Indarkeria matxistaren biktimen arta integralean sakontzeko ituna egin dute

Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko hirugarren akordioa sinatu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde nagusiek. Lehendakaritzan izenpetu dute, Gasteizen, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria buru zela, ekitaldi instituzional batean. Akordio hori 2001. urtean sinatu zuten lehen aldiz, eta 2009. urtean eguneratu. Horren helburua da tratu txarren eta sexu erasoen biktimen arretan inplikatuta dauden erakundeen arteko koordinazioa, «haiei babes osoa bermatzeko osasunean, segurtasunean, eremu judizialean eta sozialean».
Urkullu lehendakariaz gain, sinatze ekitaldian parte hartu dute Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, Unai Rementeria Bizkaikoak eta Markel Olano Gipuzkoakoak; Gorka Urtaran Eudeleko presidenteak; Manuel Lezertua arartekoak; Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidenteak; Gerardo Lopez Sanchez-Saratxaga Legelarien Euskal Kontseiluko presidenteak; Cosme Naveda Euskal Medikuen Kontseiluko presidenteak; eta Carmen Adan Del Rio EAEko fiskal nagusiak; hura izan da sinatzaileen artean emakume bakarra. Ekitaldian izan dira, halaber, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria.
Indarkeria mota berriak
Urkulluk adierazi duenez, sinatzaileen konpromisoa da «erakundeek indarkeria matxistaren aurka ematen duten erantzuna humanizatzen jarraitzea»; emakume bakoitzak «arreta sistemaren zentroa» izan behar duela erantsi du, «eta ez alderantziz». Duela bi hamarkada baino gehiago sinatutako akordioa «aitzindaria» izan dela azpimarratu du Urkulluk: «Akordio honi esker, erakundeek indarkeriaren biktima diren emakumeei ematen diegun erantzunaren ikuspegi integral batean aurrera egin dugu, eta erabakigarria izan da biktimen arreta eta babesa garrantzi handiko leku batean jartzeko».
Bestalde, Artolazabal sailburuak hirugarren akordioaren beharra defendatu du «azken hamarkadetan izan diren arau eta gizarte aldaketengatik». Adierazi du indarkeria mota batzuek protagonismo handiagoa hartu dutela, eta berriak sortu direla. Sare sozialen garrantzia azpimarratu du atal horri buruz aritzean.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.