LAUHAZKA

Sari Nazionalak

Bernardo Atxaga izan zen Espainiako Sari Nazionala irabazi zuen lehen euskal idazlea, <em>Obabakoak</em> (1988) lanarekin.
Bernardo Atxaga izan zen Espainiako Sari Nazionala irabazi zuen lehen euskal idazlea, Obabakoak (1988) lanarekin. FOKU

Juanjo Olasagarre -

2019ko ekainak 9
Behin baino gehiagotan izan dut artikulu hau idazteko asmoa eta behin baino gehiagotan bridatu ditut hatzak egitera noan salaketak argitaratu berri (2017, 2018) ditudan bi liburuei kalte eginen zielako ustetan. Gainera, ez dakit gauza hauek idazleontzat aparte interes handirik izan dezaketen, edo salaketa bera noraino den nartzisismo minduaren ondorio.

Bestalde, kontatzera noana kontatzeko bi aukera zeuden. Bata, izenekin kontatzea; baina hala kontatzeko izen guztiak beharko nituzke eta ez ditut. Bigarrena, egitateak kontatzea. Artikuluaren helburua ez denez tartean ibili den jendea salatzea, baizik eta gauzak zuzentzea, nahiago izan dut izenik gabeko artikulu bat. Eta, bestalde, tonua dramatikoa bada ere, gertatu dena ez da dramatikoegia, baizik eta euskaldunok batzuetan izaten dugun arlotekeriaren seinale. Aspaldiko arlotekeria, susmoa baitut 98tik, gutxienez, gertatzen dela.

Izenburu moduan aurreratuko dizuet oraintxe bertan izango direla euskarazko lau-hiru idazle haien liburuak nork itzuli eta noizko itzuli ezin bilaturik, urduri.

Eta azkenik, gertatu eta gertatzen ari denaren errudunak edo, hobe esanda, arduradunak denok gara, Espainiako Kultura Ministeriotik hasi, Euskaltzaindiatik pasa, eta horrelako tratua onartu dugun idazleona. Neu barne jakina.

Irakurleok, beharbada, jakingo duzue nola funtzionatzen duen Espainiako Ministerioak ematen duen Sari Nazionalak (narratiba, poesia, saioa eta antzerkia).

Artikulua erraztearren narratibakoaren gainean arituko naiz, baina berdintsu gertatzen da beste generoetan. Sari horretako epaimahaiaren izendapena Espainiako Kultura Ministerioak egiten du baina euskal hizkuntzatik nor joango den Euskaltzaindiak proposatzen du. Hasieran banaka, baina, 2010tik-edo, Paritate Legearen ondorioz, bi ordezkari, andrazkoa eta gizonezkoa, proposatu behar ditu genero bakoitzeko, gero ministeritzak horietako bat aukera dezan. Ordezkari horrek narratiba lan bakarra aurkez dezake epaimahaira, hala nola ordezkari katalan zein gailegoak. Gaztelerazko nahi adina lan aurkez ditzakete gainontzeko epaimahaikideek. Bozkatu eta aurreko urtean argitaraturiko narratiba lanik hoberena aukeratzen da.

Halaxe deitu zidan 2004ko maiatzaren bukaerako egun batean Euskaltzaindiak proposatu eta ministerioak izendaturiko urte hartako euskarazko epaimahaiak. «Zure Ezinezko Maletak aukeratu dut sari nazionalera eramateko». Benetan eskertzea baino ez zaizu gelditzen horrelakoetan, nahiz eta ondotik zera etorri: «Itzultzailea bilatu beharko duzu; itzulpenak Sanjuanetarako egon behar du. Apuntatu telefono eta izen hau: Tarsila Peñarrubia, ministerioko langilea».

Gogoan dut bazkalondoa zela eta gogoan dut hurrengo egunean Tarsila Penarrubiak egin zidan errierta, neu nor nintzen galdetu ondoren, nonbait han ez zen ezer ofizialik, azaldu behar izan nion nor nintzen, eta mesfidantzari gain hartu. «A ustedes los vascos no les entiendo, la traducción (beharbada los libros) del gallego y del catalan estan aquí desde febrero».

Itzultzaileak bilatu behar izan nituen, eta horregatik ditu Las Maletas Imposibles-ek lau itzultzaile, horrek sortzen dituen arazoekin.

Ba jakin ezazue, salbu eta idazleak bere lana aurretik itzulita ez badu —gutxik dute, Etxepare, Atxaga, Uribe, Cano kenduta ez zait beste inor bururatzen—, urteto-urtero gertatzen dela, halaxe konfirmatu dut, 2017an aukeratu zuten nobelagileari hilabete eman zitzaion liburua itzultzeko. Itzulpena pagatzen da, baina gaizki eta berandu, ez baitago, esan didatenez, aurreikusirik partida bat horretarako sariaren deialdian.

Badakit hori gertatzearen ardurak partekatuak direla, esan bezala, horrela sari batera aurkezteagatik idazlearena lehenengoa, baina baita ere epaimahaia aukeratzen duenarena, Euskaltzaindairena; izan ere, bere ordezkariak idazleon gainean uzten baitu halako ahalegin eskerga eta epe laburra; eta baita ere ministerioarena, ez baitu kontuan hartzen, katalanezkoak eta gailegozkoak ez bezala, euskarazko nobela batek denbora behar duela itzultzeko.

Afera ez litzateke larria gertatzen den lehengo aldia balitz, baina susmoa dut, esan bezala, badirela hogei urtetik gora horrela gertatzen dela; urtero ez bada, bai askotan. Ez dit balio arakatu dudan gutxian emandako argudioak, ministerioari errua egozteak, Euskaltzaindia eta haren literatura batzordea haien epeen albiziora ibili behar dela argudiatuta. Iruditzen zait urte asko iragan direla, 2004 eta 2017 arteko tartea ere gehiegi litzateke, idazle bati hilabeteko epean narratiba lan baten itzulpena eskatzeko. Ez dakit nola irabazi duten hiru euskarazko lanek!

Ministeroak izendapenak berandu egiten baditu, batzorde hautatzaileak aurre hartu beharko lioke berandutzeari, aukeratua lehenago erabaki eta idazleari jakinarazi itzultzeko prest leudekeen itzultzaile zerrenda batekin batera, izan ere, urteroko lana baldin bada jada izan beharko lukete horretarako prest izango liratekeen itzultzaile zerrenda.

Eta hogei urtetan arazoa ez bada konpondu, kexa formala aurkeztua beharko zukeen Euskaltzaindiak berak, edo Eusko Jaurlaritzak edo dena delakoak.

Eta, hala ere, ez balitz konpondu sarian parte hartzeari uko egin. Hori dena horrela gertatzen dela kontatzen dudanean literatur giroez kanpo hemen etxean zein kanpoan jendea txunditurik gelditzen da. Lotsemangarria da. Lastima!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna