Osakidetzako mahai sektorialean, «urrats txiki batzuk» aurrerabidean

Negoziazioek ia urtebete egin dute geldirik, baina sindikatuek azaldu dute akordiorako bidean dela osagarrien ordainketaren inguruko eskea

arantxa iraola
2023ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
«Osakidetzak urrats txiki batzuk egin ditu». SATSE, ELA, LAB CCOO eta UGT sindikatuek ohar bat plazaratu zuten atzo, Osakidetzaren mahai sektorialak eman zuena azaltzeko, eta alde positiboak izan direla onartu zuten. Gogoratu zuten negoziazioek ia urtebete zeramatela blokeaturik, eta aspaldi honetan sindikatuek bileretara agertzeari ere utzi ziotela, administrazioaren jarrerarekin haserre. Bi greba egun egin zituzten maiatzean, eta, «negoziatzeko borondatea erakusteko» asmoz, atzo berriro joan ziren mahaira. SATSE, ELA, LAB CCOO eta UGTko ordezkariak joan ziren bilerara; Sindikatu Medikoak herenegun esana zuen ez zela agertuko. Sindikatuon arabera, «aurrerapen txikiak» ikusi dituzte Osakidetzaren partetik %4ko osagarrien ordainketan eta garapen profesionalaren arloan.

Sindikatuek gogoratu dute bilera aurretik esan zutela atzoko bilkurarako «gai ordenak» ez zituela jasotzen haiek azken hilabeteotan mahai gainean jarritako aldarri nagusiak. Horiek horrela, eskatu zuten osagarrien ordainketa negoziatzeko eta garapen profesionalaren arloko azken zirriborroa erretiratzeko. Nabarmendu zuten horiek ezinbestekoak direla negoziazioak «desblokeatzeko». «Aurrerapen horiek ez dira nahikoak, baina badirudi bi gai horiei buruzko negoziaziorako atea ireki duela Osakidetzak», onartu dute sindikatuek.

Uste dute aurrerabide horiek lortzeko erabakigarriak izan direla berriki Osakidetzako langileek egindako «mobilizazioak». Eta gogoratu dute «oinarrizko» gai zenbaitetan ez dela deus egin. Areago, gustatu ez zaizkien mezuak ere entzun dituzte bileran: «Berriz ere planteatu zaigu ordutegi murrizketak eta itxierak ezartzea udan lehen mailako arretan». Halako erabakien atzean osasun sistemaren ezina dagoela uste dute.

Bestalde, ELAk salatu du Arabako Osakidetzako buru osasunaren zerbitzua «desegiteko urrats bat gehiago» egin dela, paziente gerontopsikiatrikoak zentro pribatuetara bideratu dituztelako, eta erizain laguntzaileen kopurua «murriztuko» dutelako, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.