Albistea entzun

Kultur hiriburutzaren uberak

Bost urte atzera, Donostia Europako Kultur Hiriburutzaren proiektuan murgildurik zebilen. Ekitaldiz betetako urtea izan zen 2016a, baina, jardun jakinen gainetik, egitasmoak aurrera begira utziko zuen «legatua» nabarmendu zuten sustatzaileek. Uste dute horren arrasto batzuk suma daitezkeela egun.
Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren logotipoa, olatuekin desegiten, Kontxako hondartzan.
Donostia 2016 Kultur Hiriburutzaren logotipoa, olatuekin desegiten, Kontxako hondartzan. ANDONI CANELLADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2021eko ekainak 26

Dozenaka lagun, hara eta hona, Uda gau bateko ametsa antzezlana emateko prestaketa lanetan. Egunotan orain bost urte, horixe sumatuko zuen ziurrenik Donostiako Kristina Enea parkera bildu zenak. Tanttaka Teatroak 2016ko ekainaren 21ean estreinatu zuen Shakespeareren obraren bere bertsioa, eta hilabetez iluntzero antzeztu zuten 140 aktore eta parte hartzaileek parkean barrena. Donostia 2016 Kultur Hiriburutzarekin batera ekoitzia, urte hartan hirian egindako ehunka ekitaldietako bat izan zen. Ez da berriro egin, baina oraindik sumatzen dira hiriburutzak utzitako beste arrasto batzuk, bai Donostiako kultur eskaintzan eta baita hainbat kultur erakunderen jardunean ere.

Bost urte atzerago, 2011ko ekainean jaso zuen Donostiak Europako Kultur Hiriburu izendapena, «elkarbizitza hobetzeko kulturaren balioa» eta herritarren parte hartze aktiboa ardatzean zituen proiektuarekin. Itsasoa metaforatzat hartu, eta itsasargien zein kaien arabera antolatutako urtebeteko jarduera egitarau zabalak gorpuztu zuen egitasmoa, eta askotariko ekitaldiak egin zituzten hiri osoan. Urtea amaitu baino lehen ere, kontzeptu bat sarri errepikatu zuten instituzioetako ordezkariek: legatua. Izan ere, hiriburutza urteak emango zuena alde batera utzita, ziur agertu ziren etorkizunari begira ere hirian aztarna utziko zuela. Eta ubera hori nolakoa izango zen zehatzago azaltzeko, D2016ko eta erakunde publikoetako ordezkariek agerraldia egin zuten 2017ko maiatzean: hiriburutzak «ereindako ondare bizia» instituzio publikoen esku geratuko zela adierazi zuten, eta, besteak beste, Donostia Kulturak, Etxepare Euskal Institutuak, Tabakalerak, Zinemaldiak eta Aieteko Giza Eskubideen Zentroak kudeatuko zituztela aurrerantzean D2016k legatu gisa utzitako 50etik gora proiektu.

Donostia Kulturak (DK), esaterako, horietako hainbat hartu zituen bere gain. Jaime Otamendi DK-ko zuzendariak azaldu duenez, zenbaiti bere horretan eusten diete egun —martxan segitzen du, adibidez, Antzerkigintza Berriak programak—; beste zenbait tarte jakin batez garatu dira —Other Words-Beste Hitzak egitasmoa, adibidez, bost urtez gauzatu zen—; eta «eraberritu» egin dira beste zenbait: adibidez, Olatu Talka. Herritarren proposamenekin egitaraua osatuta, jaialdia hamar urtez egin zen, eta 2019an bukatutzat jo eta berritzea erabaki zuten. «Pandemia iritsi zen, eta erabaki genuen hainbat programa txiki hartzea». Jaialdiaren harira sortutako Street Art proposamenak jarraipena izan du, adibidez, eta segida eman nahi diete Basoka programako Miramongo kontzertuei ere, besteak beste.

Bertan nahiz atzerrian

Etxepare Euskal Institutuak hiriburutzako lau programari segida emateko ardura hartu zuen. Batetik, D2016rekin batera 2015ean martxan jarritako biri: Itzultzaile Berriak —nazioarteko itzultzaileak euskaraz trebatuz, euskal literatura atzerrian zabaltzea xede duena—, eta Joan-Etorriak —atzerrian egonaldiak eginez artisten lana laguntzea helburu duena—. Eta, bestetik, 2016an abiatutako beste biren lekukoa hartu zuen: Txekhov vs Shakespeare —euskal idazleen eta atzerrikoen arteko gutun trukea oinarri zuena—, eta Europa Transit —hainbat sortzailek Europako lurralde batzuetako gatazkei eginiko erretratuak bildu zituena—. «Lehen bien kasuan, logikak agintzen zuen segida guk ematea», azaldu du Irene Larraza Etxepareko zuzendariak. Bere garaian beste bietan zuzenean parte hartu ez bazuen ere, institutuaren «logikarekin hoberen ezkontzen ziren egitasmoak» zirelako hautatu zituzten. «Bazituzten gauza asko urtero lantzen ditugun beste dinamika batzuen antzekoak».

Larrazak uste du beren eguneroko jardunarekin bat egiten zuten egitasmoak zirela: «egiteko moduak ere oso gureen modukoak ziren, eta emaitza ere lerratzen zen lantzen ditugun egitasmo eta ildoekin». Horiei segida ematean, pandemiak «gauza asko eten» dizkiela azaldu du, «baina beti behin-behinean», batzuk eraldatu edo atzeratu badituzte ere, bertan behera ez uztea izan baita ahalegina. Joan-Etorriak programa urtero egin dute —salbuespen bakarra izan da iaz ez zela bidaiarik egin—. Beste hirurak, berriz, kulturaren sustapenerako institutuaren hiru ildoetako batera «ekarri» dituzte, hain zuzen, beste lurralde batekin urtebetez garatzen duten elkarlanera, «estrategikotzat» dutena. Eskozian Scotland Goes Basque denboraldia egin zuten 2019an; Quebecen ere hasi ziren ildo bera garatzen iaz, nahiz eta pandemiagatik emaitzak atzerapenez ikusiko duen argia; eta Flandria helduko da gero. «Ildo horretan txertatu ditugu Txekhov vs Shakespeare, Europa Transit eta Itzultzaile Berriak, oso emankorrak diren eta gauza ezberdin asko mugi ditzaketen hiru proiektu direlako».

Tabakalerak ere eman die segida 2016aren ingurumarian sortutako hainbat egitasmori, bakarka edo beste erakunde batzuekin elkarlanean. Tartean dira Komisario Berriak —Artium eta Azkuna Zentroarekin gauzatzen duena—, Ikusmira Berriak —ikus-entzunezko lanen garapen eta egonaldietarako programa—, Nest Film Students —Zinemaldiaren barruan egiten dena—, Hirikilabs —kultura digitalaren eta teknologiaren laborategia zena; hiriburutzarekin sortu eta lan eremu gisa txertatu zen Tabakaleran —, eta Hor Konpon —Medialaben eman zaio segida, eta herritarrek, era kolaboratiboan, eguneroko tresnak konpondu eta berrerabiltzeko tailer irekia da—.

Katerin Blasco Tabakalerako Komunikazio zuzendariak gogorarazi du 2016an ikerketa artistikorako egonaldiak ere egin zirela, gizarte gaiak eta artea uztartzen zituzten proiektuak garatzeko, eta, formatu jakin horretan ez bada ere, Tabakalerak antzeko egonaldi-deialdiak egiten dituela oraindik ere, artisten sorkuntza bultzatzeko. «Proiektuez gain, aipatzekoa da D2016ren ikus-entzunezko eta dokumentu artxibategi osoa Medialaben jasota dagoela».

Proiektuez harago

Programa jakinetatik haratago, hiriburutzaren legatu hori hiriko kultur paisaian zertan sumatzen den galdetuta, Otamendik aitortu du ez dela erraza horri «zehatz-mehatz erantzutea». Europako Batzordeak D2016az eginiko ebaluazioa ekarri du gogora, bertan aipatzen zelako hirian lehendik ere «hazi asko ereinda» zeudela. «Adibide oso nabarmena jarrita, esan zuen: 'Kultur hiriburutza ospatu da urtean 2.000 kultur ekitaldi baino gehiago egiten diren hiri batean'. Horrek esan nahi du aurrez ere bazegoela bide luzea eginda. Gero 2016a izan zen; beste 2.000 kultur ekitaldi baino gehiago antolatu ziren, eta horrek utzi zuen apar bat, eta apar hori bere onera etortzen hasi zen gero».

Behin apar hori jaitsita, geratu zen arrastorik; lau nagusiki, Otamendiren iritziz. Lehena: «Niretzat, legatuaren parterik inportanteena izan da elkarlanaren beharra ikusi zela kultur munduan; horren adibide izan da, esaterako, pandemiarekin, Donostian kultur eragile publiko guztiek elkar hartu dugula, pribatuekin ere bai, ahal zen neurrian kulturaren motorrak segitzeko». Bigarren legatua «sortzaileak erdigunean jartzea» izan da, haren ustez: «lagundu egin behar zaiela sortzen segitzeko, azkenean haiek direlako gure kultur ondarea».

Herritarren parte hartzea aipatu du hirugarrenik Otamendik; eta «nazioartekotasuna», azkenik: «Dela Zinemaldiak, edo Jazzaldiak, edo Musika Hamabostaldiak... Donostiak lehendik ere bazituen nazioarteko harremanak, baina horiek sendotu egin dira, eta harremana estua da nazioarteko sareetan kultur hiriburu izan direnekin, izango direnekin edo izan nahi dutenekin».

Elkarlana nabarmendu du Larrazak ere, baina aurrez zituzten lan egiteko moduetan D2016k aldaketa ekarri bainoago, «kointzidentzia» bat gertatu zela uste du, ildo beretik ari zirela lanean aurrez ere: «Hiriburutzak bazuen elkarbizitza sustatzearen helburu edo asmo bat, kultura eta praktika artistikoak horretara bideratzekoa. Eta esango nuke, ez Etxeparerekin bakarrik, baizik eta gu bezalako kultura eta hizkuntza institutuekin zerikusia duen gauza bat dela. Institutuen helburu nagusia zera da, kulturaren bitartez konfiantza eta ulermena eraikitzea herrien eta nazioen artean. Uste dut Etxeparek aurrez bazuela ulermen hori, eta D2016k planteatu zuen lan egiteko modua oso bat zetorrela institutuen eta Etxepareren lan egiteko moduekin».

Blascoren iritziz, «ondare gisa mantentzen diren proiektuen ezaugarriak Tabakaleraren izaeraren oinarrian daude: adibidez, herritarren inplikazioa edo ezberdinen arteko gurutzatzea». Ezaugarriok Medialabeko proiektu askotan, hezkuntza arloak egiten duen lanean eta sortzaileak laguntzeko xedean suma daitezkeela uste du. «Egiteko moldeak, beraz, proiektu jakin batzuetan ez ezik, eguneroko praktiketan eta izaeran bertan islatzen dira».

Herritarren parte hartzeari ere egin dio azpimarra, Hirikilabs-en ildotik: «Ezagutza irekia bultzatzea, teknologiaren demokratizazioa, zuk zeuk egin eta besteekin egin sustatzen zuen egiteko modua zegoen oinarrian, eta oinarri horiek berak dira egun Medialaben funtsean daudenak».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

<b>Finala.</b> 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, BECen. ©A. LOIOLA / FOKU

Txapelketa: zauri edo ukendu

Miren Mujika Telleria

Bilboko Bizkaia pilotalekua izango du azken geltoki Txapelketa Nagusiaren trenak. Ibilbide gorabeheratsua eginda, gaur helduko da hara. Kolpea edo poza izango da gaurko saioa bertsolarientzat, gaur erabakiko baita zein zortzi bertsolari arituko diren Nafarroa Arenako oholtzan.
Jon Sarasua idazlea, atzo, Donostian, <em>Harizko zubiak</em> liburuaren aurkezpenean. ©GORKA RUBIO / FOKU

Hizkuntza lankidetzaren kontrabandoa

Jone Bastida Alzuru

Jon Sarasuak Haitira, Pernambucora, Mexikora eta Tangerrera egindako bidaietako esperientziak eta gogoetak jaso ditu liburu batean: 'Harizko zubiak'. Pamielak atera du

Iñigo Etxezarreta abeslaria <em>Guretzat</em> diskoaren aurkezpenean, atzo, Bilboko Kafe Antzokian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Rockero izandakoen runbak

Olatz Silva Rodrigo

ETS taldeak 'Guretzat' diskoa kaleratu du. Ska eta rock doinuak alde batera utzi, eta beste hainbat musika estilo uztartu dituzte

Gartxot komikigileak sortutako <em>Barruan</em> komikiko irudietako bat. ©GARTXOT / ATARAMIÑE

Kartzelak kolpatutako literatura bat

Iñigo Astiz

2002tik 2017ra bitartean kaleratutako liburu kolektiboetako testu hautaketa bat, Jose Mari Sagardui 'Gatza'-ren memoria liburu bat, eta Gartxoten 'Barruan' komikia kaleratu ditu Ataramiñek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...