Nafarren %97,4k COVID-19aren aurkako antigorputzak dituzte

Nafarroako Gobernuak egindako gizartearen seroprebalentziari buruzko azterketaren arabera, %62 infektatu egin dira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko txertaketa gunea. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
2022ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Batetik, txertoa; bestetik, immunitate naturala. Edo biak aldi berean. Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuak 35 osasun zerbitzutan egindako seroprebalentzia azterketak erakusten duenez, herritarren %97,4k antigorputzak dituzte SARS-CoV-2 birusari aurre egiteko.

Bi antigorputz bilatu dituzte azterketan: batetik, antinukleokapside antigorputzak —birusak infektatu eta immunitate erantzuna islatzen dute—; bestetik, birusak zelulan sartzeko behar duen S proteinari aurre egiteko antiespikula antigorputzak—txertoak eragindako immunitatea islatzen dute—.

Laginaren emaitzak gizarte osora estrapolatuta, ondorioztatu da 18 urtetik gorakoen %92,3k dituztela birusaren S proteinaren aurkako antigorputzak. Era berean, biztanleen %62k dituzte infekzioa pasatu dutela erakusten duten antigorputzak. Bi datuak erlazionatuta, herritar gehien-gehienak immunizatuta daude COVID-19aren aurka: %97,4, zehazki. Soilik %2,6k ez lukete inongo antigorputzik; horiekarrisku handiagoa dute ondorio larriak garatzeko.

Deigarria da, era berean, antigorputzen datuak ez datozela bat diagnostiko kopuruarekin, eta pertsona askok oharkabean pasatu dutela. Azterketaren arabera, infekzioa pasatu duten hamar lagunetik lauk ez zuten diagnostikorik osasun sisteman.

Azterketaren arabera, adin tarte guztietan herritarren erdiek baino gehiagok immunitate bikoitza dute: hots, antigorputzak garatu dituzte infekzioa pasatzeagatik eta txertoa hartzeagatik.

Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariaknabarmendu zuenez, orotara 571.000 nafar txertatuta daude, eta txertoa izan da «erreminta nagusia» COVID-19ari aurre egiteko, «eritasunaren koadro larriak eragotzi dituelako eta horrek arnasa eman diolako osasun sistemari». Indurainen arabera, kalkulatu dute seigarren olatuan txertoek heriotzen %85 eragotzi zituztela.

Jesus Castilla epidemiologoak ondorioztatu zuen nafarren antigorputz kopurua «oso handia» dela. Castillak azaldu zuen antigorputz maila zirkulazioan den birusaren aldaera berriekin erkatu behar dela. Alde horretatik, birusa normaltzat hartzea gomendatu zuen Castillak: «Koronabirusaren infekzioa ez dugu bizitzan behin pasatuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.