Rojavan iheslari arabiarrentzako kokaguneak eraikitzen hasi da Erdogan

Kristina Berasain Tristan.
2020ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak iragarri du errefuxiatuentzako kokaguneak eraikitzen hasi dela Rojavan: «Siriako Ras al-Ayn eta Tal Abyaden artean kokaguneak eraikitzeari ekin diogu, non ehunka mila pertsona ezarri ahalko diren, Siria eta Turkia arteko mugak beste milioi bat pertsona aterpetu ditzake».

Ankara Siriako Kurdistanen egiten ari den gerra estrategiaren barruan kokatzen den ekintza da. Turkiak urriaren 9an inbaditu zuen Rojava, eta, honezkero luzeran 130 kilometro eta zabaleran 25 kilometro dituen eremua bereganatu du, Raqqa iparraldetik Al-Hasaka iparraldera. Bonbardaketek 350.000 desplazatu eta errefuxiatu kurdu eragin dituzte, eta orain haiek atzean utzitako herrietan errefuxiatu arabiarrak ezarri nahi dituzte, demografia aldatze aldera. Kurduek «garbiketa etnikoa» salatu dute.

Gerra krimenak

Turkiak Siriako gerrak eragindako 3,7 milioi errefuxiatu jasotzen ditu, gehienak arabiarrak. Erdoganek abenduan jakinarazi zuen horietatik milioi bat «luze gabe» eramango zituela Rojavara. Urriaz geroztik jada 370.000 joan direla jakinarazi zuen agintariak.

Turkiako soldaduak eta mertzenarioak, bien bitartean, kurduen etxeetan sartu dira, sarraskiak egiten. Siria Iparraldeko eta Ekialdeko Administrazio Autonomoak zehaztu du bonbardaketen eta erasoen ondorioz 478 zibil hil eta beste 1.070 zauritu direla. HRW eta Amnesty International erakundeek gerra krimenak salatu dituzte. Turkiako bandera ere jarri dute udal batzuetan.

Ameriketako Estatu Batuak Siriatik erretiratu ostean hartu zuen Turkiak Rojavan sartzeko erabakia. Estatu Islamikoaren aurkako nazioarteko koalizioa zuzentzen zuen Washingtonek, eta SDF Siriako Indar Demokratikoekin batera aritu ziren borrokan. YPG Herriaren Babes Unitateak horren indar nagusia izan da, baina Erdoganentzat «terroristak» dira kurduez osatutako miliziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.