Euskal Herrira etorritako iheslari batzuk Ukrainara itzultzen hasi dira

Eusko Jaurlaritzaren arabera, «ezinezkoa» da jakitea zenbat lagun bueltatu diren. Gerrak 5,4 milioi errefuxiatu eragin ditu dagoeneko

Martxo hasieran, Getxora iritsi ziren ukrainarrak talde bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Otsailaren amaieran hasi zen Ukrainako gerra, eta, ordutik, 3.000 ukrainar baino gehiago etorri dira Euskal Herrira. Orain, gerra hasi eta bi hilabetera, errefuxiatuak pixkanaka hasi dira euren herrialdera itzultzen. Eusko Jaurlaritzak joera hori baieztatu du, baina, BERRIAri adierazi dionez, «ezinezkoa» da jakitea zenbat lagun bueltatu diren Ukrainara.

Azkenaldian, gerra Donbass eskualdean eta Ukraina hego-ekialdean zentratu da gehienbat, eta litekeena da iheslariak erasoalditik kanpo gelditu diren herrietara itzultzea. Jaurlaritzaren ustez, «zentzuzkoa eta normala» da ukrainarrek euren jatorrizko herrietara itzuli nahi izatea, «gehienek» asmo horrekin egin baitzuten ihes.

Nafarroako Gobernuak joan den astean jakinarazi zuenez, 1.200 ukrainar inguru etorri dira Nafarroara. Jaurlaritzak emandako datuen arabera, berriz, Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara 2.000tik gora iritsi dira, eta, horietatik, 422 haur eskolatu dituzte. Horrekin batera, Jaurlaritzak adierazi zuen ez duela espero errefuxiatu olderik iritsiko zenik.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak otsailaren 24an hasi zuen Ukrainaren aurkako gerra, eta dagoeneko ia 5,4 milioi lagunek egin dute ihes herrialdetik, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera. Poloniak hartu ditu Ukrainako errefuxiatu gehien: ia hiru milioi lagun; Errumaniak 810.000 hartu ditu; Errusiak, 656.000; Hungariak, 514.000; Moldaviak, 441.000; Eslovakiak, 368.000; eta Bielorrusiak, 25.000. NBE Nazio Batuen Erakundeak adierazi duenez, gerrak 8,3 milioi iheslari eragin ditzake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.