Iruñeko talde bortxaketako espetxeratu baten zigorra arintzeko eskatuko dute

'Soilik baietz da baietz' legearen interpretazio jakin bati helduta, zenbait sexu erasotzaileren zigorrak arintzen ari dira epaile batzuk

Iruñeko talde bortxaketaren aurkako protesta bat. JESUS DIGES / FOKU.
xabier martin
2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Soilik baietz da baietz legeak 200 boto baino gehiago lortu zituen Espainiako Kongresuan aurten, eta legegintzaldiko gehiengo zabalenetako bati esker onartu zen. Orain, berriz, hautsak harrotzen ari da onarpena ardatz duen legea, zenbait epaile sexu indarkeriagatik espetxeratutako gizon batzuen zigorra arintzen ari baitira. Aldaketa Zigor Kodearen erreforman datza. Legea aldatzeko, Zigor Kodeko zenbait artikulu ere egokitu behar izan zituzten, eta horrek berekin ekarri zuen apalagoak izatea sexu askatasunari lotutako delitu batzuk egiteagatik jar daitezkeen gutxieneko eta gehienezko zigorrak.

Baliteke 2016ko Iruñeko talde bortxaketan parte hartu zuen gizon bati ere mesede egitea laster lege berriak izan dezakeen zulo horrek. Haren abokatu Agustin Martinezek iragarri du helegite bat aurkeztuko duela aringarri hori lortzeko eta bere bezeroaren zigor kartzela arintzeko. Angel Boza hamabost urteko espetxe zigorra betetzen ari da sanferminetako talde bortxaketaren harira, eta, gutxienez, urtebete murriztuko liokete zigorra helegitea aintzat hartuko balute. Gipuzkoako epaitegi batek ere jaso du sexu indarkeriagatik zigortutako gizon bati aringarria aplikatzeko eskaera.

Eraso sexualen biktimentzat segurtasun falta handia dakarren egoera horretan zer egin, hori da orain lehenbailehen erantzun beharreko galdera deserosoa, legearen sustatzaileentzat; hau da, Espainiako Gobernuarentzat eta, zehazki, Irene Montero buru duen Berdintasun Ministerioarentzat. Monterok azaldu du zenbait epaile «legearen interpretazio matxista» egiten ari direla. Beste epaitegi batzuetan, atzera bota dituzte kartzela zigorrak txikitzeko eskaerak. Baina Espainiako justiziaren «joera matxista eta patriarkala» nabarmendu du gertatzen ari denari azalpena emateko.

Montero ministroak esplikatu du Espainiako Auzitegi Gorenak jurisprudentzia ezartzen duenean bukatuko dela zigortuek aringarriak lortzeko aukera legal hori. Luze gabe iristekoa da Gorenaren erabaki hori, baina, bitartean, lege berriaren izpirituarekin bat ez datorren interpretazio jakin baten ondorioz, libre gera daitezke zigortu gehiago.

EAJk esan du legea «ukitu» egin beharko litzatekeela, «epaile guztiak matxistak diren ustean tematu gabe». EH Bilduko legebiltzarkide Oskar Matutek ere ez du baztertu legea doitzeko aukera, «ihesbideak» baldin baditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.