ATZEKOZ AURRERA. Elizabeth Duval. Idazlea

«Boterea galtzeko beldurra dago»

Zegokion espazio publikoa beti trans izatearekin lotuta egoteaz nazkatuta, auziaz dakien guztia kontatu du Duvalek bere azken liburuan. Hemendik aitzinera bertze gai batzuez mintzatu nahi du.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2021eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Aurkezpenetik aurkezpenera daramatza azken egunak Elizabeth Duval idazleak (Alcala de Henares, Espainia, 2000). Después de lo Trans (Trans izatearen ondoren) saiakera argitaratu berri du, eta Bilbon, Donostian eta Iruñean izan da egunotan. Gaur, Gasteizko Ignacio Aldekoa kultur etxean izanen da, 18:00etan.

Liburuan diozu «pototaraino» zaudela trans aktibista izateaz. Zer izan nahi duzu hemendik aurrera?

[Barreak] Garai batean izan nintzen aktibista, batez ere nerabezaroan, eta dagoeneko badira urte batzuk bertze gauza batzuk egiten ari naizela: poema bilduma bat, nobela bat... Liburu hau bada modu bat errateko dagoeneko gaiari buruz nekien dena erran dudala, eta horri buruz gehiago ez galdetzeko.

Trans izatea aztertu duzu hainbat alorretatik. Liburua idatzi ondotik, definizio zehatzik lortu al duzu?

Zaila da definizio zehatz bat ematea. Nire bizitzan, eta esperientzia propiotik, niretzat Parisen trans izateak ez du anitzik esan nahi, batez ere bertze batzuek izan dituzten bizitza esperientziekin alderatuta. Horregatik gustatzen zait hain gutxi trans kategoria erabiltzea, trans denek gauza bera pairatuko bagenu bezala, eta arrazak, generoak, klaseak, eta jatorriak inolako eraginik ez balu bezala norbere bizipenetan.

Nondik sortu zaizu liburua idazteko bulkada?

Nazkatuta egote horretatik. Katalunian prozesu independentistaren sententzia atera zenean egondako protestei buruzko poema liburu bat aurkeztu nuen, eta hedabide independentista batek honako titular hau paratu zion elkarrizketari: 'Generoa ez da abolituko'. Haserre nengoen, edozer egiten nuela ere espazio publikoan zegokidan lekua trans izateari bakarrik zegokiolako. Liburu hau ultimatum gisa planteatu dut.

Hainbat filosofo eta pentsalariren diskurtsoa aztertu duzu. Zein dira zuretzat garrantzitsuenak?

Generoari zuzenean loturiko diskurtsoez ari bagara, oso interesgarria iruditzen zait Teresa de Laurretiren eta Judith Butlerren diskurtsoak berreskuratzea.

Trans izatea Veneno telesailean nola irudikatzen den ere aztertu duzu. Erreferenteak falta dira?

Bai, dudarik ez. Eta perfektuak ez diren erreferenteak behar ditugu. Telesailarekin oso kritikoa banaiz ere, egin izana bera eta produkzioan transak egon izana baliagarria da. Esperantza dut transen ikusgarritasuna handituko dela eta gehiago ikusiko ditugula.

Espainiako Kongresua trans legea eztabaidatzen ari da. Nola bizi duzu egoera?

Ezkerreko hainbat sektore, eta bereziki PSOE, transengan ondorio lazgarriak izan ditzaketen diskurtsoak zabaltzen ari dira. Duela hiru urte pentsaezina zen transez mintzatzean erotzat hartzea. Sekulako atzerapausoa da hori. Zilegia da 3/2007 legea aldatu nahi izatea, baina aldaketa horietan diskurtso oso arriskutsuak sar daitezke. Oraingo diskurtsoak duela bortz urte zirenak baino erasokorragoak dira.

Eta kalean nola dago eztabaida?

Bueno, Parisko kaleetan ez da gehiegi eztabaidatzen horretaz. Eta orain egiten ari naizen birara etortzen den jendea ere ez da errealitatearen lagin oso zehatza. Baina nekea nabaritzen dut sare sozialetan dagoen eztabaida polarizatu horrekiko.

Feminismoan ere piztu da eztabaida. Belaunaldi arteko talka da?

Alde batetik, uste dut baietz, badagoela talka hori, batez ere feminismo historiko horretatik sortua, eta urte anitz PSOEren orbitan egon den jendea lider duena. Eta, horretaz gain, urte anitzez kargu politikoak izan dituzten hainbat pertsonaren interes pertsonalak ere badaude. Penagarria iruditzen zait.

Indarkeriaren kontzeptua aipatzen duzu liburuan, eta hori anitzetan lotuta dago trans baztertzaile horien jarduerarekin ere.

Beldurra dago pribilegioak eta aginte postuak galtzeko. Badago, hala ere, espazio publikoan botere posturik ez duen eta diskurtso horietan erortzen den jendea ere. Erreakzio naturala da errezeloz begiratzea berria den zerbaiti. Beldur horrek zaurgarritasuna erakusten du, eta horri erantzuna ematea dagokigu.

Nola?

Adibidez, badago beldur irrazional bat batzuk bultzatzen dituena pentsatzera trans legearen ondorioz gizonezkoak emakumeen komunetan sartuko direla. Beldur hori duen jendearekin eztabaidatu daiteke.

Bertzeekin ez?

Batzuetan, beldur hori gaiztotu egiten da, eta gorroto bihurtu, eta hori da azkenaldian pairatzen ari garena. Askotan ez da beldur edo zalantza kontua: gorroto kontua da. Eta, orduan, elkarrizketa ezinezkoa da.

Uste duzu guneak sortuko direla lasai mintzatzeko?

Esperantza badut, baina ez trans legeaz eztabaida parlamentarioa dagoen bitartean. Aktualitate politikotik kanpo dagoenean, 2022an edo 2023an izan daiteke hori. Horregatik da hain beharrezkoa liburua irakurtzea [barreak].
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.