ETAk Fernando Mujika PSE-EEko kide eta abokatua eta Joseba Pagazaurtundua alderdi sozialistako militante eta Andoaingo (Gipuzkoa) udaltzainburua hil zituenetik 24 eta 17 urte bete dira, eta PSE-EEk omenaldiak egin zizkien atzo Donostian eta Andoainen. Gipuzkoako hiriburuan, lore eskaintza bat egin zuten Polloeko hilerrian; Andoainen ere lore eskaintza egin zuten haren omenez eginiko eskulturaren aurrean.
Pagazaurtunduaren aldekoan, Maider Lainez Andoaingo alkateak eskatu zuen «ETA zuritu gabeko memoria bat» osatzeko: «Ezin dugu ahaztu, aurrera begiratu beharraren argudiopean. Ezingo da memoria kolektibo eta inklusibo bat eraiki batzuk terrorismoa zuritzen tematzen badira». Gaur, leku berean omenduko dute Pagazaurtunduaren senideek.