Ingurumena. Luizia Zaldibarren

Dioxina eta furano maila altuak topatu dituzte Zaldibar inguruan

Neurketa otsailaren 9an egin zuten, eta atzo iritsi ziren emaitzak. Osasun Sailak aholkatu du etxeak ahalik eta gutxien egurastea, eta jarduera fisiko handirik ez egitea Zaldibarren, Eibarren eta Ermuan

Zaldibarko zabortegian piztutako sua, otsailaren 9an, neurketa egin zuten egunean. MIGUEL TOÑA / EFE.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, dioxina eta furano maila altuak topatu dituzte Zaldibarko zabortegiaren inguruan, Ermuko Sallabente auzoan jarritako neurgailuan zehazki. Neurketak otsailaren 9an egin ziren, eta laginak Madrilera eraman zituzten aztertzeko. Atzo iritsi ziren emaitzak: leku urbano batean egon ohi den maila baino 40-50 aldiz handiagoa topatu dute.

Osasun sailburu Iñaki Berraondok, Osasun Publikoko zuzendari Juanjo Aurrekoetxeak eta Jesus Ibarluzea adituak lasaitasun mezua eman nahi izan dute: dioxinak soilki epe luzera dira kaltegarriak, gorputzean kantitate handitan metatzen badira; epe laburrean ez dira arriskutsuak, eta nazioarteko osasun erakundeek ez dute ezarri kaltegarria izan daitekeen gehieneko maila bat.

Hala eta guztiz ere, zenbait aholku eman dituzte Eibarko, Ermuko eta Zaldibarko herritarrentzat: etxeak ahalik eta gutxien egurastu, batez ere gauez leihoak itxita eduki, eta kanpoan kirola eta ariketa fisiko gogorrik ez egitea. Hiru herri horietako biztanleak batuta, 46.000 lagun dira inguru horretan bizi direnak.

Osasun Sailak ere neurriak hartuko ditu: beste bi neurgailu jarriko dituzte, beren-beregi dioxinak neurtzeko. Baina, esan dutenez, neurririk eraginkorrena zabortegian dagoen sutea itzaltzea da: izan ere, plastikoak eta kloroa erretzearen ondorioz ari dira aireratzen dioxinak.

Bihar Eibar eta Realaren arteko futbol partida jokatzekoa da, besteak beste. Horren inguruan, Osasun Saileko arduradunek esan dute partida bertan behera uztea ez dela beren eskumena, baina berriro gogorarazi dute ariketa fisiko gogorrik ez egiteko gomendioa. Osasun Saileko arduradunek esan dutenez, gune urbano arrunt batean dioxina kantitate ohikoa 10 eta 40 zentigramo artekoa izaten da metro kubiko bakoitzeko. Zabortegitik gertuen dagoen auzoan 700 zentigramo inguru atzeman dituzte, azaldu dutenez.

«Irregulartasun txikiak»

Atzo iluntzeko premiazko agerraldia baino lehen, Koordinaziorako eta Jarraipenerako Mahai Teknikoak bigarren bilera egin zuen goizean Zaldibarko zabortegian izandako hondamendiaren ondorioak aztertzeko, eta, bilera amaitutakoan, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzako idazkari nagusi Jesus Peñak esan zuen asteburu honetan hasiko direla kaltetutako eremua egonkortzeko lanak. Lan horiek burututa, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran desagertutako langileak bilatzeari ekin ahal izango diote «gutxieneko segurtasunez». Datorren astean izan daiteke hori.

Egonkortu beharreko eremura iristeko sarbidea «praktikan amaiturik» dago, eta, hortaz, laster aukera izango dute hara sartu eta egonkortze lanak egiteko. Teknikariek bi lursail identifikatu dituzte, eta uste dute oso litekeena dela desagertutako langileak bi alderdi horietan egotea. Eremua egonkortu eta gero, hara sartuko dira, eta zuzenean bilatzeari ekin ahal izango diote.

Zona horietako bat da zabortegira sartzeko errepidea, baskula zegoen tokia; Josu Zubiaga Segurtasun sailburuordeak esan duenez, sarbide bat egin behar da hara iristeko, eta, gero, beheko aldean presioa egiten duen hondakin multzoa kendu behar da, segurtasunez lan egin ahal izateko. Beste zona baserrien ondoan dagoena da, eta, Zubiagaren arabera, «are konplikatuagoa» da han aritzea.

Bi alderdi horiek «lehentasunezkoak» dira, teknikariek «susmo sendoak» baitituzte desagertutako bi langileak han daudela. Dena den, iristeko errazagoak diren beste leku batzuetan ere bilatuko dute. Sololuzen eta Beltranen egoteko aukera txikiagoa da, baina, badaezpada ere, horiek ere miatuko dituzte.

Suteari dagokionez, mahai teknikoko kideek azaldu dute «kontrolatuta» dagoela baina ez itzalirik, eta hara iristeko modua topatzea ere «lehentasuntzat» hartu dutela —dioxina datuak jakin aurretik egin dituzte adierazpen horiek—. Litekeena da sarbideak gaur bertan amaiturik egotea, eta, hala balitz, astelehenean ekingo liokete zuzenean sua amatatzeari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.