Berretsi dute adikzioak eta buru osasuna lotuta daudela «ziklo kaltegarri batean»

Eusko Jaurlaritzaren Erdu programak arreta eskaintzen die adikzioren bat duten eta zaurgarriak diren pertsonei. Iaz 270 pertsona artatu zituzten. Horietatik 237k droga mendekotasunen bat zuten; hots, %88k. Horrez gainera, %90ek buru osasuneko arazoren bat zuten. Datu horiek kontuan hartuta, sustatzaileek ondorioztatu dute adikzioak eta buru osasuna «erabat» lotuta daudela, sarritan, «ziklo kaltegarri batean». Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren arabera, buru osasuneko arazoak dituztenek «adikzioa sortzen duten substantzietara» jo dezakete haien sintomak tratatzeko. Era berean, substantzia horiek gehiegi hartzeak «osasun mentaleko baldintzak» larriagotu ditzake, edo «berriak garatzen» lagundu.
2022an artatu zituztenen artean, ia erdiak 36 eta 59 urte bitartekoak ziren. Bestalde, %23k 18 eta 25 urte artean zituzten; eta %26k, 26 eta 35 urte bitartean. Melgosak nabarmendu du problematika «adin guztiei» dagokiela: 60 urtetik gorakoak erabiltzaileen %5 izan ziren.
Gizon gehiagorekin egin zuten lan, emakumeekin baino; 238rekin, hain zuzen. Erabiltzaileen %28k alkoholismo arazoak zituzten. Eta %13,7 heroina kontsumitzaileak ziren. Gainerakoek beste adikzio mota batzuk zituzten; besteak beste, kokaina eta kalamua.
Errealitatetik ihes egiteko
Datuek beste ondorio bat ere atera dute argitara: adikzioa etxebizitzarik ez izatearen kausa zuzena izan daiteke. Izan ere, artatutakoetatik 197k ez zuten etxerik, edo etxe kaskarretan bizi ziren. «Kaleko bizi baldintzen ondorioz, baliteke pertsona horiek substantzien erabilerara jotzea, haien egoera bideratzeko modu bat izateko eta aldi baterako haien errealitatetik ihes egiteko», azaldu du Melgosak.
Erdu programaren helburua baliabide guztiak elkarrekin lotzea da; hala nola oinarrizko gizarte zerbitzuak, osasun mentaleko zentroak, Lanbide eta aterpetxeak. Pandemia garaian jarri zuten martxan egitasmoa, mendekotasunaren erronkari aurre egiteko. Eta lau fundazio dira horren parte: Bizkaiko Etorkintza eta Gizakia fundazioak, Arabako Jeiki fundazioa eta Drogen Abusuaren Ikerketa eta Prebentziorako Gipuzkoako elkartea.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.