Bizkaian atzemandako emakumeak «egoera penagarrian» bizi ziren

Denis Itxasok «putazaleen kontzientziari» dei egin dio, zerbitzu horiek erabiltzeari utz diezaioten eta esplotazioak salatu ditzaten

Guardia Zibila joan den asteko operazioan, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE.
Paulo Ostolaza.
2023ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
«Baldintza erabat penagarrietan» bizi ziren joan den astean Bizkaian desegin zuten gaizkile sarearen biktimak. Hamahiru emakume zeuzkaten bahituta Bilboko Zorrotza auzoko etxe batean, «pilatuta, zikinkeriaren eta janari arrastoen artean». Bainugela bakarra zuten guztientzat; segurtasun kameren sare baten bidez kontrolatzen zituzten; prostituziorako erabiltzen zituzten, eta behartuta zeuden drogak hartzera eta noiznahi bezeroak onartzera. Egunean ordubetez soilik uzten zieten etxetik irteten. Atzo eman zituen xehetasun horiek Denis Itxasok, Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak.


Guardia Zibilak lehengo asteartean askatu zituen emakumeak, Barakaldon, Fruizen eta Bilbon egindako operazio batean. Bahituta zeuzkan sareari hainbat delitu egotzi dizkiote: tartean, emakumeen salerosketa, sexu esplotazioa, kapitalak zuritzea eta atzerriko herritarren eskubideen aurka egitea. Gutxienez 2017. urtetik funtzionatzen zuen sareak, eta zazpi kidek osatzen zuten, sei emakumek eta gizon batek. Guztiak atxilotu dituzte.

Joan den asteko operazioan konfiskatutakoen berri ere eman zuen Itxasok: 35.000 euro eskudirutan, kokaina, marihuana, hainbat sakelako, sildenafilo (Viagra) eta amoxizilina «kantitate handia», eta «ikerketarako baliagarri izan den dokumentazioa». Hainbat kontu korronte, auto eta higiezin ere atxiki dizkiete.

Operazioaren berri emateaz gain, «putazaleei» mintzatu zitzaien Itxaso. Eskatu zien ez egiteko ez ikusiarena prostituzioan gogoz kontra eta bortxaz jarduten dutenen egoera ikustean, haien jarrerak «gizatasuna kentzen baitie emakume horiei»: «Erabiltzaileen kontzientziari dei egin nahi diogu, zerbitzu horiek erabiltzeari utz diezaioten, edo, behintzat, salaketak jar ditzaten jarduera hori sexu esplotazioa izan daitekeela uste dutenean».

Azpimarratu zuen «giza eskubideen urraketarik ilunenetako bat» direla sexu esplotaziorako erabiltzen dituzten pertsonen salerosketa kasuak: «Gure inguruan gertatzen da; gugandik gertu dago, etxe alboko pisuan». Gehitu zuen sexu esklabotzak ezbaian jartzen duela praktikatzen dutenen gizatasuna, eta «zigorrik handiena» merezi duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.