Hegoaldeko garraio publikoetan maskara erabili beharko da oraino

Espainiako Gobernuak ez ditu neurriak kenduko adituek «kontrakorik erraten ez duteno». Bronkiolitisak gora egin du Baionako ospitalean

Andre bat autobusera sartzen, maskararekin. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko garraio publikoan maskara erabiltzea nahitaezkoa da oraino. Eta hala izanen da hemendik goiti ere. Izan ere, Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak atzo erran zuenez, «adituek kontrakorik erraten ez duten artean» indarrean izanen da neurria. Arnasbideko infekzioak gora doaz egunotan, eta, hortaz, «zaintzaren kultura» mantentzearen alde egin du Dariasek. Gisa berean, adituekin elkarlanean segitu beharra azpimarratu du.

Ipar Euskal Herrian, ordea, ez da gehiago nahitaezkoa maskararen erabilera. Halere, azken egunotan berriz plazaratu da eztabaida. Adituek maskararen erabileraren alde egin dute, baina zehaztu politikariei dagokiela erabakia hartzea. Frantziako Gobernuak oraindik ez du neurria berriz ezartzeko asmorik agertu, nahiz eta François Braun Osasun ministroak erran duen ez duela «dudarik» izanen berriz maskara erabiltzera behartzeko egoerak hala eskatuko balu. Haatik, osasun larrialdia kendu zuten agorrilean, eta, horren ondorioz, zailagoa litzateke Frantziako Gobernuarentzat neurria berriz ezartzea.

Nolanahi ere, ospitaleetako egoera ez da oso ona. Erraterako, Baionako ospitalean bronkiolitis kasuek gora egin dute azken egunetan. Gaitza duten 25 bat haur artatzen ari dira pediatria zerbitzuan, eta ohe kopurua emendatu behar izan dute. Denbora berean, infekzio horrekin batean, COVID-19a eta gripea ere oldarraldian dira. Hiru infekzioak batera hedatzeak kezka piztu die osasun langileei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.