakitzen du irakaskuntza zer hizkuntzatan egin behar den, eta hark betearazi behar du».

Beste urrats batean pentsatu du Mayansek: «Nola minimizatuko dugu epaiaren eragina?». Ikastetxe batzuetan indarrean baita jada: «%25 hori nola antolatu aztertu beharko genuke, ahalik eta inpaktu gutxien eduki dezan. 3, 4 edo 5 urteko haurrengan eragin handia izan baitezake, ehunekoak ematen duena baino gehiago: katalana beharrezkoa zen eremu bakarra baldintzatzea dakar».

Katalana, ahul eskoletan

Ezinegon horrek, ordea, badu larrigarri bat: gaztelaniazko irakaskuntza eskoletan sartuko denerako, nahiko zabaldua egongo da jada hizkuntza, eta katalana, berriz, ahulduta. Izan ere, ikasleen eta irakasleen artean hizkuntzaren erabilera amiltzen ari da, Generalitateak berak azaroan ezagutarazitako ikerlan batek agerian utzi duenez. DBHko gaztetxoen artean jaso dituzte datuak, eta orain arte tabu izandakoa azaleratzen ari da pixkanaka. «Nik uste dut bigarren hezkuntzan murgiltzea ez dela sekula aplikatu. Badakigu irakasle batzuk gaztelaniaz aritzen direla. Ez dago inongo hizkuntza proiektutan jasota: informala da, eta zuzendaritzak ez dira ausartzen irizpideak jartzera», adierazi du Segurak. «Leku guztietan» gertatzen dena ikusi du Mayansek: «Irakasleak gelara iristen dira, ikasleak gaztelaniaz mintzatzen zaizkie, eta irakasleek kalean egingo luketena egiten dute: gaztelaniara pasatu. Inertzia bat da, automatismo bat».

Urte luzeetako prozesu bat izan dela berretsi du Gayk: «Bere garaian, murgiltzearen aplikazioan oso zorrotzak ez izatea erabaki zen, hain justu, hausturarik ez eragiteko, baina malgutasuna ez zen kontrolatu». Eragile guztiek nabarmendu dute ikastetxeetan ez dela ikuskaritzarik egiten katalanaren erabilera zaintzeko; eta, hain justu, neurri horixe iragarri du asteon Generalitateak: zentroetako proiektu linguistikoak betetzen direla ziurtatzeko ikuskaritza kanpaina bat abiatuko du. Dena den, joera kezkagarriak antzeman ditu Segurak irakasleen artean: «Errazagoa da katalanaren erabilera lehengoratzea ikasleen artean irakasleen artean baino; erresistentziak jar ditzakete: 'Ezin gaituzte behartu'. Bada, curruculuma betetzean datza».

Edonola ere, horrek guztiak beste tankera bateko hausnarketa eragin dio Gayri: «Herri gisa tranpa egin diogu geure buruari. Murgiltzea akordio handia izan zen, eta arrakasta handia ekarri zuen: urte gutxitan ikusi genuen gaitasun linguistikoak lortzen zirela, eta, aldi berean, eskola kohesio sozialerako espazioa zela. Baina burura igo zitzaigun, eta eredua zaintzeaz ahaztu ginen: eragileok adostasunari heldu genion, administrazioak utzikeriaz jardun zuen, eta eskoletan agertzen ari ziren arazoei ikusezin egin genien. Ondorioa? Ikasleek katalana ikasten dute, baina ez dute erabiltzen, ez eskolan, ez kanpoan. Egoera kritikoa da, herriarentzat eta hizkuntzarentzat».

Izan ere, kezka orokorra da hizkuntzaren ingurukoa: pisua galdu du kalean, baita eremu sinbolikoan ere. «Hizkuntzarekiko estimuan ere atzerapauso bat ikusten dut», dio Segurak; «Lehen, kalatala ikasten zuenak erabili egiten zuen, bazegoen prestigioa ematearen kontzientzia. Gogo horretatik jaio zen murgiltzea. Orain, galdu egin da hori: gaztelania gailentzen da prestigiodun hizkuntza gisa». Mayansek uste du erlaxatu egin direla katalanaren babeserako diskurtsoak, eta %25aren epaiak mezu ezkorra igorriko diela ikasleei: «Sententziak adierazi die berdin diola katalana edo gaztelania erabili. Baina murgiltzearen funtsa da hizkuntza erabilgarria izatea: halakoen bidez antzematen badute katalana alferrekoa dela, zertarako ikasi?».

Eguneratzerako gakoak

Diagnostiko hori ikusita, agerikoa da murgiltze eredua eguneratu egin behar dela. Gayk gogora ekarri du duela ia 40 urte definitu zela: «Dokumentuak eta kontzeptuak desfasatuta daude, abagunea pila bat aldatu delako: globalizazioa, teknologia berriak, migrazioak...». Hasteko, murgiltzea terminoak berak behar du berrikuspen bat: «1980ko urteetako testuinguruan guztiz egokia zen, baina orain, hizkuntza pila bat ditugu: murgiltzea zer den argitu eta ñabartu behar da».

Bat dator Mayans: «Eredua eguneratu behar da, bai, batez ere gure ikasleen ezaugarriak aldatu egin direlako: egun, %25 migrazio prozesuetatik datoz. Ondo egindako murgiltzearen oinarrietako bat da irakasleek ikasleen hizkuntza ezagutzea; hori posiblea zen 80ko urteetan, baina ez orain. Beraz, hizkuntza irakasteko estrategiak perfekzionatu behar ditugu, eskola orain inoiz baino bakartuago dagoelako ikasleak katalanizatzeko lanean».

Filologoak gogora ekarri du katalanezko eskola eta murgiltze sistema ez direla sinonimoak berez: «Ikasle guztiek katalana ezagutzen duten lekuetan ez da murgiltzerik behar: eskolak katalanez ematen dira. Aldiz, ikasturteko lehen egunean 3 urteko gelan ikasleetako batek ere ez badit katalanez ulertzen, murgiltze programen estrategiak erabili beharko ditut, hizkuntza bera ere irakatsi behar diedalako; ondo eginez gero, ia modu naturalean ikasiko dute hizkuntza». Egiteko horri ekitekoan, ezinbestekotzat jo du ikaslearen jatorrizko hizkuntza baloratzea eta aitortzea. Eta kontuan hartzea hizkuntza horren ezaugarriek zer eragin izan dezaketen katalana ikasteko prozesuan: «Adibidez, arabieraz edo gaztelaniaz hitz egiten duten haurrei irakatsi behar zaie katalanaren bokalen sistema; arazoa ez da ez dutela ulertzen, baizik eta haiek bokal gutxiago dituztela, eta, ondorioz, fonema batzuk ez dituztela desberdintzen».

Irakasleentzako trebakuntza egokia galdegin du Mayansek. Segurak, ordea, uste du baliabideak falta direla: «Harrera ikasgeletan murrizketa asko egin dituzte». Katalanez eta gaztelaniaz ez dakiten umeentzako tresna dira gela horiek: arreta berezia jasotzen dute ordu batzuetan zehar, katalana ikas dezaten. «Inbertsio falta endemikoa dugu hezkuntzako adar guztietan», salatu du USTECeko bozeramaileak; «eskola batean harrera gela bat jartzeko beste batetik kentzen dute, baina ez dituzte gehiago ipintzen. Zentro batzuetan premia handia dute, baina ez diete harrera gelarik jartzen; beraz, irakasleak ahal duten moduan moldatu behar dira».

Gayren aburuz, ordea, eztabaida zabal bat ireki behar da. Zailtasunak ikusten dizkio, halere. Batetik, murgiltzearen inguruko adostasuna kolokan ikusten du: «Parlamentuko indar politikoei begira, kontsentsua hautsi egin da». Izan ere, asteazkeneko bilkuran CUPek «irakaskuntza %100ean katalanez» egitearen aldeko mozio bat aurkeztu zuen, eta PSC abstenitu egin zen. «Akordio historikoa apurtu zuten; eskuinarekin lerratu ziren. Amorratzekoa da adostasuna ez dela amaitu eztabaida pedagogiko baten ondoren, baizik eta auzitegien intromisio politikoaren ondorioz». Bestetik, Omniumeko kideak aitortu du hezkuntzako eragileen artean badagoela eztabaidatzeko beldur puntu bat, baina krisia aukera bihurtzera deitu du: «Kontsentsua berreskuratzeko modu bakarra da berreraikitzea, eta orain arte gurekin izan direnak ezin ditugu alboratu: %80aren adostasuna bilatu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.